Columbiako Unibersidadeak (New York) Jose Antonio Agirre omenduko dau

Bizkaie! 2010-11-10 14:12   Euskaldunak munduan

Barnard Collegeren Migrazinoari buruzko Foroak, Columbiako Unibersidadeko Europar Ikaskuntzen Institutuak eta Lehendakari Agirre AL50 Batzordeak antolaturiko jardunaldi horretan, Europatik emigrautako nazino estadurik bako gizaldeen abertzaletasun-adibiderik ezagunenetako batzuk aztertuko dira.

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena ospatzeko, AL50 Batzordea aurtengo 2010 honetan antolatzen ari dan ekitaldien artean, Columbiako Unibersidadeak (New York), Agirrek irakasle jardun ebanak, zemendiaren 12an 'Europako nazionalismoak diasporan: atzerrira emigrautako euskaldunen, kataluniarren, galiziarren, irlandarren eta poloniarren aktibismo politikoa' izenburuko mintegi bat egingo dau.

Barnard Collegeren Migrazinoari buruzko Foroak, Columbiako Unibersidadeko Europar Ikaskuntzen Institutuak eta Lehendakari Agirre AL50 Batzordeak antolaturiko jardunaldi horretan, Europatik emigrautako nazino estadurik bako gizaldeen abertzaletasun-adibiderik ezagunenetako batzuk aztertuko dira: beste immigrante ez-nazionalista batzukazko loturak, eta mobimentu hareek garatu ziran nazinoz gaindiko ingurune kosmopolita hareetan egozan tentsinoak, besteak beste.

Ekitaldiaren hasieran, Columbiako Unibersidadeko Europar Ikaskuntzen Institutuko zuzendari Victoria De Grazia andreak eta Ikaskuntza Latinoamerikarren eta Migrazinoari buruzko Foroko zuzendari José C. Moya jaunak plaka oroigarri bat entregauko deutse Lehendakariaren seme Joseba Agirreri eta haren sendiari.

Ondoren, 14:30etik aurrera, Ludger Mees EHUko Historia Garaikideko katedradunak Euskal abertzaleak eta errepublikarrak erbestaldian gaiaz jardungo dau. Horrezaz gan, Xosé Manoel Núñez Seixas Konpostelako Santiagoko Unibersidadeko Historia Garaikideko katedradunak Kataluniar eta galiziar abertzaletasunak Kuban eta Argentinan izenburuko gaia hartuko dau berbagai.

Mintegiaren bigarren zatian, David Brundage, Kaliforniako Unibersidadeko Santa Cruz kanpusekoak, Erbestaldiko politika: irlandar abertzaleak Estatu Batuetan (1798-1998) gaiaz egingo dau berba; eta M. B. Biskupskik, Connecticut-eko Estadu Unibersidade Nagusikoa, bestalde, Asmatutako Polonia bat: emigratuen ikuskerak gaia hartuko dau berbagai.

Jose Antonio Agirrek historia-eskolak emon zituan Columbia Universityn 1942 eta 1945 bitartean, amerikar kontinentean erbesterauta egon zan sasoian. Ondo eta beti ulertu eban, munduko unibersidaderik ospetsuenetako batek kontratatu baeban, Europan sortuta Ozeano Bareraino zabaltzen egozan ideia totalitarioakaz aurrez aurre egozan balioak ordezkatzen zitualako zala. Eta balio hareek ziran: askatasuna, demokrazia, langileen eta enpresa librearen eskubideak eta norbanakoaren eskubideak, baina ardura kolektiboak ahaztu barik. Agirre bera, horren guztiaren alde burrukatu zan Alderdi baten eta Herri baten ordezkaria zan, noiz eta, hain zuzen be, eta antza danez, aldez beste egitea egokionean. Hau da, ordena eta larderiadun urtenbide bat hautatzea, katoliko militantea zan ezkero. Hala eta guztiz be, euskal nazionalismoak ondo erakutsita itxi eban ez egoala kontraesanik militante katolikoa izatearen eta gogo-ames demokratiko eta nazionalisten artean. Are gehiago, askatasun eta gizarte-ongizate mailarik handiena lortu gura izatekotan, euskal abertzaletasunak aukeratutako bideen alde egitea beste konponbiderik ez egoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu