Galdamesek 'Udagoiena euskeraz' ospatuko dau

Bizkaie! 2010-11-09 17:09   Euskerea berbagai

Programearen helburu nagusia da herriko umeei euskerazko jarduerak eskaintzea, euskerea ikasgeletatik eta ikastetxetik kanpo be atara eta komuniketako berezko hizkuntzea izan daiten.

Bizkaiko herria prest dago Udagoiena euskaraz programearen beste edizino bati ekiteko. Programearen helburu nagusia da herriko umeei euskerazko jarduerak eskaintzea, euskerea ikasgeletatik eta ikastetxetik kanpo be atara eta komuniketako berezko hizkuntzea izan daiten.

Galdameseko Udaleko Kultura Sailak antolatu dau egitaraua, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zerbitzuaren eta Enkarterriko Mankomunidadearen laguntzinoagaz, eta 1998 eta 2008 artean jaiotako umeentzako euskerazko kultur eta aisia jarduera ugari batzen ditu.

Ekimeneko ekitaldiak zemendiko eta abenduko zenbait zapatutan izango dira; zehatz esateko, zemendiaren 20an eta 27an, eta abenduaren 4an, 11n eta 18an, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara. Batetik, 2004 eta 2007 bitartean jaiotako umeek asteko ludotekea izango dabe; bestetik, 1998 eta 2005 artean jaiotakoek zenbait tailer egingo ditue udaletxeko kultura-aretoan. Bertan egingo dira Udagoiena euskeraz programako ekintza guztiak.

Tailer, joko edo ipuin-kontalariek hurreratuarazoko dabe euskerea udalerriko umeakana, euskerea ikasgelatik atara eta kalean erabili daien. Programa horregaz Enkarterrin euskerearen erabilerea sustatzen jarraitzen da, antolatzaileek azpimarratu dabenez. Horregaitik, Galdameseko ekintza guztietan parte hartuko daben aisialdiko monitoreak euskaldunak izango dira.

Gainera, Galdameseko Udalak hiru ekintza berezi antolatu ditu umeentzako programazinoaren barruan udagoien honetarako: zemendiaren 13an Ipuin Opari umeentzako antzerkia; zemendiaren 27an, Arteako bolatokira irteera autobusez; abenduaren 18an, barriro be, umeentzako antzerkia.

Udagoiena euskeraz programea abian jarri da Galdameseko txikienei kulturea eta, batez be, euskerea helarazoteko helburuagaz. Jarduerez betetako programeak Gabonetara bitartean iraungo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu