'Hizkuntza normalkuntzea adostasunetik baino ez da etorriko, inoiz ez inposizinotik' Lurdes Auzmendiren esanetan

Bizkaie! 2010-10-22 11:59   Euskerea berbagai

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretuaren gainean Auzmendi and.ak esan eban Eusko Jaurlaritzeak ez dauela ezelako asmorik euskerea ez erabilteagaitik enpresa bati isuna jarteko eta, beraz, dekretua berregingo dauela: 'Hizkuntza normalkuntzea adostasunetik baino ez da etorriko, eta inoiz ez inposizinotik'

IMH-k antolatutako 30+10 Mintegiaren barruan Hizkuntza-kudeaketa enpresetan gaitzat hartuta egin dan jardunaldian parte hartu dau Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Hitzaldia hasteko, IMH-ren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen artean hartu-emon sendoak egon dirala aitatu eta hartu-emon horreei eusteko borondatea azaldu eban: 'IMH eta HPS-ren arteko lankidetza protokoloa eguneratzeko lanak abian dira eta esango neuke laster izango dogula aukerea protokoloa barritzeko, legegintzaldi honen amaierara arte behintzat'.

Jardunaldiaren gaiari heldu eutson jarraian Auzmendik: 'Hizkuntzearen eta enpresearen arteko loturan dago gure elebitasunaren eta eleaniztasunaren gune estrategikoetako bat', eta mintzaldiaren hiru ardatzak zerrendatu zituan: 1. LanHitz izeneko diru-laguntzinoa; 2. Bikain ziurtagiriaren egiturea eta bilakaerea; 3. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua.

Auzmendik gogoratu eban euskera planak diseinetako eta horreek urtero garatzeko sortu zala LanHitz eta dagoeneko 175 bat enpresa dirala modu eraginkorrean diru-laguntzino horreen onuradun diranak: 'Horreetako enpresa askok euskal ekonomian eragin handia dabe, eta alde horretatik, euren ereduak -elebitasun kudeaketeari jagokonez- efektu biderkatzailea izan leike'. Aurten, 200.000 euroko gehigarria bideratu da eta datorren urteari begira aurten gehitutakoari eusteko borondate osoa dauka Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, eta holan islatuko da 2011ko aurrekontuen proposamenean: 'Horreen arabera, beste diru-laguntzen ondoan Lanhitz izango da mozketarik igarriko ez dauen diru-laguntzino bakarra'.

Bikaini jagokonez, Auzmendik esan eban ziurtagiriaren ibilbide oraingoz laburrean 74 izan dirala oraingoz emon diran ziurtagiriak eta gaineratu eban ziurtagiri-sistemearen bikoizketea ebitau egin beharko litzatekeela: 'Hemen bi ziurtagiri-sistema doguz eta akabuan gatxa da ulertzen zergaitik euki behar doguzan bi sistema paralelo. Horregaitik Sailburuordetza honen asmoa da sistema biak egitura koherente eta bakar batera eroatea'.

Azkenik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretuaren gainean esan eban Eusko Jaurlaritzeak ez dauela ezelako asmorik euskerea ez erabilteagaitik enpresa bati isuna jarteko eta, beraz, dekretua berregingo dauela: 'Hizkuntza normalkuntzea adostasunetik baino ez da etorriko, eta inoiz ez inposizinotik'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu