Berbearen eta bizitzearen arteko loturea, Miren Agur Meabe idazlearen liburu barrian

Dabi Piedra Robledo 2010-11-02 14:48   Kulturea
Hilebeteko tartean, bigarren liburua da egile bizkaitarrak aurkezten dauena, izan be, orain hilebete inguru plazaratu eban Miren Agur Meabek 96 orrialdez osotutako 'Bitsa eskuetan' poesia liburua Susa Argitaletxearen eskutik.

Ezohiko lana da, duda barik, Lekeitioko idazlearen Zazpi orduak, istorio nagusiak kontakizun laburren eta kopla zein bertsoen bidez egiten dau aurrera. Kalean da dagoeneko liburua, Elkar argitaletxearen eskutik, eta Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dau Meabek, Zazpi orduak bizitzearen metaforea dirala.

Ezohiko lana da, duda barik, Lekeitioko idazlearen Zazpi orduak, izan be, istorio nagusiak kontakizun laburren eta kopla zein bertsoen bidez egiten dau aurrera. Kalean da dagoeneko liburua, Elkar argitaletxearen eskutik, eta Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dau Meabek, Zazpi orduak bizitzearen metaforea dirala.

Sasoi aurreindustrialean kokatu dau Miren Agur Meabek istorioa, 'balore eta ezagutzak transmitiduteko kanal nagusia hitza zanean', izan be, berbea, zentzu zabalean, liburuaren ardatza da. 'Hitza, adiskidetasun eta maitasun keinua izan leiteke', aitatu dau Lekeitioko idazleak. Doltza ipuin-kontalaria da protagonista nagusia eta zehaztu bako herri batera heltzen da San Juan bezperan. Han kontauko ditu liburua osotzen daben istorio guztiak. Izan be, hari nagusiaz gan, 17 kontakizun labur dagoz Zazpi orduak liburuan, 'bakotxak gai desbardinak lantzen ditu', Meaberen esanetan. Kopla eta bertsoak be tartekatu ditu idazleak, 'holan esplikau gura nituan gauza batzuk, baina hori bai, modu nahikoa librean erabili dodaz errimea eta estiloa'.

Xanti Rodriguezen irudiek jantzi egiten dabe kontakizuna. Kapitulu bakotxaren amaieran sartu ditue Rodriguezen argazkiak eta istorioari indarra emoteko balio dabe, alderdi bisuala lantzeko. 'Neure irudiekaz espresatzeko aukerea euki dot', azaldu dau Rodriguezek Bilboko aurkezpenean.

Zazpi orduak liburuan, sinbolo, arketipo eta erreferentzia ugari sartu ditu Miren Agur Meabek. 'Zazpi zenbakia magiaren, intuizinoaren, jakintzaren zenbakia da, azken finean, bizitzearen sinboloa dira Zazpi Orduak', azaldu dau. Hasiera baten ume eta gazteentzako liburua izango zanak, gero be, edozein irakurlerentzako kontakizun izaten amaitu dau. 'Ume eta gazteentzat istoro erakargarriak dira, baina era berean, irakurketa sakonagoa egiten daben helduek be erreferentzia asko topauko ditue', Meaberen ustez.

Autorearen kezkak be agiri dira liburuan eta idazleak berak onartu dau, 'behin eta barriro bueltaka daukadazan ideiak dira askotan'. Horregaitik, oraintsu argitaratutako Bitsa eskuetan poema-liburuko gai batzuk bueltan dakarz Zazpi orduak bildumako ipuinetan, 'kezka berak dira, baina modu erabat desbardinetan adierazota'.

Liburuko pertsonaia asko emakumezkoak dira, 'ipuinetan emakumeak euki dauen rol tradizionalari bueltea emon nahi izan deutsat, emakumeak egoera barrietan sartu', azaldu dau Meabek. Protagonistea bera be, Doltza, emakumezkoa da. Ahozko tradizinoko elementu asko berreskuratu ditu idazleak baina, sarri, ideia barritzaileakaz nahastau ditu eta, holan, kontakizun berezia ondu dau: 'Ez dagiala inork uste ipuin bilduma arrunt eta garaikidea topauko dauenik liburuan', oharra egin dau Meabek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu