Kepa Junkerak 'Herria', euskal musika tradizionalaren trilogia biribiltzeko azken lana munduratu dau Bilbon

Bizkaie! 2010-11-16 14:46   Musikea

Euskal musika tradizionalaren trilogiaren lanaren dimentsinoaz jaubetzeko ondoko datuak gogoangarria dira: hiru diskoetan mundu osoko 49 herrialdetako 280 musikari eta abeslari baino gehiagok parte hartu dabe eta baita hainbat teknikarik (53) eta produktorek (17). Danetara, 74 kantu izan dira, 16 kamera, 15 argazkilari, 38 grabazino-estudio...

Euskal musika tradizionala, euskal kulturea munduan zabaltzeko asmoagaz orain bost bat urte abiatutako proiektua amaitzeko, Etxea (2008) eta Kalea (2009) diskoen ostean, Herria izeneko lana aurkeztu dau gaur Bilbon Kepa Junkera bilbotarrak. Danetara, 23 abestiz osotutako diskoa da Herria; Ederra zira maitea, Boga boga, Hator hator, Markesaren alaba, Egun da Santi Mamiña, Eperrak, Salamankara eta Agur Xiberua lako kantu tradizionalak, sano ezagunak jaso eta modu berezian moldatuta dakarz, sonoridade bereziakaz. New Yorken, Oaklanden, Parisen, Casablancan, Istanbulen, Atenasen, Boisen, San Frantziskon, Los Angelesen, San Antonion, Hawaiin eta Bilbon grabauta dagoz kantuak eta munduko zenbait artista eta musika tresna agiri dira. Danak aitatzeak luze joko leuke baina batzuk azpimarratzearren, tresnen atalean, laud, arabiar gitarrea, Kretako lira, Australiako didjeridooa zein ukelelea eta artisten artean, barriz, besteak beste, New Yorkeko jazz giroko Dave Douglas tronpetistea, Flaco Jimenez, Steve Jordan, Jean Mari Ecay gitarristea, Amuma Says No, Boiseko korua, Glen Velez perkusionistea, Garret Probst ukelele jolea,Taiko Drums of Janet Koike & Kathryn Cabonuc (Taiko tanborrak) eta ahotsetan, Amy Keys eta Brenda Wong Aki lako abeslari handiak.

Kepa Junkerak aurkezpenean adierazo dauenez, 'harro nago egindako beharragaz eta sano pozik trilogian parte hartu daben ia 300 musikari eta abeslariakandik jaso dodan laguntzinoagaitik. Asko ikasi dot eta espero dot munduko artista horreek guztiek be nigandik eta geure kultura musikaletik zeozertxu ikasi izana'.

Kepa Junkerak amesa egia bihurtu deusku. Etxea, Kalea, herria eta... Mundua! Etxe bat munduan, kale bat munduan, herri bat munduan. Ez da hainbeste laugarren zirkulu bat, aurreko hirurek hartzen daben laugarren dimentsino bat baino. Gure kantak munduko horrenbeste ahots eta nortasun desbardinek interpretauta entzuteak sekulako zirrara mundiala eragiten deusku, geure ahotsa, geure sentimendua espazio infinituan islaturik jasotea legez.

Azken buruan, euskal musika tradizionalaren trilogiaren lanaren dimentsinoaz jaubetzeko ondoko datuak gogoangarria dira: hiru diskoetan mundu osoko 49 herrialdetako 280 musikari eta abeslari baino gehiagok parte hartu dabe eta baita hainbat teknikarik (53) eta produktorek (17). Danetara, 74 kantu izan dira, 16 kamera, 15 argazkilari, 38 grabazino-estudio...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu