Laneki Hiztegia, euskerazko lehen online hiztegi teknikoa Lanbide Heziketarako
2010-11-04 13:42 Euskerea berbagaiTresna barritzaile horren helburua 'LHri buruzko informazinoa gizartearen eta edozein erabiltzaileren esku jartea da eta, era berean, gizartearen eta euskerearen garapenaren alde egitea' da.
LANEKIk, Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko Alkarteak (IKASLAN Gipuzkoak, IKASLAN Arabak, IKASLAN Bizkaiak, LHko Ikastetxe Publikoen Elkarteak, eta HETELek osatzen dutenak), Laneki Hiztegia aurkeztu dau. Lanbide Heziketarako eta arlo tekniko eta profesionalerako berenberegi sortu dan euskerazko lehenengo online hiztegia da Laneki.
Tresna barritzaile horren helburua 'LHri buruzko informazinoa gizartearen eta edozein erabiltzaileren esku jartea da eta, era berean, gizartearen eta euskerearen garapenaren alde egitea' da.
Hiztegia teknologia barrien aldeko apustu garbiaren emoitza izan da. Ekinean hasi aurretik, hamar urte emon dira lanean, eta, ibilbide horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoa izan dabe arduradunek. 'Hiztegiak 5.600 kontzeptu inguru hartzen ditu barnean. Terminoei jagokenez, euskerazkoak 5.900 dira, eta gaztelaniazkoak 5.600. Aitatutako terminoei lotutako kontzeptuak, bestalde, 129.359 dira'.
Laneki Hiztegiaren abiapuntuak Lanbide Ekimena proiektuko material elebidunak izan ziran. Aitatutako proiektua LANEKI alkarteak abiarazo eban 2001ean, LHko materialak euskerara itzultzeko eta erabiltzaileei aukeran eskaintzeko, www.jakinbai.com webgunean, hain zuzen be. Itzulterm zerbitzuaren bidez, bi hizkuntzetako hiztegia eta testuinguruak modu automatikoan urten eben, familiaz familia, Lanbide Ekimena proiektuko zenbait materialetatik, eta, gero, ataratako guztia eskuz lantzeari ekin eutsien, familia bakotxaren terminologia egokia jorratzeko. Bide horretan, bestalde, aitatzekoa da Itzulterm zerbitzua Elhuyar Fundazinoaren I+G unidadeak sortutako ELexBI erremintan oinarritzen dala.
Lanbide Ekimena proiektuak azken urteotan sortutako materialari buruzko informazino interesgarria eskaintzen dau Hiztegiak. Hona hemen adibide batzuk: gaztelania-euskera termino-pareak, horreen sinonimo eta testuinguru elebidunak, eta ze lanbide-familiatakoa dan eta ze materialetan agiri dan termino bakotxa. Ganera, estekearen bidez, euskerazko terminoaren jatorrizko testuingurua ikus daiteke, kasuan kasuko materialean.
Honako lanbide-familia honeek prozesau dira: administrazinoa, elektrizidadea eta elektronikea, informatikea, irudi pertsonala, komunikazinoa, irudia eta soinua, autopropultsinoko ibilgailuen mantenimentua, fabrikazino mekanikoa, eraikuntza eta obra zibilak, ostalaritza eta turismoa, egurra eta altzariak, ekoizpen-arloko mantenimentua eta zerbitzuak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak, komunidade-zerbitzuak.
Interneteko kontsulta-sistemak hainbat erispideren araberako bilaketak egiteko aukerea eskaintzen deutso erabiltzaileari, www.jakinbai.com plataformearen bidez. 'Berbarako, termino jakin bat topau daiteke termino guztien zerrendan, testuetan, hiztegi osoan edo familia jakin batean'.
Laneki Hiztegiak tresna dinamiko eguneratua izan gura dau. Horretarako, etenik barik horniduko da, itzulpen-memoria barrien bidez, eta kontzeptu eta testuinguru barriak ganeratuko jakoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!