Agustin Oiarzabal: 'proiektu integrala da gurea, personen garapenean eragin gura dauena euskerea, hezkuntzea eta euskal kulturea ardatz hartuta'
2010-11-08 10:44 BarriketanIbaizabal 1990eko zemendiaren 13an jaio zan eta egun eredu bilakatu da testu-liburuen edizinoan eta Haur eta Gazte Literaturan. Abiapuntua Ibaizabal eta Luis Vives argitaletxeen arteko akordioa izan zan, lehen irakaskuntzako erlijino liburuak euskeraz argitaratzeko hitzarmena, hain zuzen. Jatorritik Ibaizabal industria kulturalaren sormenezko gune legez azaltzen da, hezkuntzea, euskerea eta euskal kulturea lan ardatz ditualarik, konpromiso ausarta eta barrikuntzea eta bikantasunaren filosofia be tarteko dirala.
Enpreseak testu-liburuen edizinoan eta unibersidade aurreko erkinaldi guztietako (2-18 urtera) material pedagogikoan espezializazino eta aintzatespen nabaria lortu ditu.
1.- Argitaletxe baten ibilbidean asko ala gitxi da 20 urteko tartea?
Ez dala gitxi esango neuke. Kulturan, hizkuntza gitxituetan jardutea ez da bape erraza eta 20 urtean eusteak esan nahi dau ahalegin handia egin behar izan dogula eta makinatxu bat erronka eta burukomin gainditu behar izan doguzala. Esangura horretan, pozik gagoz eta adoretsu aurrera egiteko.
2.- Zeintzuk dira 20 urte horreetako momenturik gogoangarrienak?
Lehenengo eta behin sorrerako momentua azpimarratuko neukizu. Momentu erabagiorra izan zan, sortzaileen amesa egia bihurtzea sano garrantzitsua izan zan. IKA Ikastola Katolikoen Alkarteak eta Pasinotarrek bultzatutako egitasmo horretatik enpresa egitura bat sortu zan bazkide batzuen laguntzinoagaz. Luis Vives Argitaletxe Taldeagaz bat, Edelvivesegaz akordioa hitzartu zan eta hori aukera ezin hobea izan zan, itzulpen lanak ez eze, sormen lanak be argitaratuz enpresea garatzeko. Hortik aurrera, hezkuntza arloan izandako bilakaereagaz batera joan da Ibaizabal eta kapaz izan gara kasuan kasuko materialak eta sortzeko, Euskal Kurrikulumaren inguruko aldaketak, LOGSE, LOE eta bestelakoak gorabehera.
Edozelan be, gurea proiektua integrala da, personen garapenean eragin gura dauena euskerea, hezkuntzea eta euskal kulturea ardatz hartuta. Bide horretan, edade guztietarako moldatutako bildumak preparau eta argitaratu doguz, bertoko egileen lankidetza eta sustapena bateratzen dituenak eta beste hizkuntzen itzulpen eta bizikidetasun politika zehatz bati jarraipena emonaz. Hor daukaguz, besteak beste, Literatura Unibersala bilduman, Euskadi Saria irabazi daben 5 titulu, azkena aurten, Euskerazko Haur eta Gazte Literatura atalean, Patxi Zubizarretaren Xia Tenzin-en bidaia miregarria lanagaitik; Multimedia bilduman 126 erreferentzia; Euskal Gaiak bilduman 130 titulu, Hizkirimiri bildumako 137 titulu eta Erlijioen Jakinduria bilduman, 132 titulu, horreen artean, 3 nobedade (Upanishad hautatuak, Vimalakirtiren Sutra eta Erreforma protestanteetako idazkiak).
Horrezaz gan, oso harro gagoz bizkaierazko testuak be argitaratzen doguzalako. Aurten be sei nobedade daukaguz Paper Txoriak sail urdin eta berdean eta Gaztetxo! bildumatan.
Era berean, ezin aitatu barik itxi, Bilboko Ibaizabal Dendea; 2002an jaio zan. Haur eta gazte literaturan liburudenda berezitua da, Bilbon dagoan bakarra. Hezitzaileak diran neurrian, gurasoentzako laguntza eta aholkuak dituen liburuak eta bildumak daukaguz gure dendan, eta gure hirugarren ardatz moduan, jolas didaktikoena nabarmenduko neuke. Gure bezeroak, familiak, hezitzaileak eta ikastetxeak dira, besteak beste. Gure dendatik bezeroakazko hartu-emonak egiten doguz modu zuzen eta personalean eta, esangura horretan, 2006an, egitasmo barri bat abiarazo genduan, Ibaitxiki Kluba, gure balore eta filosofian sakonduz umeentzako ekintza programa bat, liburu-dendan bertan gauzatzekoa. Klub honetan, gurasoak eta umeak batzea zan asmoa, euren aisia batera emoteko eta alkartasuneko hainbat balore lantzeko. Zapatu goizetan, e-mailez deialdia jaso ostean, han agertzen dira, liburuakaz eta istorioakaz lotutako hainbat jardueratan parte hartzeko. Giro honetan, euskeraz bizi ditue jolasak, liburuak eta jarduerak, gure hizkuntzea aisialdian be erabilteko helburu argiaz.
3.- Lehen irakaskuntzako erlijino liburuak euskeraz argitaratzeko Ibaizabal eta Luis Vives argitaletxeen arteko hitzarmena sano garrantzitsua izan zan...
Duda barik. Argitaletxearen sortzaileak etorkizunerako oinarri sendoak ezarri gura zituen eta aitatu hitzarmen hori oso garrantzitsua izan zan. Pentsaizu, Lusi Vives Argitaletxe Taldea ibilbide luzekoa da, 120 urtetik gorakoa, hain zuzen, eta guretzako holako talde baten babesa upealakoa izan zan; ganera, burujaube jokatzeko modua geunkan. Esan dozun legez, lehen irakaskuntzako euskeraz argitaratutako liburuen 5000 ale saldu ziran, editau ziran guztiak, hain zuzen be, eta hortik aurrera arrakasta handia izan eben.
4.- Zeintzuk dira Ibaizabal argitaletxearen ardatzak?
Zeozer esan deutsut lehen be. Gure ezaugarri nagusienetakoak dira hurrekotasuna, bertokotasuna, euskereari, euskal kultureari eta gizarteari begira gagoz beti eta jakina, gizakion garapenerako baloreetan oinarritzen gara. Gure asmoa da beti gure baloreakaz hemengo gizartean, hemengo kulturan jazoten dana erakustea. Esangura horretan, giza zientzietan esparru propioa daukagu, historia, erlijinoa, herritartasuna zein bestelako gaiak lantzeko.
5.- Egun, Ibaizabalek Haur eta gazte literaturearen merkatu kuotearen % 11ri euste deutso. Pozik zagoze datuagaz?
Bai, pozik egoteko datua dala pentsetan dot. Aurrekoek egin eben lana be sano garrantzitsua izan da eta danon ahaleginari esker posible izan da Haur eta Gazte Literatura alorreko liburu edizinoaren aldeko apustua egin eta Euskadi mailan, merkatu-kuotearen % 11ri eustea. Ganera, datu horretatik gora be jo geinkela pentsetan dogu itzulpenak baztertu barik sormen lanak eta indartuz.
6.- 'Istorio txikiak, mundu handia' haur eta gazte literaturea ezagutuz ekimena antolatu dozue oraintsu 20. urteurrena ospatzeko. Zelako erantzuna izan dau?
Lehenengo aldia izateko oso pozik gagoz jentearen erantzunagaz. Haur eta gazte literaturea ikasteko eta alkarbizitzarako elementu moduan, haur eta gazte literaturearen ezagutzan sakontzea eta irakurtearen atsegina ezagutzen eta finkatzen lagunduko daben esperientziak ezagutarazotea zan asmoa. Bildur ginan ze proiektu potoloa zan, arlo bat baino gehiago buztartu behar izan doguz, Literatura eta ilustrazinoa: bi mundu eskutik helduta erakusketea, ilustrazino eta marrazkien mundua, jardunaldi profesionalak irakasleentzako eta liburutegietako arduradunentzako, familientzako zein gazteen tailerrak eta zinemagaz lotutako arloa.
Parte-hartzaileek eta jakinarazo deuskuenez, baegoan holako ekimenen faltea eta honezkero jarraipena emon beharko jakola be adierazo deuskue. Hor daukagu beste erronka bat.
7.- Urteurrenaren harian, Ibaizabal argitaletxearen webgunea barritu dozue? Zeintzuk dira nobedadeak?
Orain Sarean daukaguna 2004an sortutakoa da eta, jakina, zaharkituta dago. Webgune barria hilaren amaieran edo aurkeztea da asmoa eta 2.0 filosofiagaz bat eginda etorriko da. Blog bat izango dogu eta atal danetan eretxiak emoteko aukerea egongo da. Gure bezero diran edade desbardinetako irakurleentzako (Gazteak, Familiak, Irakaslegoa, Gizartea, Komunikabideak) gune berezituak be aurkeztuko doguz eta argitaletxeen kasuetan ohikoa danez, dendagunea be izango da. Oro har, asmoa da webgunea zuzenagoa, argiagoa, bisualagoa izatea.
8.- Datorren abenduko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, liburu batzuk formato digitalean aurkeztuko dozuez. Iraultzea hasi baino ez da egin baina zein da Ibaizabalen jarrerea?
Barrikuntzak beti hartu doguz modu positiboan nahiz eta jakin hausnarketea eta lan handia eskatzen dauela arlo barrietan sartzeak. Ilusino handiz hartu dogu formato digitalarena ze badakigu horri jaramonik egin ezean, lekuz kanpo geratuko garela. Edozelan be, gure kasuan formatoei baino gehiago produkzinoari erreparetan deutsagu, gure lana produkzinoa da eta euskarriak dagozan guztiak erabiltea da onena.
Kontuak kontu, oraindino ikasketa bidean egon arren, Durangoko hitzordurako lau liburu atarako doguz formato digitalean baina oraingoz ezin deutsut besterik aurreratu.
9.- Zeintzuk dira Ibaizabal argitaletxearen erronkak?
Geure filosofiari eutsiz, gizartearen gorabeherak hur-hurretik jarraitzea da gure jarrerea. Gu txikiak gara eta badakigu bakardadean gauza gitxi lortu geinkela eta, beraz, erakundeakaz hitzarmengintzan sakontzea, bidelagunak topetea dira gure eten bako ardurak. Euskerearen, bizkaierearen, hezkuntzearen eta euskal kulturearen aldeko konpromisoagaz jarraitzea be ez da gitxi.
Beste alde batetik, geuk landutako eta orain bospasei hilebete abiarazotako Ibaimusic, deskarga legalen ataria azpimarratu gura neuke; gure asmoa da hemendik gitxira musikea ez eze, beste eduki kultural batzuk be eskaintzea modu zuzen eta seguruan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!