Euskera Saria emongo da lehenengoz Getxon, Euskal Kulturearen Jardunaldietan
2010-11-15 17:37 Euskerea berbagaiAurtengo nobedadea Euskera Saria, euskerearen erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko zereginetan nabarmendu diran erakunde, alkarte edo personeari emongo jakon saria da.
Argia ereiten lelopean Euskal Kulturearen XII. Jardunaldiek Euskera Saria antolatu dabe lehenengo aldiz, euskerearen erabilerearen aldeko lanaren esker ona egiteko. Urtero legez, Jardunaldiak datorren abenduaren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian datoz, euskerea eta egun euskal kulturan egiten dana getxotarrei erakusteko eta hurreratzeko helburuagaz. 'Horregaz batera euskeraz bizi nahi dabenei aukerak zabaldu nahi deutseguz mota honetako ekimenakaz, izan be, gure udalerrian euskerearen egoerea hobetzen doa eten barik. Gaur egun 10 biztanletatik 3 euskaldunak dira eta 2 ia euskaldunak' nabarmendu dau aurkezpenean gaur Josu Loroñok, Komunikazinoko zinegotziak.
Esangura horretan, aurtengo barritasuna Euskera Saria, euskerearen erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko zereginetan nabarmendu diran erakunde, alkarte edo personeari emongo jakon saria da. Euskerearen gizarte erabilerea babestu edo zabaltzeko nabarmendu diran erakunde edo persona fisiko edo juridikoak proposatu ahal izango dira. 'Saria emoteko kontuan hartuko dira saritutako lan edo jarduerearen kalidadea eta esanahaia eta euskerearen normalizazinoaren alor guztietan egindako ekarpena. Ibilbidea eta jarraitasuna be kontuan hartuko dira' azaldu dau Josu Loroñok.
Saria Getxoko artisau batek, Luis Artolak egindako oroigarria izango da eta hori abenduaren 2an emongo deutsie aukeratuari horretarako antolatutako ekitaldian.
Hautagaiak aurkezteko epea zemendiaren 22ra arte egongo da zabalik eta edozeinek bialdu leike proposamena. Noren alde egiten dan eta zergaitik, zein meritu egin dauen azaldu beharko da proposamenean eta honako helbide honetara bialdu: euskara.zerbitzua@getxo.net. Euskara Zerbitzuak dauen Aholku Batzordeak (burua alkatea da) aukeratuko dau saritutakoa eta ondoren Udalak berretsi beharko dau. Sarituaren izena zemendiaren amaieran emongo da ezagutzera.
Azkenik, Josu Loroñok azpimarratu nahi izan dau 'oso pozik eta harro gagoz Jardunaldiak aurrera eroateko herri ekimena eta ekimen instituzionalaren artean dagoan lankidetzaz eta osogarritasunaz, jarduera asko udalerriko hainbat alkarte eta talderen lanari esker eroango diralako aurrera. Euskereak beti eukiko dau gure babesa'.
Egitaraua
Egitarauari jagokonez, urtero legez gustu eta edade guztientzako jarduera ugari izango dira, eguaztenean, hilak 17, hasi eta datorren hilaren amaierara arte. Horreen artean honakoak izango dira: Getxoko izenak liburuari buruz Mikel Gorrotxategi egileagaz berba egiteko aukerea bi egunetan; Izarren Distira Gala, Pintxo tailerra, Graffiti ikastaroa gazteentzat, Getxo, akordaten naz II dokumentalaren berrestreinaldia; merkatuan kantetan; Bertso Poteoa, Gariren kontzertua, ALBEren Gala eta Getxon Egin II pintxo lehiaketea abenduaren 18an eta 19an, ostalarien eta bezeroen artean euskerea sustatzeko asmoz. Lehiaketara aurkeztu nahi dabenek izena emon beharko dabe zemendiaren 26rako Euskara Zerbitzuan. Aitatutako bi egunetan pintxoa euro batean saldu beharko dabe eta hiru sari banatuko dira; epai-mahaiarena, publikoarena eta hizkuntza-pasaia, txukunena dauen establezimenduarentzat (euskerearen erabilera txukunena.). Izan be, ekimen honen helburua merkatariei euskerea erabiltea gehigarri bat izan daitekeela erakustea da, eta horregaitik hizkuntzea zaintzeko ahaleginetan Euskara Zerbitzuak bere laguntza eskaintzen deutsela, tabernetan be euskerearen erabilerea bultzatzeko.
Iparra Galdu Gabe Jardunaldien balantzea
Iparra Galdu Gabe Jardunaldien balantzeak nahiko datu onak itxi ditu urriaren erditik zemendiaren erdira izan diran jardueretan 2.000 bat lagun izan baitira. Horreetatik 750 bat herritar hurreratu dira Jon Cazenaveren erakusketea ikustera; Otto umeentzako antzerkia 300 ume egon ziran ikusten eta trinkete partida beste 200 lagun. Cazenave txokolatearen dastaketak oso harrera ona izan eban. Ondoren eta Euskal Kulturearen Jardunaldien lehenengo bi ekitaldietan, Trikitixa Jaialdian 250 lagun eta Bertsolarien kanporaketan 400 izan ziran. Orain Jardunaldien gainerako ekitaldiak etorriko dira, eta ikusten danez, 'Getxoko Udalak euskerazko programazinoa eskaintzen dau eten barik urteko sasoi honetan, urrian hasi eta urtea amaitu arte, orduan Olentzeroaren inguruko ospakizunak helduko baitira' amaitu dau Loroñok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!