Bilbon izango da VII. Literatura Eskolearen lehenengo hitzordua

Bizkaie! 2010-10-22 14:18   Kulturea

VII. Literatura Eskolea Urriaren 23an abiatuko da Bilbon, Nabarra aldizkariaren egoitzan (Marzana Kaia, 11). Berbagaia: Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua. Akuilari: Ibai Atutxa eta Maria Colera.

Larrabetzun hasi ginan, orain zazpi urte. Irakurten ikasteko Literatura Eskola antolatu gura genduan, euskerazko literatureari buruz genkiana baino askozaz gehiago jakiteko, munduko literaturea mundua bera bezain zabal eta anitz ezagutzeko. Gaiak, hizlariak, egunak eta ostantzekoak geuk aukeratuko genduzan, geure gurarien arabera, inork derrigortu barik. Literatura Eskolara hurreratuko ginenon arteko sarea osotzeari eta literaturazaleok ikasteko, konpartiduteko, eztabaidatzeko topagunea izateari berebiziko garrantzia emon deutsagu hasieratik. Ahalegin horren emoitzeari esker zabalduko doguz Literatura Eskolako ateak zazpigarren urtez, Euskal Herri osoan. Zazpi urteotan Eskolaren beraren egiturea eta funtzionamendua errotzeaz gan, euskerazko literatura euskaldunen artean ezagutarazoteko eta prestigiatzeko bideratutako hainbat egitasmo jarri doguz abian, besteak beste, Eako poesia egunak, Literaturia edota Ahotsenea. Horreek guztiak eskolakideon arteko gogoeta zein egonezinetik ernetutako egitasmoak dira. Etenbakoak diran hausnarketa horreetatik, 2010/2011 ikasturterako beste bi proposamen plazaratuko doguz:

• Saio osogarriak: Eskoela egingo dogun aste berean, oro har literatureagaz zein beren beregi Eskolan landuko dogun gaiagaz zerikusia izango dauen ekitaldia proposatuko dogu.

• Literatura koadernoak: Aurtengo eskoletan berbagai izango doguzan gaien edukiak jasoko dituan koadernoa atondu eta 2011ko bagileko lehen astegoienean Larrabetzun antolatuko dogun Literaturian aurkeztuko doguz.


Literatura Eskola 2010-2011. Egitaraua

- Urriaren 23an, Bilbon, Nabarra aldizkariaren egoitzan (Marzana Kaia, 11). Berbagaia: Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua. Akuilari: Ibai Atutxa eta Maria Colera.

- Zemendiaren 6an, Tolosako Bonbereneaetxean. Berbagaia: Mikel Laboaren hizkuntzak. Akuilari: Leire Lopez Ziluaga eta Ibon Rodriguez.

- Abenduaren 18an, Oreretako Mikelazulo alkartean. Berbagaia: Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref.). Akuilari: Beñat Sarasola.

- Urtarrilaren 15ean, Gasteizeko Hikaateneoan. Berbagaia: Nobela grafikoaz. Akuilari: Harkaitz Cano.

- Zezeilaren 19an, Ziburuko AEKren gaueskolan. Berbagaia: Kartzelako literaturea. Akuilari: Jose Luis Otamendi eta Mitxel Sarasketa.

- Martiaren 19an, Donostiako Ernest Lluch kultur aretoan. Berbagaia: Queer literaturaz. Akuilari:Iratxe Retolaza eta Ibon Egaña.

- Apirilaren 16an, Durangoko Udal liburutegian. Berbagaia: Punka eta literaturea 80ko hamarkadan. Akuilari: Juan Luis Zabala.

- Maiatzaren 21ean, Iruñeako Euskaldunon Biltokian (Txantrea). Berbagaia: Xabier Leteren poesiagintzea. Akuilari: Jose Angerl Irigaray.

- Bagilaren 3,4 eta 5ean Larrabetzun: Literaturia.


Saio osogarriak

2010ean,

• Zemendiaren 3an, Tolosan Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat... Laguntzailea: Ion Olano. 111 akademiagaz auzolanean.

• Abenduaren 17an, Oreretan, Mikelazulo kultur alkartean: Eta Karmele? antzezlana 20:30ean. Antzezleak: Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias.

2011an,

• Martiaren 18an, Donostian, Bukowski tabernan: King kong neska antzezlana 21:00etan. Antzezlea: Josune Monton.


Izena emotea eta matrikulea

Gure auzoeskolara edozein etorri daiteke, ez dogu numerus claususik, ez dago doktorea izan beharrik, zantarrak be onartzen doguz. Literatura maitatzea eta auzolanerako gogoa doguz baldintza bakar.

• Urte osoko matrikula: 20€
• Eskola solte bakotxeko: 10€
• Izena emoteko: www.literaturaeskola.org edo eskola@literaturaeskola.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu