Uxue Alberdi: Ez gara gu izango ‘hau literaturea da eta beste hori ez’ erabagiko dogunak

Koldo Isusi Zuazo 2010-11-15 10:46   Barriketan
Euskal idazle eta bertsolaria, kazetaritzan lizentziatua

Oraintsu aurkeztu dabe Uxue Alberdik eta Oier Guillanek Euskal Idazleen Elkartearen ekinbidez datorren Hitzen Uberan, literaturea Sarean eta modu integralean lantzeko ataria, sortzaileen topagune eta alkartrukerako gunea. Ondoko lerroetan Uxue Alberdik emongo deuskuz proiektu jaiobarriaren gaineko zehetasunak.

Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984ko martiak 18) euskal idazle eta bertsolaria da, kazetaritzan lizentziatua. Eretxi artikuluak idatzi izan ditu hainbat hedabidetan, eta Argia astekarian alkarrizketatzaile da. Bertsolari saritua da: 2006an Xenpelar Saria irabazi eban eta urte bi geroago, 2008an, bertsolari gazteen Osinalde Saria. Orain arte liburu bi plazaratu ditu: Aulki bat elurretan (2007, Elkar), Igartza Sariaren irabazlea eta Aulki jokoa (2009, Elkar).


1.- Euskal Idazleen Elkarteak Hitzen Uberan proiektua jarri dau martxan euskal literaturea modu integralean lantzeko preminea ikusita. Azaldu zeinke hori zehatzago?

Oier Guillanek eta biok Euskal literaturea modu integralean jorratuko eban hedabide baten preminea ikusten genduan, eta EIEri gure proiektua azaldu geuntsanean gogo onez hartu eben, euren proiektuagaz eta erronka barriakaz erabat buztargarri ikusten ebelako eta erronka interesgarritzat eukelako literatuera ikuspegi zabaletik lantzea. Euskal Herri osoan eragile asko dabilz literatureagaz lanean: irakurle-klubetan, literatur-asteetan, zuzeneko emonaldietan, argitaletxeetan, eta norbere etxean: irakurten, idazten, musikarientzako letragintzan, antzezlanak preparetan... Horreentzat guztientzat tresna, baliabide eta alkargune izan nahi dau Hitzen Uberanek: sortzaileen artean zubiak eregiz, sorkuntzarako lekua emonez eta erakusleihoa sortuz, albisteak, erreportajeak eta alkarrizketak eginez, irakurleak kontuan hartuz... Horregaitik da hain garrantzitsua Hitzen Uberaneko komunidadea: kofradia. Bertan erregistratuek albisteak sortu ahal izango ditue, agendan hitzorduan sortu, nahi daben gaien inguruan eztabaidatu, bideoak, argazkiak nahiz sormen lanak igon, euren artea ezagutu... Oier eta biok eduki-sortzaile izango gara, baina baita akuilatzaile be, izan be, Hitzen Uberanek danon parte-hartzeagaz hartuko dau indarra eta benetako zentzua: erabiltzaileek definiduko dabe ataria.


2.- Sortzaileen alkartrukerako guneak sortzeko apustua ez da oraingoa baina Hitzen Uberan aitatu asmo horretan beste pausu bat al da?

Beste bide bat da, eta erabiltzaileen esku egongo da alor hau gehiago edo gitxiago garatu. Martxan jarri dogun asmoetako bat web orria egunero ilustratzaileek eta argazkilariek eta idazleek sorturiko pieza bategaz edegitearena da. Hainbat ilustratzaile eta argazkilariren irudiak batzen gabilz eta batutakoak idazleen artean banatzen, eurek irudiak hitzez jantzi daiezan. Asmo hori bururatu jakun zubiak eregiten hasteko, baina beste mila bide posible dagoz. Musikearen eta idazleen artekoa, adibidez, eta aitagarria da Imanol Ubedak eta Jon Minerrek egindako ekarpena hilero poemak musikatuko ditue Hitzen Uberanerako eta, esan barik doa, musikari guztiak dagoz parte-hartzera konbidatuta.


3.- Liburuetan ez eze, literaturea edonon dagoala esan zenduen webgunearen aurkezpenean. Guztiak balio al dau? Ez al dozue intrusismoaren arriksurik ikusten?

Guztiok gara libre nahi dogun lekuan muturra sartzeko! Ez gara gu izango ‘hau literaturea da eta beste hori ez’ erabagiko dogunak. Guk plataforma bat eskaintzen dogu, eta literaturea ahalik eta modu zabalenean ulertzen saiatzen gara. Askotan, literaturaz gabilzanean, badirudi, nobelaz ari garela, baina literaturea hainbat lekutan dago gaur egun: iragarkietan, telesailetan, antzezlanetan, zuzeneko emonkizunetan, abestietan, kaleko alkarrizketetan... Ez dogu polizia lanik egin nahi: hobe gehiegi zabaltzea gehiegi zarratzea baino.


4.- Erabiltzaileen ekarpenak sano garrantzitsuak dira Hitzen Uberan. Zelako lekua dauka sormenak Hitzen Uberan? Edozeinek egin leikez ekarpenak?

Esan bezela, kofradian erregistretan diran erabiltzaileek hainbat eduki mota sortu ahal izango ditue: sormen-lanak, artikuluak, ikus-entzunezko piezak, iruzkinak, amuak... Denpora apur bat beharko da erabiltzaileek Hitzen Uberan bere sentidu daien eta nahierara erabilten has daitezan. Baina, argi dago, Oier eta bion artean ezin garela danera heldu, beraz, zenbat eta ekarpen gehiago eta zenbat eta anitzagoa, hobe! Gu jentea animetan saiatuko gara, ia lortzen dogun.


5.- Hiru ardatz nagusi ditu webguneak: eduki sortzaileak eta albisteak; biltegia; eta ipar orratza. Zeintzuk dira bakotxaren ezaugarriak?

Edukiez ari garenean, albiste, erreportaje, kronika, sormen-lan eta alkarrizketa barriez ari gara, guk sortuko doguzanez eta erailtzaileek sortutakoez. Eduki horreek biltegian antolatuko doguz, Gatzetan gordeak atalean, etorkizunerako hor egon daitezan, edonoren eskura. Ipar-orratzaz ari garenean, literatura nabigatzeko tresnaz ari gara: hainbat jente gabilz Interneten be literaturearen inguruan edukiak sortzen eta batzen: zuzeu.com-en, armiarman, Argian, Berrian, blogetan, web orrietan... Egunero, beste hedabideetan argitaraturiko edukien loturak jarten doguz Hitzen Uberanen, erabiltzaileei hareetarako bidea seinalatuz. Bestalde, Nabigazio-karta izeneko mapea be sortu dogu, Euskal letren mapa, eta bertan kokatu doguz, geografikoki Euskal Herriko literatur-taldea, lietratur asteak, liburu-azokak...


6.- Nabigazinoko menuan, barriz, zortzi atal agiri dira. Aingura hegodunak, sormen lanak jasoteko atalak eta Gatzetan gordeak, albiste, alkarrizketa eta erreportajeen atalak erantzun gehien jaso leikien atalak izan daitekezala pentsetan dozu?

Akaso bai, denporeak esango dau. Dana dala, ‘arrakasta’ ezin dogu beti zenbakitan neurtu eta, gitxiago, kulturaz ari bagara. Uste dogu badagozala gai batzuk, hain popularrak izan ez arren, jorratu beharrekoak diranak. Beti ezin gara nobedadeei eta unean-uneko eztabaidei begira bakarrik egon, ikuspegia zabaldu eta begirada propio bat sortzen ahaleginduko gara ahal dogun neurrian. Baina denporeak esango deusku zerk funtzionetan dauen eta zerk ez, zer dan aldatu edo hobetu beharrekoa, zertan jarri behar dogun indar gehiago...


7.- Ipar Orratzarenean, beste komunikabideetan literaturearen inguruan agertzen dan guztiaren barri emongo dozue. Araketa lana zeuk egingo dozue?

Bai, zoratuko gara akaso, baina Oier eta bion artean banatu doguz web orriak dituen lanak. Oraindino martxea hartzen gagoz, nahikoa zoratuta, baina ia aurrerantzean zelan moldatzen garen.


8.- Hitzen Uberan-en kudeaketa lanak ez deutsu segurutik beste zeregin batzuetarako denpora askorik itxiko. Idazle eta bertsolari jarduna baztertuta daukazu?

Ez. Baina kantutik eta kontutik ezin ei da bizi... Hitzen Uberaneko lana polita da, gustura egiten dogu, eta biok hartzen dogu beste saltsetarako denporea. Egunero idazten dot tartetxu batean bada be, eta astebururo nabil hara-hona bertsotan... etxetik lan egiten dogu, eta hori bentaja handia da norberaren denporea antolatzeko orduan. Diziplina izan behar..., eta, zorionez, badaukat apur bat, diziplinatua izaten ikasi behar izan dot.


9. Bizkaiko eta Iparraldeko bertsolari txapelketak jarraitzen dozuz? Nortzuk ikusten dozuz txapela janzteko aukerakaz?

Aukera batek baino gehiagok dauka, jakina. Ez jat asko gustetan txapelketen-sistemea, bertsolaritzea kiroletik baino artetik enfokatzea gustetan jat, baina horretarako ikuspegi artistikoa indartu behar geunke eta ez hainbeste puntuen lehia eta ona eta txarra bereizten ikastea... Baina ez dot iges egingo, bi izen nahi badozuz, Iparraldekoan Amets eta Bizkaikoan Miren.


10. Zein liburu irakurten zagoz orain? Zein da irakurri dozun azkena?

Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan berrirakurten nago, eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak izan da irakurri dodan azkena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu