Flamenkoaren erritmoari euskerearen doinua batu deutso Badaukat taldeak lehenengo diskoan
2010-11-19 14:34 Musikea'Euskerearen fonetikea, ahoskerea, doinua, flamenkorako aproposak dirala konturatu nintzan eta hor hasi zan proiektu hau mamitzen', azaldu dau Jose Herediak.
Bilbon aurkeztu dau Minus bat lana Getxoko laukoteak. Urtebete inguru behar izan dabe kantak konposatu, letrea idatzi eta diskoa grabetako, 'urduri baina pozik gagoz', aitatu dabe taldekideek. Flamenko doinuak dira nagusi hamaika kantetan, baina bestelako estiloak be badagoz, folk eta pop ingurukoak gehienbat.
Jose Heredia Algortako gitarra jole eta konpositorea da taldearen arimea. Jaiotzez Espainia hegoaldekoa da eta flamenkoa zanetan daroa txikitatik. 'Euskerearen fonetikea, ahoskerea, doinua, flamenkorako aproposak dirala konturatu nintzan eta hor hasi zan proiektu hau mamitzen', azaldu dau Herediak. Hiru abesti sortu ditu berak eta ganerakoak, Leire Lazaren letrak dira. Laza, Badaukat taldeko abeslaria be bada eta azpimarratu dauenez, 'esperientzia polita izan da abestiak sortzeko lanean hastea, inspirazinoa beti ez dala agertzen nahi izaten dan momentuan, horixe ikasi dot'.
Herediaren gitarreari eta Lazaren ahotsari, Monica Vicarioren koruak eta Josu Doncelen gitarrea batu behar jakoz. 'Baliabide gitxigaz gabilz, gitarrak eta ahotsa baino ez eta, horregaitik, badakigu gatxa izango dana merkaduan lekua egitea', Josu Doncelen eretxian. Jose Herediak ganeratu dauenez, 'erronka polita hartu dogu, hasieran pentsetan genduan pobre geratuko zala horren instrumentu gitxi sartuta, baina emoitzeagaz oso gustura gagoz'. Kontuak kontu, estilo barriaren alde egin dabe, flamenkoa eta euskerea buztartuta; 'zeozer berezia sortu dogu behintzat, eta horregaitik jarri deutsagu taldeari Badaukat izena', horra taldekideen azalpena.
Bizitzako sentimenduak, eguneroko jazoerak islatu gura izan ditu Leire Lazak letren bidez. Hamaika abesti daukaz diskoak guztira, baina hasiera baten, hamabi egitea zan asmoa. Horregaitik, Minus bat izena jarri deutsie euren lehenengo lanari.
Flamenkoa euskeraz egitea apustutzat jo dau Jose Herediak eta, orain, publikoaren erantzunaren zain dagoz. 'Geuk jarri dogu ahalegin guztia, ia-ia hutsetik sortu dogu estilo barri bat, geure baliabideakaz baino ez, eta orain subertea behar dogu, musika talde askoren artean lekua egitea gatxa izaten da eta', azpimarratu dau Getxoko laukoteak. Kontzertuak emoten hastea da Badaukat taldearen asmo nagusia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!