Euskampus proiektuak ‘Nazinoarteko Bikaintasun Campus’ kalifikazinoa lortu dau

Bizkaie! 2010-10-22 10:46

Euskampus izan da programako azken fasera pasau eta nazinoarteko batzorde batek ebaluau dituan 22 proiektuetako bat. Proiektuak euskal gizartearen nahiz erakundeen babes nabarmena jaso dau.

Euskampusek, UPV/EHUk, Donostia International Physics Center (DiPC) Fundazinoak eta Tecnalia Corporación Tecnológica-k alkarlanean egin eta garatu daben proiektuak, Nazinoarteko Bikaintasun Campus kalifikazinoa lortu dau. Hauxe da Hezkuntza Ministerioak antolatutako Nazinoarteko Bikaintasun Campus deialdira aurkeztutako proiektuek jaso leikien kalifikazino gorena. Euskampus izan da programako azken fasera pasau eta nazinoarteko batzorde batek ebaluau dituan 22 proiektuetako bat. Nafarroako Unibersidade Publikoak (NUP) be autorpena jaso dau.

Euskampus proiektuak euskal gizartearen nahiz erakundeen babes nabarmena jaso dau. Gaur oso egun polita da niretzat, akaso erretore legez euki dodan egunik zoriontsuena. DIPC eta Tecnaliak emondako laguntza itzela eskertu nahi dot ozen. Proiektu honen arrakastea eurena be bada. Euskal Herriko Unibersidadeak bidea egiten dau zientzia sortuz. Eta bide honetan DIPC, Tecnalia eta Bordeleko unibersidadeak gure alkarkide estrategikoak dira. Historia egin dogu eta zientziatik ongizatera doan bide hau alkarregaz egitean oso pozik sentiduten gara, nabarmendu dau Iñaki Goirizelaia erretoreak. Bere aldetik, Donostia Physics Center-eko presidente Pedro Miguel Etxenikek azaldu dau: Hau da gure herrialdeko errealidade sozial eta ekonomikoari egiten jakon aitorpena eta Tecnalia Corporación Tecnológicako presidente Joseba Jauregizarrek: Tecnaliarentzat atsegin bidea izan da, UPV/EHU eta DIPCegaz batera, autorpen hau lortzea.


Unibersidade bat, Herrialde bat, Campus bat

UPV/EHU gidari izan da, DiPC eta Tecnalia erakundeakaz alkartzeko eta Euskampus ekimena eratzeko prozesuan. Proiektuaren bidez, prestakuntza, ikerkuntza eta barrikuntza gune bat sortu nahi da, nazinoartean garrantzitsua izango dana. Campusaren kontzeptu barria giltzarria izango da, era berean, euskal gizartearen eta ekonomiaren eraldaketarako.

Euskampus proiektuak eraldaketa ekonomikoaren eragilea izan nahi dau Euskal Autonomi Erkidegoan; irakaskuntza, zientzia eta teknologiako erreferente bat Europako Ardatz Atlantikoan; eta, lurralde-garapenaren erreferentzia-eredu bat. Unibersidade bat, Herrialde bat, Campus bat da ekimenaren lema.

Proiektuak hiru espezializazino arlo garatzen ditu; alde batetik, alkartutako erakundeen arteko sinergiak areagotzen dituelako; eta bestetik, ahalmen handia dabelako gizarte-ongizatean eta bizi-kalidadearen hobekuntzan. Honeek dira:

1) Ekosistema iraunkorrak eta ingurumen-teknologiak.
2) Prozesu barritzaileak eta material barriak.
3) Zahartzea eta bizi-kalidadea.

Horreexek izango dira Euskampusen jarduera eremu estrategikoak. Proiektu integratzaile, malgu eta dinamiko hau alkarketearen zutabe nagusietan eratuta dago: materialen fisikea, kimikea eta robotikea. Gogoratu behar dogu EAEren egungo produkzino zientifikoaren % 95 baino gehiago alkarketan parte hartzen daben hiru erakundeek sortzen dabela.

Datozen urteetan, Euskampusek tresna giltzarria izan nahi dau EAEren eraldaketa ekonomikoan, sozialean eta kulturalean. Gure helburua, adierazo dau erretoreak, datozen urteetan Euskadi erabat aldatzea da eta Euskampus izatea prozesu horren gidaria eta dinamizatzailea. Gure unibersidadeak bere gain inoiz hartu dauen proiektu estrategiko garrantzitsuena da, eta seguru gagoz unibersidadea eta gure herrialdea etorkizunerantz jaurtiko dauen palanka bihurtuko dala.

Proiektuan mugaz gaindiko campus bat sortzeko asmoa be badago Bordeleko Unibersidadearen Pôle de recherche et d’enseignement supérieur-egaz batera. Nazinoz gaindiko sare bat eratu nahi da, nazinoarteko eragina izango dauena eta Atlantikoaren ardatzean jakintzaren sorrerarako erreferente bihurtuko dana.


Erakundeen laguntzinoa

Alkartutako hiru erakunderen konpromisoa izateaz gan, Euskampus honako erakundeek babestu dabe: Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluak (IZGK); biomaterialei, biozientziei edo biomedikuntzearen arloko ikerkuntzako erakunde nagusiek (CICbiomagune, CICbiomargune edo CICenergigune); biomedikuntzako zentroek (Cibersam, Ciberned eta CiberBBN); Espalazino bidezko Europako Energia Iturriak (ESS Bilbao), zahartzean espezializautako fundazinoek (BioDonostia, BIOEF, Ingema, CITA-Alzheimer eta Inbiomed), eta, automozino, energia, ingurumen eta erreminta-makinen klusterrek, Iberdrola eta CAFegaz batera.
Era berean, proiektuak Euskadiko erakunde nagusien babesa jaso dau, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-diputazinoena; Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalena, Eudelena eta UPV/EHUk egoitza dauen udalerriena (Barakaldo, Eibar, Erandio, Gorliz, Leioa, Plentzia eta Portugalete). Euskampus sustatu dabe enpresa-sektorea eta I+G+b bultzatzen daben erakundeek; besteak beste, enpresa-alkarteek (Confebask, Adegi, Cebek eta Sea), hiru merkataritza-ganbarek, Innbasque agentziak eta Biobasque bioeskualdeak. Era berean, ezin ahaztu euskal ekonomian eta kulturan erreferenteak diran erakundeak, esate baterako, BBK, Kutxa eta Vital kutxak, Petronor, AIC Automotive, Eitb, Euskaltzaindia, Donostiako Aquariuma, Gasteizko Artium museoa, eta Bilboko Guggenheim eta Arte Ederretako museoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu