Karmele Artetxe da UEUko zuzendari barria

Bizkaie! 2010-10-25 18:54

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) 2010/2011 ikasturtea zabaltzeko ekitaldia egin dau Eibarren dauen Ikastetxe Nagusian, Markeskoan. Bertan, UEUk argitaratzen dauen Uztaro Giza eta Gizarte zientzien aldizkariaren 20. urteurrena ospatu eta modu ofizialean aurkeztu dabe 2012. urterarte UEUko Zuzendaria izango dana: Karmele Artetxe historialari eta ikerlaria.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) 2010/2011 ikasturtea zabaltzeko ekitaldia egin dau Eibarren dauen Ikastetxe Nagusian, Markeskoan. Bertan, UEUk argitaratzen dauen Uztaro Giza eta Gizarte zientzien aldizkariaren 20. urteurrena ospatu eta modu ofizialean aurkeztu dabe 2012. urterarte UEUko Zuzendaria izango dana: Karmele Artetxe historialari eta ikerlaria.

1990ean sortu zan Uztaro aldizkaria, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuagaz. Argitaratzen dituan lanak ondoko arloetakoak dira batik bat: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritzea, soziologia, soziolinguistikea, linguistikea, glotodidaktikea, literaturea, itzulpengintzea, ikasketa klasikoak, artea, musikea, historia eta geografia. UEUk antolaturiko ikastaro, mintegi edo jardunaldien inguruan sorturiko lanek dabe lehentasuna aldizkarian, baina kanpotik bialdutako lanak be gero eta ugariago argitaratzen dira, unibersidadeetako irakasle eta ikertzaileenak gehienbat, baina baita unibersitario ez diranenak be, ikertzaile eta idazle ezagun eta barrien arteko orekea bilatuz.


Zuzendari barria

Ikasturte hasiera ekitaldia baino ordu batzuk lehenago UEUk ez-ohiko Batzar Nagusia egin dau zuzendari barria aukeratzeko. Azken 2005. urtetik kargu hau Lore Erriondoren eskuetan egon da.

Batzar Nagusiak aho betez aukeratu dau Karmele Artetxe UEUko zuzendari barri moduan. Lore Erriondori egindako lan guztiagaitik eskerrak emon ondoren, berba honeekaz hartu dau zuzendaritzea: 'UEUko zuzendaria izatea erronka profesionala eta personala da. Profesionalari aurre egiteko bidelagun asko ditut (Talde Eragilea, batzordeak eta lantaldea). Edo nahi bada, UEUkideak. 1.200 bazkide gara eta gu danok gara UEUren egitasmoa finkatzen eta errotzen dogunak. Beste modu batera esanda, UEUn personak eta proiektuak gara. Gure kasuan, biak oso lotuta dagoz bata esatean bestea djatorku burura. Personak eta proiektuak UEUren lehentasuna diralako onartu dot UEUko zuzendaria izatea, bestela balitz, ez dot uste trantze honetan jarriko nebanik nire burua'.


Karmele Artetxek 2012ra arteko konpromisoa hartu dau kargu honetan, hortik aurrera beste hainbat proiektu garatu nahi baititu.


Karmele Artetxe Sanchez (Zamudio, 1976), UEU barrutik ezagutzen dauen zuzendaria

Historian doktorea, ikertzailea eta une honetan UPV/EHUko irakaslea da. Orain arte UEUko Proiektu Arduraduna izan da eta aurretik UEUk sortu eta garatutako Inguma datu-basean dokumetalista legez lanean ibili zan.

Gasteizen Historia karrera ikastean ezagutu eban UEU. Laster bazkidetu zan. Ordutik Historia Sailaren zenbait proiektutan parte hartu dau,besteak beste, Historialari Euskaldunen topaketen antolaketan zein liburu argitalpenetan, adibidez, Historia eta fikzioa: Karlomagno Euskal Herrian VIII. eta IX. mendeetan eta Ikerketa barriak Euskal Herriko Historian.

Inguma datu-basetik abiatuta, Komunidade Zientifiko Euskalduna. Azterketa historikoa eta bibliometrikoa izenburuko doktorego-tesia defendidu dau aurten. Bertan goi mailako euskerazko produkzinoa, kide kopurua eta azpiegiturea deskribiduten dira, baita beronen bilakaera historikoa azaldu be. Hala historialari eta dokumentalista moduan, jardun esparru biak buztartu zituan tesian. Une honetan bere ikerketa ildo nagusia da, euskerea zein beste hizkuntza gitxituen erabilerea goi mailan, eta bereziki unibersidadean, XX-XXI. mendeetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu