Aiora Renteria: 'disko barrian, funtzionetan daben kantak sartu doguz, gure estiloagaz bat datozan horrenbeste begiratu barik'

Dabi Piedra 2010-10-25 12:18   Barriketan
Zea Mays taldeko abeslaria

Bilboko Zea Mays musika taldeak disko barria aurkeztu dau: Era. Euren seigarren diskoa da eta, oraingoan, gauzak egiteko moduari erreparatu nahi izan deutsie, egiteko ereari, eta hortik lanaren izena. Aurrekoak baino disko landuagoa da, baliabide tekniko gehiagoduna, baina barritasun nagusia banaketa egiterako orduan dator: diskoa ez dago dendatan salgai, abendura bitartean emoten dabilzan kontzertuetako sarrereagaz batera banatuko dabe, sarrerea eta diskoa hamar euroan. Euren lana 'nora doan eta nori heltzen jakon kontrolau' nahi dabe holan, Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariak azaldu deuskunez. Disko barriaren ezaugarriez eta musikagintzearen joera barriez jardun gara beragaz.

1.- Seigarren diskoa kaleratu dozue, zertan da desbardina edo barritzailea, aurreko lanekaz alderatuta?

Egiteko eran desbardina izan da, etxetik estrofa eta estribilloak eginda eroan doguz lokalera, orain arte beste modu baten egiten izan dogu behar. Ganera, denpora falteagatik, zehaztasun handiz lan egin behar izan dogu lokalean. Bestetik, desbardina da diskoa, programak, tekladuak eta antzeko baliabideak sartu doguzalako. Aurreko diskoa, Morfina, oso sikua zan, hori bilatzen genduan eta disko barri hau kontrakoa da.

2.- Disko barri honetan, sormen eta estilo aldetik askatasun handiagoa emon deutsazue zeuen buruari, ezta?

Bai, guk inoiz ez deutsaguz geure buruari muga handiak ipini, baina egia da batzuetan kanta batzuk baztertzen genduzala, gure estilotik urruntzen baziran-edo. Oraingoan, gure estilotik urruntzen diran kanta batzuk sartu doguz, agian 'pop-eroagoak', eta horreek be aurrera atara doguz, askatasun handiagoa hartu dogu bai. Abestiak lokalean funtzionau badau, aurrera egin dogu, estiloari horrenbeste begiratu barik.

3.- Era izena dauka diskoak, horrek be badauka motiboa.

Bai, azken batean guk nahi dogu azaldu ez dala bardin gauzak zelan egiten diran, horrek dana aldatzen dau. Zer dan badakigu, abestiak dira, baina diskoa zelan eginda dagoan be garrantzitsua da. Gura genduan azaldu, ze eratan egiten dozuzan abestiak, horrek guztia baldintzatzen dauela, ez da bardin musika altu edo baju entzutea eta une bakotxean musikea desbardin entzuten da. Gure taldekide batek esan eban behin, kriantza ardaoa ez dala bardin edaten kristalezko kopa eder baten edo plastikozko edalontzian. Horregatik, gauzak zer diran bai, baina zelan egiten diran be garrantzitsua dala azpimarratu nahi izan dogu.

4.- Diskoaren diseinuan bertan be islatu dozue ideia hori, ezta?

David Gonzalezek egin dau diseinua eta inprimategian zelan inprimidu dan, horren arauera, diskoaren aurrekaldea desbardina da. Izatez, bardinak dira libreto guztiak, baina inprimategian papera tolesteko aukera asko itxi doguz eta horregatik, azalaren bertsino askok urten dabe, lau bertsino dagoz zehazki. Hau da, disko beraren lau azal desbardin dagoz kalean. Hor be islatu dogu 'erak' garrantzia daukala.

5.- Teknikoki be, baliabide asko erabili dozuez, tekladuak eta programazinoak batik bat. Horrek zer emon deutso diskoari?

Elementu barriak dira, guk ez doguz ondo ezagutzen baliabide horreek eta interesa euki dogu. Horregatik, primerako laguntzaileak euki doguz arlo horretan, Split 77 taldeko jentea, esaterako, geugaz egon da luzaro programaketak prestatzen. Abesti normal bati puntu ezbardina emoten deutso holako baliabideak sartzeak, kanta bat jantzagarriagoa egin leike, esaterako.

6.- Kolaborazino asko be euki dozuez.

Bai, normalean kolaborazinoak eukiten doguz. Euskal Herriko musikagintzan danok gara alkarren ezagunak eta hori aprobetxatzen dogu guk. Split 77-koak geugaz ibili dira, Doctor Deseoko baju-jolea be bai eta Kukutza abestian kolaboratzaile piloa euki dogu.

7.- Masterizazinoa Londresen egin dozue, Tony Cousins-egaz, hori be izen handiko profesionala.

Bai, baina guretzako kasualidadea izan zan, guk Metropolis estudioetara bialdu genduan geure lana hango profesional batek lantzeko, baina izen konkreturik buruan euki barik. Kasualidadez, Tony Cousinsek hartu eban gure diskoaren ardurea. Egia esan, nik ez dodaz ezagutu be egiten masterizatzaileak, baina handik gitxira jakin genduan Cousinsek Ingalaterrako masterizatzaile onenaren saria jaso barri ebala. Baina estudio haretako guztiek egin dabe behar munduko talderik onenakaz. Hori bai, Cousinsek egindako masterizazinoagaz oso pozik geratu gara, lan bikaina egin dau.

8.- Letrak barriz, zeuk egin dozuz danak, besteen letrak abestea kostau egiten jatzu?

Bai, guk abestiak inprobisazinoaren bidez egiten doguz eta horregaz batera berbak sartzen joaten naz ni eta behin hori eginda, melodia horri beste baten letrea sartzea gatx egiten jat. Alderantziz, eginda dagoan letreari musikea jartea, errezagoa izango litzateke, baina hori behin baino ez dogu egin, Maialen Lujanbioren bertsoak musikatu genduzanean, 18/98 epaiketako abestian. Gure diskoetan, barriz, inoiz ez dogu besteen letrarik sartu.

9.- Kukutza gaztetxearen ganeko abestia egin dozue, historia luzeko kantea da, ezta?

Bai, orain dala urtebete baino gehiago, Kukutzak hamar urte bete ebazan eta guri eskatu euskuen kantea egiteko. Kanta hori ezagun egin zan gero, internet bidez asko mogidu zan eta kontzertuetan be harrera ona euki eban. Horregatik, hasieran ez genduan diskoan sartzeko asmorik, baina jenteak gustuko ebala ikusita eta estudioa eskura genduala jakinda, barriro ganoraz grabau eta hortxe dago diskoan, holan euskarri fisikoa emon deutsagu.

10.- Era diskoaren banaketa modua be barritzailea da, kontzertuen sarrerea eta diskoa hamar euroan saltzen dozuez, zergatik aukeratu dozue sistema hori?

Konturatu ginan, gure diskoetan diru asko sartzen hasi garela eta zigilua euki arren, gastua handia da guretzat. Azkenean pentsau genduan: prozesu osoan geu gabilz lanean eta dirua be geuk jarten dogu, ba agian komeni jaku diskoaren banaketea be kontroletea, diskoak nora doazan geuk erabagitea. Batzar baten otu jakun ideia hori, azken finean, kontzertuetara datozan guztiek diskoa lortuko dabe eta birritan etorten badira, bi eukiko ditue, lagunen artean banatzeko. Gure diskoa leku guztietan egoteko era ona da hori.

11.- Urriaren 16an, Ondarroako Kafe Antzokian, diskoaren aurkezpen birako lehenengo kontzertua emon zenduen. Zer moduz?

Oso ondo, jentez ganezka egon zan eta bateren bat kalean geratu zala be jakin dogu. Guretzat hunkigarria izan zan. 500 pertsona sartu ziran eta hara, horreek guztiek badaukie gure diskoa. Ondarroan be zale finak daukaguzala esan behar da.

12.- Diskoaren kantek zuzenean be funtzionetan dabe orduan.

Bai, subertea euki dogu. Abesti batzuk interneten eskegita euki genduzan lehendik eta kontzertuan konturatu ginan entzule batzuek buruz ikasita eroan ebezela.

13.- Musikan sasoi barriak datozala esaten da eta egokitu egin behar da. Zuek, banaketearen arloan batez be, pausua egin dozue. Etorkizuna hortik etorri leiteke?

Euskal Herrian dagoana ikusita, behintzat, disko gehienak autoekoizpenak dira eta orduan, pausuak emongo dira, bai, norberak bere diskoa banatzeko. Diru askorik ez dau emoten diskoaren salmenteak, baina, behinik behin, norberak kontrolauko dau nora doan. Hori bai, disketxeek ez badabe talde barrien alde egiten, galdu egingo dogu asko, ideia barriak finantzau behar dira, ez zaharrak bakarrik. Nazinoarteko disketxe handiak zertan dabilzan begiratzea komeni jake bertokoei. Esaterako, nik neuk, nahikoa daukat goizez behar egin eta arratsaldez musikea sortzeagaz, ezin dot disketxeen atzetik ibili egunero. Disketxeek eurek be, talde barrien kontura keja gitxiago eta etorkizuneko plangintza hobea behar dabez.

14.- Hain zuzen be, noiz edo noiz entzuten da euskal musikagintzearen maileak behera egin dauala urteotan, egia da?

Ez, kontrakoa, orain musika hobea eta anitzagoa egiten da. Kalidade handiagoa dago, baina egoerea aldatu da. Lehen kontzertu eta talde asko egoazan, baina diskoak militantziaz erosten ziran sarri. Orain egoerea normaldu da eta publikoak musikea erosten dau gustuko dauelako. Kalidadea, baina, gaur egun askoz be hobea da. Aurrekoa be ona zan, baina beste kontestu bat zan. Gaur egun, agian danok ezin dogu musikatik bizi, baina horrek ez dau esan nahi egiten doguna ez dagoanik ondo edo jarraitzailerik ez daukagunik. Estiloen aldetik be, gaur eguneko euskal musikea zabalagoa da, nire ustez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu