Zeanuritik Ubidera oinez, gizalditik gorako ituna berresteko

Jon Urutxurtu 2010-10-28 10:47
Larreen Mankomunidadearen IV Zeharkaldia zemendiaren 6an izango da

Zemendiaren 6an, zapatuan, egingo dabe urteroko Larren Mankomunidadearen batzarra Zeanuriko eta Ubideko Udalek, eta, bide batez, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen IV. Zeharkaldia egiteko aukerea eskainiko dabe Ubideko Amexier eta Ortuzar eta Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai alkarteek, udalerri bietako Udalen, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearen eta BBKren laguntzeagaz.

Zemendiaren 6an, zapatuan, egingo dabe urteroko Larren Mankomunidadearen batzarra Zeanuriko eta Ubideko Udalek, eta, bide batez, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen IV. Zeharkaldia egiteko aukerea eskainiko dabe Ubideko Amexier eta Ortuzar eta Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai alkarteek, udalerri bietako Udalen, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearen eta BBKren laguntzeagaz.

Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei, ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.

Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izan dituen ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da. Urtero egiten dan udalen batzar hori ezagutzera emotea eta balioestea da antolatzaileen helburuetako bat; horrezaz ganera, udalerri bietako ingurumariak eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen ebazan Erdi Aroko galtzadearen barri be emon gura dabe.


12 kilometroko ibilaldia

Urteerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan, eta ibilbide osoa egiten dabenek 12 kilometro inguru beteko ditue. Plazatik abiatuz, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igon beharko dabe. Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otsarretako pagadiaren ondotik igaro eta Ubiderantz joko dabe; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, azkenik Ubideko plazara heltzeko.

Zeharkaldiari amaierea emoteko 13:00etan, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, bilera agiria sinatu eta, ondoren, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria pagetea be zeanuriztarrei egokituko jake.


Zeharkaldiari buruzko zehetasunak

* Eguna: zemendiaren 6a, zapatua.
* Izena emotea: Zeanuriko plazan, debalde.
* Autobus zerbitzua (debalde): 09:00etan Ubideko plazatik Zeanurira, ubidarrak edota Ubiden kotxea ixten dabenak Zeanuriko abiapuntura eroateko. Eta 13:30ean: Ubidetik Zeanurira, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea itxi dabenak eroateko.
* Urteerea: 10:00etan, Zeanuriko plazan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* Jan-edana: bakotxak berea eroan beharko dau.
* 13:00etan: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta batzar agiria sinatzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu