Aitor Gonzalez gernikarrak irabazi dau 2010eko Gazte Bidaia Argazki Lehiaketea

Bizkaie! 2010-10-28 11:38

Aitor Gonzalez Barinagarrementeriak (Gernika, 1978) aurkeztutako Euskal Herria ezagutuz argazkiak irabazi dau Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzuak (GIZ) seigarren urtez antolatutako Gazte Bidaia Argazki Lehiaketea. Irudi irabazlea aurtengo udan hartutakoa da, Gaztelugatxeko San Juanen (Euskadi).

Aitor Gonzalez Barinagarrementeriak (Gernika, 1978) aurkeztutako Euskal Herria ezagutuz argazkiak irabazi dau Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzuak (GIZ) seigarren urtez antolatutako Gazte Bidaia Argazki Lehiaketea. Irudi irabazlea aurtengo udan hartutakoa da, Gaztelugatxeko San Juanen (Euskadi). Saria: 300 €. Hogeita hamabi urteko gazte honek badaki zer dan Gazte Bidaia lehiaketea irabaztea, izan be, 2008an berak eroan eban lehenengo saria, Estambulen hartutako argazki bategaz. Ganera, igaz 2. Saria jaso eban.

Bigarrena, Igor Zalbidea Uriarte (Bermeo, 1974) izan da Neuschwansteingo gaztelua izeneko argazkiagaz. Gaztelu neogotikorik ezagunenetakoa da. Luis II.a Bavariakoak emon eban eregiteko agindua, 1866an. Bavaria estaduko (Alemania) Schwangau udalerrian dago, Alemaniako hego-mendebaldean, austriar alpeetatik eta Füssen herritik gertu. 800 metroko altueran dago eta argazki gehien egiten jakozan Alemaniako eraikina da. Gogoratu daigun Igorrek igez irabazi ebala Gazte Bidaia lehiaketea, Erromako Foroan hartutako argazki bategaz. Saria: 225 €. Hirugarrena, barriz, Izarra Elortegi Bilbao (Bermeo, 1980) izan da Txorien modura izeneko argazkiagaz. Pasa dan garagarrilean Turkiatik zehar egindako bidaian ataratako argazkia da eta Kapadozia agertzen da globotik ikusita. Kapadozia Turkiako erdialdean dagoan eskualdea da, Anatoliako antxinako lurraldea. Erdi basamortuko paisaje ikusgarriak dagoz eskualdean, haizeak eta erosinoak sortutako harri eta hondarrezko forma bitxiak erakusten dauzena. Unescok 1985ean Gizateriaren Ondaretzat hartu zituan Kapadoziako inguruneak. Saria: 150 €.

Hiru argazki irabazleak, Bermeoko GIZek zemendiaren amaieran kaleratuko dauen 2011ko egutegian (hormakoak eta boltsikokoak) agertuko dira. 35 argazki finalistak, bestalde, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan erakutsiko dira abenduaren 3tik 12ra, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 21:00etara.

Danetara, 50 parte-hartzaileen 165 argazki aurkeztu dira, igaz baino 30 gehiago eta inoizkorik gehien. Argazki gehienak herriko gazteek aurkeztu dituen arren, Euskal Herri osoko txokoetatik jaso dira aurten argazkiak. Epaimahaia: Karmele Algorta Telletxea (Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Saileko zinegotzia), Tere Armaolea (Foto Mª Tere argazki-denda), Beñat Bonilla (Bonilla argazki-denda), Hibai Agorria Munitis (Argazkilaria) eta Iñaki Zaldunbide Lopez (Argazkilaria eta aurtengo Andramarietako jai kartel irabazlearen egilea).


10 Finalistak

1. Euskal Herria ezagutuz (Euskadi). Aitor Gonzalez Barinagarrementeria.
2. Neuschwansteingo gaztelua (Bavaria, Alemania). Igor Zalbidea Uriarte.
3. Txorien modura (Kapadozia, Turkia). Izarra Elortegi Bilbao.
4. Lainoen gainean (Pirineoak). Aitor Gonzalez Barinagarrementeria.
5. Reichstag (Berlin, Alemania). Igor Zalbidea Uriarte.
6. Oporren hasiera (Loiu, Euskadi). Aitor Gonzalez Barinagarrementeria.
7. Arrantzalea (Mozanbique, Afrika). Marco Gomes Fernandes.
8. Ilunabarreko distirak (Pamukkale, Turkia). Izarra Elortegi Bilbao.
9. Amazoniako begirada (Iquitos, Peru). Josu Basterra Atutxa.
10. Foro Romano (Erroma, Italia). Oier Zalbidea Uriarte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu