Jean-Baptiste Coyos proposatu dabe euskaltzain oso izateko
2010-11-02 10:09 Euskerea berbagaiEuskaltzain oso izateko, Jean-Baptiste Coyos euskaltzain urgazlea proposatu dabe Jean Haritschelhar, Jean-Louis Davant, Txomin Peillen eta Andres Urrutia euskaltzain osoek.
Astegoienean Euskaltzaindiak Baionan egin dauen osoko batzarrean, Jean-Louis Davant euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortu dan hutsunea beteteko hautagaiak aurkezteko azken aukerea izan da. Zemendian egingo dan osoko batzarrean egingo da botazinoa.
2010eko garagarrilaren 23an, Donostian egindako osoko batzarrean, Jean-Louis Davant euskaltzain emeritu izentau eban Akademiak. Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barruko Erregelen arabera, emeritu izentetearen ondorioz sortzen dan hutsartea beteteko, ondorengo bi osoko batzarretan aurkez daitekez hautagaiak, eta hirugarren batzarrean egingo da botazinoa. Beraz, iraileko eta urriko batzarretan aurkeztu ahal izan dira hautagaiak.
Bestalde, Jean-Louis Davantek zubererea ordezkatzen dauenez, hautatuko dan euskaltzain osoak zubereraduna izan behar dau. Esangura horretan, euskaltzain oso izateko, Jean-Baptiste Coyos euskaltzain urgazlea proposatu dabe Jean Haritschelhar, Jean-Louis Davant, Txomin Peillen eta Andres Urrutia euskaltzain osoek.
Jean-Baptiste Coyos (Maule, 1952)
Jean-Baptiste Coyos Etxebarne 1952an sortu zan, Maulen (Zuberoa). 1974an lehen mailako irakasle ikasketak amaitu zituan eta ordutik irakaslea izan zan 2008 arte.
Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da (1998, René Descartes Unibersidadean (Sorbonne Paris, Description du parler basque souletin des Arbailles - Étude de l’ergativité izeneko tesiagaz. 1996tik eskolak emoten ditu unibersidadeetan.
1999tik 2003ra hizkuntza politikarako karguduna izan zan Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrean eta ikerketa karguduna Baionako Iker Zentroan, 2004tik 2006ra.
2006an, euskaltzain urgazle izentau eban Euskaltzaindiak. Akademiaren Sustapen batzordeko kidea da.
Besteren artean, Politique linguistique Langue basque et langue occitane du Béarn et de Gascogne eta Xiberotarra zuberera, le dialecte basque souletin liburuak idatzi ditu. Gainera, hizkuntzalaritza eta soziolinguistikako alorretako artikulu askoren egilea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!