Kontseiluak hizkuntza-politika eragingarriaren beharrizana azpimarratu dau
2010-11-19 14:55 Euskerea berbagaiEuskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak igazko ikasturtean indarrean izan diran hizkuntza-politikak aztertu ditu. Datorren asterako, aurrera begira jarteko asmoagaz jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak eta bertan egoerearen azterketa sakona egingo badau be, batez be azken garaian gertatutakoen inguruko azterketearen barri emon dau.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak igazko ikasturtean indarrean izan diran hizkuntza-politikak aztertu ditu. Datorren asterako, aurrera begira jarteko asmoagaz jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak eta bertan egoerearen azterketa sakona egingo badau be, batez be azken garaian gertatutakoen inguruko azterketearen barri emon dau. Kontseiluko zuzendaritzeak, idazkari nagusi Paul Bilbaogaz batera, egin dabe agerraldia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bide batez, zemendiaren 24an eta 25ean, Iruñeko Planetariumean Euskararen unibertsoak pauso bat harago izenburupean antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia be egin dabe.
'Etorkizunari begiratzeko, ezinbestekoa da oraina eta lehen behar dan moduan aztertzea. Lan hori sakon egin dau Kontseiluak eta jardunaldietan emongo badau argitara be, egoki iruditu jaku joan dan ikasturtean jazotakoen inguruan irakurketa egitea. Hori da, hain zuzen be, prentsaurreko honetan egingo doguna', azaldu dau idazkari nagusiak.
Arlo desbardinetan euskalduntze-prozesuaren inguruan egindakoak aztertu ditu Kontseiluak eta ondorio argi bat atara dau hortik: 'hizkuntza-politika eragingarria martxan jarri behar da', azaldu dau Bilbaok. Administrazinoen arabera, baita sailen arabera be, egoera desbardinak emoten badira be, ondorio orokorrak eta horreei aurre egiteko proposamen zehatzak emon ditu ezagutzera Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian.
'Hizkuntzearen estatusa ez da egokia hizkuntza normalizetako eta hori aldatzen ez dan bitartean, euskerea gitxitua izango da. Kasu askotan plangintzarik ez dago eta dagozanean ez da segimenturik egiten. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko araubidea baztertu egiten da modu sistematikoan', Bilbaok azaldu dauenez.
Instituzinoen arteko deskoordinazino handia dagoala azaldu dau, baita sailen artean eta sektoreen artean be. 'Hezkuntza Sistemeak ez dau lortzen belaunaldi barriak osorik euskalduntzea nahiz eta hori lortzeko zer egin behar dan argi egon profesionalen artean. Hizkuntza-politikak dituan baliabideak ez dira nahikoak eta krisiaren atxakiapean murriztu egin dira. Hizkuntza-politiken planifikazinoak huts egiten dau ez baitira definiduten argi helburuak eta epeak. Ganera, ez dago ebaluazino sistema zorrotz eta independenterik. Hizkuntza-politika desbardinak apliketan dira hizkuntza-komunidadea zatiturik dagoalako arlo administratiboan. Horren eraginez, hizkuntza-komunidadearen berezko bizi-indarra ahuldu egiten da' esan dau Paul Bilbaok.
Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazo dauenez, gauzek holan segidu ezkero, 200 eta 800 urte artean beharko doguz euskerearen ezagutzearen unibertsalizazinora ailegetako. Edo bestela esanda, ez dago euskerea normalizatzerik erritmo honetan segidu ezkero; ondorioz, epe eta helburu zehatzak dituan hizkuntza-politika eragingarria jarri behar da martxan.
Horretarako, honezkero, neurri batzuk apliketea aldarrikatu dau Kontseiluko zuzendaritzeak agerraldian. Lehenik eta behin, urgentzia handiz hizkuntza-politika barri eragingarria martxan jartea. Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen Hezkuntza Sistemaren erreforma atoan, gehiago itxaron barik, egitea. Hirugarren neurri legez, administrazinoaren euskalduntzean trabea egiten daben neurriak kentzea, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoagaz amaitzeko. Bestetik, euskereari jagokon estatusa emoteko beharrezko aldaketa legalak egiten hastea. Arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilera ahalbidetuko daben espazioak euskalduntzea hizkuntza-politikearen ardatz bihurtuz. Diru-baliabideak nabarmen handitzea. Komunikabideetan euskerearen presentzia handitzea eta horren harian neurri zehatz eta eragingarriak hartzea. Eta azkenik, helduen euskalduntzearen izaera estrategikoa onartu, horren arabera jokatu eta dobakotasuna bermatzea.
Amaitzeko, Bilbaok dei egin deutse herritarrei euskeraz biziteko, 'ez dakienak ikasiz eta dakienak erabiliz'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!