Etxepare Euskal Institutuak ateak zabaldu ditu

Bizkaie! 2010-10-29 02:00   Euskerea berbagai

Euskerea eta euskal kulturea mundura atarateko sortua da Etxepare Euskal Institutua, Espainiako Instituto Cervantesek, Kataluniako Ramón Llull institutuak edota Frantziako Alliance Francaisek, besteak beste, egiten daben moduan. Baina horrezaz gan, Etxepareren helburua da munduan euskal kultureari leihoak zabaltzea, kultur ekintzak sustatu eta ikusgai jarriz.

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Aizpea Goenaga Etxepareren zuzendariak institutuaren egoitza eta irudi korporatiboa aurkezteaz gan, Etxepare martxan jarri zanetik orain arte aurrera eroandako ekimenen errepasoa egin dabe eta aurrera begirako proiektuak aurkeztu ditue prentsaurrean.

Euskerea eta euskal kulturea mundura atarateko sortua da Etxepare Euskal Institutua, Espainiako Instituto Cervantesek, Kataluniako Ramón Llull institutuak edota Frantziako Alliance Francaisek, besteak beste, egiten daben moduan. Baina horrezaz gan, Etxepareren helburua da munduan euskal kultureari leihoak zabaltzea, kultur ekintzak sustatu eta ikusgai jarriz.

'Euskal produkzino kultural guztiak dauka lekua etxe honetan. Euskeraz egiten danak, gaztelaniaz egiten danak eta hizkuntzarik ez dauenak', esan dau Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Aizpea Goenagak. Era berean, Etxepare Euskal Institutuak izango dauen zubi papera azpimarratu dau: 'Euskerea eta euskal kulturearen enbaxadoreak izango gara atzerrian, mundua euskaldunago eta Euskal Herria mundutarrago egiteko egingo dogu lan'.

Lehen pausuak emoteagaz batera, kultura munduko arpegi ezagun batzuen atxikimendua izan dau Etxepare Institutuak, tartean Bernardo Atxaga, Lucia Lacarra, Javier Aguirresarobe, Pedro Miguel Etxenike, Mikel Urmeneta eta Edurne Pasabanenak, besteak beste.

Etxepare Institutua barria dan arren, bere zuzendari Aizpea Goenagak azpimarratu dau lana ez dabela hutsetik hasiko: 'Asko zor deutsegu aurretik Etxepare Institutuaren helburuen bidetik lan egin izan dabenei. Orain guk norabide barria emon nahi deutsagu lehen egindakoari, bide barriak eregi'. Eta egiteko horretan bakarrik ibili ez daiten, Etxepare Euskal Institutua buru-belarri dabil bertako eta kanpoko erakunde eta alkarteakaz etorkizunean funtsezkoa izango dan hartu-emon sare zabal bat lortzeko.

Blanca Urgell Kultura sailburuak gogoan izan dau bere hitzaldiaren hasieratik bertatik Euskal Institutuari izena emon eutson Bernart Etxepare. Idazleak 1545ean idatzi zituan hitzak dira Euskara, jalgi hadi plazara, Euskara jalgi hadi mundura, eta Urgellen eretxiz, gaur, 500 urte geroago, globalizazinoaren, komunikazinoaren eta Interneten egunotan, Etxepareren aldarria egia bihurtzeko aukera parerik bakoa da: 'Asko izan dira urte, hamarkada eta mende honeetan Bernart Etxepareren berba horreek bere eginda, munduan euskerearen eta euskal kulturearen enbaxadore bihurtuta lan bikaina egin daben personak, idazleak, eskultoreak, margolariak, abeslariak, zinemagileak, sukaldariak, musikariak… besteak beste. Zorionez, euskerea eta euskal kulturea atara dira plazara, atara dira mundura. Etxepare Euskal Institutua orain arteko lan horri bultzada barria emotera dator. Indarrak batu, koordinau, eta euskerea eta euskal kulturearentzat leiho barriak edegitera dator'.


Bagiletik orain arteko jarduna

Aurtengo ebagilean, Aizpea Goenaga zuzendari izentau ostean hasi eban bere jarduna Etxeparek. Ordutik egoitza barria eratzeaz gan, datozen bi urteetarako plan estrategikoa zehazten dabilz. 'Gaur hemen aurkezten deutsuegun egoitza hau da Institutua gorpuzten ari danaren erakusgarri. Baina egoitza gorputza besterik ez da, mamina, ostera, hemen eta kanpoan aurrera daroagun lana da. Bi urterako plan estrategikoa izarratzear gagoz eta hemendik aurrera horretan oinarrituko dogu gure lana', azaldu dau Goenagak.

Dana dala, hainbat egitasmo eroan ditu dagoeneko aurrera Etxeparek. Esate baterako, euskal-amerikarrak Euskera irakasle izateko preparauko dituan programan parte hartuko dau. Programa horren helburua erkidegoko euskal-amerikarrakazko loturak indartzea eta euskerea lurralde horretan zehar zabaltzea da.

Horrezaz gan, Etxepare Institutuak Berlingo Freie Unibersidadeagaz hitzarmena barritu dau irakurletza programak aurrera eroateko. Aurten Mikel Babiano ibiliko da irakurle lanetan eta bi ikasle talde izango ditu bere ardurapean. Beste Unibersidade bategaz be egin dau hitzarmena Etxeparek, Birminghamekoagaz hain zuzen be. 2013ra bitartean Euskerea ikasteko aukerea izango da Birminghameko Unibersidadean eta Xabi Paya bertsolariak emongo ditu eskolak.

Azkenik, Frankfurteko liburu azokan hartu dau parte Etxeparek. 62. edizinoan mundu osoko 7.533 stand izan ziran Frankfurten; horreen artean, besteak beste, EEE (Euskal Editoreen Alkartea) eta Alberdania eta Ttarttalo argitaletxeek osotu eben euskal ordezkaritzea.


Aurrera begirako proiektuak

Behin plan estrategikoan lan-lerro nagusiak zehaztu ostean, Etxeparek buru-belarri jarraituko dau euskerea sustatzeko eta zabaltzeko proiektuak garatzen. Zemendiaren 2tik aurrera, EHUko irakaslea eta Etxepare Institutuaren Patronatuko kide Mari Jose Olaziregi andrea izango da Etxepare Institutuaren Euskerearen Sustapen eta Hedakuntzarako Zuzendaria. Bere zuzendaritzearen ardurapean geratuko dira nazinoartean euskerea sustatu eta zabaltzeko emongo diran ekimenak, baita euskeraz sortutako kultura-produkzinoari buruzkoak be. Hurrengo urterako aurreikusten diran ekimenen artean, honakook azpimarratu ditu Olaziregik: gaur egun munduko unibersidadeetan dagozan 24 irakurle sareren diagnostikoa egitea. Irakurleen baliabide eta formazino beharrak zehaztu ondoren, 2011ko udan Excellence in Basque Studies ikastaroa antolatuko da euskera irakurleentzat; irakurle sarea zabaltzea, unibersidade barriakaz hitzarmenak sinatuz. Ondokoak dira 2011-2013rako herrialde estrategikoak: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta AEB; euskal Ikasketen Katedrak sortzea izen handiko unibersidadeetan; euskal kultura jarduerak programetea irakurle sarean mobiduteko; hitzarmenak sinatzea hainbat erakundegaz, besteak beste, Instituto Cervantesegaz, Institut Ramón Llull-egaz, EHUgaz edota Literature Across Frontiers Erakundeagaz; Etxepare Institutuaren webgune barria eratu eta hornidutea; eta euskera eta euskal kultureari buruzko katalogo, triptiko eta bestelakoak produzidutea. Epe laburrera egingo diran ekintzen artean Euskerea munduan zehar ezagutzeko kanpaina bat eta kultura adierazpide desbardinak buztartuko dituan ikuskizuna aitatu ditu. Azken hau, Fernando Bernués zinemagileak zuzendua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu