Kepa Acero: 'Uretatik kanpo be, esperientzia zoragarriak bizi izan dodaz'
2010-10-29 15:39 BarriketanAcerotarrak ezagunak dira surfaren munduan; Eneko eta Iker anaiek mundu mailako hainbat txapelketatan parte hartzen daben bitartean, Kepak munduari bueltea emon deutso, '5 olatu, 5 kontinente' ekimenagaz, olatu berezi eta ia ostenduak topetan. Honezkero, etxean dago, eta atzerrian bizitakoak izan doguz berbagai.
1.- Lehenego eta behin, denporan atzera egin, eta '5 olatu, 5 kontinente' proiektuaren jatorria gogoratuko dogu.
Nik urte asko daroadaz konpetiduten eta, konpetizinoetan, hondartzatan eta olatuetan baino ez dozu pentsetan, inguruan dagoana ikusi be ez dozu egiten. Horregaitik, mundu osoan zehar bidaiatzen nengoala sentiduten neban baina, berez, ez nebala ia ezer ezagutzen. Hortik sortu zan proiektua, jente eta kultura desbardinak eta olatu desbardinak ezagutzeko gogoa neukan. Momentu horretan, Pou anaien berbaldi bat entzun neban, Zazpi horma, zazpi kontinente ekimenaren ganean. Han entzundakoagaz, nire buruan neukanagaz, eta Unai Basurko eta Alberto Iñurrategi eta beste hainbaten laguntzinoari esker, nire proiektua abiarazo neban.
2.- Honezkero, 'Bost olatu, bost kontinente' ez da proiektua, errealidadea baino. Afrika, Asia, Ozeania, Amerika eta Europa. Banan-banan gogoratuko doguz bost kontinente eta bost olatu horreek.
Afrikan, Namibiara joan nintzan; Asian, Indonesiara, Panaitan izeneko erreserba natural batean dagoan olatura; gero, Australiara joan nintzan, ipar-mendebaldeko basamortura; eta, Amerikan, Txile hegoaldean topau neban beste olatu bat. Azkena, etxean izan da, Mundakan.
Nik, berez, mundu mailako olatuak topetan nituan, mendizaleek zortzimilakoak topetan dituen moduan. Halan da be, ez nituan olatu ezagunak nahi, erromantikoagoak eta esplorau bakoak bisitau gura nituan, ganean ibilteko gatxak eta bertaraino ailegetako be gatxak ziranak.
3.- Abentureari Namibian, Afrikan emon zeuntson hasierea. Berez, Afrika ez da herrialde oso ezaguna surfaren munduan. Halanda be, badakigu topetan joan zaran olatua berezia dala. Zer eskaini deutsu?
Olatu indartsua da, ezkerrerantz apurtzen dauen olatu luzea, 'tubo' oso luzea da eta, azken batean, surflari gehienok 'tuboak' bilatzen doguz. Halanda be, ez neban suberterik izan ze, berez, oso gatxa da olatu hori atrapetea. Urtean, zortzi egunetan baino ez da apurtzen eta nik banekian oso gatxa zala lortzea. Marea konkretu batean, norabide zehatz batean eta itsaso eta haizearen egoera zehatz batean baino ez dau apurtzen eta, beraz, oso gatxa zan. Atrapau ezkero, paradisua izango litzateke niretzat, neu bakarrik olatu horretan, baina ezin izan dot atrapau. Oso gatxa zan eta, joan baino lehenago, banekian arrisku hori egoala.
4.- Itsasgorak eta itsasbeherak, haizea, itsasoaren egoerea, eguraldia... Hori guztia teknologia barriei esker kontroletan dozue surflariek. Horrek ez ete deutso benetako enkantua kentzen?
Teknologia barriei esker, itsasoaren egoera zehatza ezagutzeko aukerea daukagu, mendizaleek oinarrizko kanpalekuan egiten daben legez. Beraz, esangura horretan, izan leiteke surfak enkantua galdu izana, zer pasauko dan aurretiaz dakizulako. Baina, beste alde batetik, teknologiari esker izango ez balitz, ezinezkoa litzateke aitatutako olatuetako askotan surfa egin ahal izatea.
5.- Ekimenera bueltauko gara. Afrikatik, Asiara joan zinan, Indonesiara. Kontuan izanda hamazazpi urte daukazuzenetik sarritan joaten zarala hara, zer barri topau dozu bidaia honetan?
Bai. Bidaia honetan, beste kontzeptu bat landu ahal izan dot. Ni, orain arte, Indonesian egon nazan aldi guztietan itsasontzi batean egon naz; bidaia horreetan, aireportura ailegau, portura joan, taulak itsasontzian sartu eta ura besterik ez dozu ikusten. Oraingoan, olatua ezagutzeaz gan, lekuan lekuko jentea eta ohiturak ezagutu gura nituan eta, itsasontzian egin beharrean, errepidez egin dot dana, olatura ailegau arte. Horri esker, giza-esperientzia izugarria izan da eta euren kulturea ezagutzeko aukerea izan dot. Beraz, olatuaz gan, zeozer gehiago ekarri dot neugaz, giza hartu-emonak, sarritan, aberasgarriagoak izaten diralako beste edozer baino.
Olatuari jagokonean, oso arriskutsua da baina zoragarria.
6.- Txilera joan baino lehenago, Australia bisitau zenduan...
Australia, printzipioz, olatua hartzeko aukera gehien eskaintzen eustazan kontinentea zan. Basamortura ailegau ginan, kanpalekua montau neban eta hilebete egon nintzan zain, olatua noiz agertuko, eta naturearen gutiziagaitik, edo, olatua ez zan sekula agertu.
7.- Ondoren, Txile. Ez zenduan herrialde hori ezagutzen. Harritu egin zaitu?
Berez, Txilera ailegau nintzanean, ez nekian ezta nora joan, be. Eta, egia esateko, asko gustau jat Txile hegoaldeko kostaldea, ez dabil surflari askorik eta asko falta da ha ingurua esploretako.
8.- Azken olatua, etxekoa: Mundaka. Munduko ezker-olaturik onena da?
Mundakak, berez, ez dauka ezer esploretako ezta erromantikotasun ikuturik be, baina mundu mailako olatua da eta proiektua etxean amaitu gura neban. Olatu izugarria da eta nire momenturik onenak han pasau dodaz, lagunakaz eta familiagaz.
9.- Mueta honetako bidaia luzeek, dinoenez, jentearen bizimodua aldatzen dabe edo, behintzat, bizimodua ikusteko modua. Zuri be hori pasau jatzula uste dozu?
Bost hilebeteko bidaia, munduari birea... Beste persona bat izango bazina moduan bueltetan zara, bai, eta beste ikuspuntu bat emoten deutsu munduaren ganean eta munduko kulturen ganean. Eretxi aldaketea, batez be, ikaskuntza arloan dago, gauza asko ikasten dozuz, bidaia neuk bakarrik egin dot eta momentu gogorrak be bizi izan dodaz. Momentu horreetan, aurrera egin behar da eta horretan be ikasi egin behar da. Beste alde batetik, gure gizarteari buruzko hausnarketea egitera be bultzatzen zaitue holako bidaiek, konturatzen zara guk baino askosaz gitxiago daukienak zelan bizi diran, zoriontsu eta horrenbeste beharrizanik barik.
Nire helburua olatuak ezagutzea izan arren, orain, argazkiak ikusikeran, konturatzen naz uretatik kanpo be, esperientzia zoragarriak bizi izan dodazala.
10.- Bidaian ataratako argazki eta bideoakaz zeozer preparauko dozu? Eta beste proiekturik buruan?
Material horregaz, proiekzino batzuk egiteko amesa daukat eta baita berbalditxuak be. Aurrerantzean, bidaia honetan eskapau jatazan olatuak topetan joatea gustauko litxakit, hau da, Namibiara eta Australiara. Eta, zelan ez, Indonesia esploretan jarraitu gurako neuke, guretzat 'Surfaren Hilamaya' da Indonesia eta, uretatik ez eze, lurretik be esplorau gurako neuke, jentea ezagutu eta nire amesak beteten segidu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!