Jon Lamarka: 'gure erronkea da aldi berean lokalak eta globalak izatea'
2010-10-18 12:45 BarriketanJon Lamarka (Donostia, 1963), EITBn zenbait programatan ibili ostean, orain dala ia 3 urte Gaztea taldean sartu zan zuzendari Edurne Ormazabali txandea hartuz.
Aurten, Gaztea irratia 20. urteurrena ospatzen dago eta oraintsu Lovin' Gaztea diskoa plazaratu dabe, maitasun kantuen bilduma berezia, bertsino bereziak zein jatorrizko kantuak tarteko dirala.
Gaztea irratiaren ibilbideaz, 20 urteotako balorazinoaz eta bihar-etziko erronkez, hona hemen Jon Lamarkak kontau deuskuzanak:
1.- Gazteak 20 urte bete ditu aurten. Ez dira gitxi...
Ez, ez dira gitxi. Baina honezkero, gure txikitasunean handi egin garela esan daiteke. Irratia sendoa da gurea, heldua, entzule asko irabazi doguz eta sano gustora gagoz. Ehun mila entzule edo hortik gora gara eta irrati musikalen artean oso ondo gabiz gaztelaniazko batzuen gainetik be bai. Gure helburua entretenimendua eta musika ona euskaraz eskaintzea da, jentea konturatu daitelea, aisialdia euskeraz be ondo bete daitekela.
Gazteak orain 20 urte ekin eutson bideari Hertzainak taldearen Aitormena kantuagaz eta orain, barriz, Lovin' Gaztea diskoa zabaltzeko aukeratutako kantua aitatu klasiko horren bertsino bikaina da We Are Standard taldeak eskaintzen deuskuna. Hogei kantuz osotutako bilduma lan horrek bikain islatzen dau Gaztearen espiritua.
2.- Urteurren borobila izanik, balantzea egiteko ordua be bada. Ze mugarri nabarmenduko zeunke?
Balantzea positiboa da. Produktu ona, kalidadekoa eskaintzen dogu eta gure berezitasunakaz entzuleakazko hartu-emonei eutsiz gabiz beharrean eta hori da arrakastarako giltza. Ni neu orain bi urte eta erdi edo hasi nintzan oraingo zereginagaz eta tarte honetako erronka inportantea irratia, webgunea eta telebista bat egitea izan dala esango neuke, bestelako arnasa jaso dogu eta horrek entzule igoerea ekarri dau entzuleen sakabanaketea nagusi dan sasoi honetan.
Atzera eginaz, hasierako asmoa zan gazte jentea musikara, aisialdira eta oro har, entretenimendura hurreratzea. Ez zan erronka makala, hasierako pausuak ez ziran errazak izan. Bateren batzuk gogoratuko dabe baina hasiera haretan euskeraz eta gaztelaniaz emitiduten eban Gazteak, geroago egin zan apustua euskera hutsean emitiduteko eta hori mugarri garrantzitsua izan zan. Hortik aurrera musikeak eta gazteek eurek izan dituen aldaketa eta gorabehera guztiakaz batera, irratiak be aldaketak egin behar izan ditu eta esango neuke moldaketa prozesua ondo gauzatu dala, nahiz eta prozesu hori etenik bakoa izan.
Orain bost bat urte abiarazotako hausnarketa prozesua be oso garrantzitsua izan zan, entzuleen profila eta euren nahi eta gustoak zehazteko.
Beste alde batetik, orain bi urte ETB3 martxan jartea be mugarritzat joko neuke, izan be, aukerak zabaldu jakuzan eta egun Gaztea taldea moduan funtzionetan dogu eta horrek aparteko indarra emon deusku.
Horrezaz gan, 2007an argitaratutako Gaztea The singles lana azpimarratuko neukizu, izan be, oihartzun handiko erronkea izan zan, gure erkidego honetan bizi dan erdal jenteari gure irratia ezagutzera emoteko. Aurte, barriz, Gaztearen 20. urteurrenean, Lovin' Gaztea diskoa plazaratu dogu, maitasuna ardatz hartuta, azken 20 urteotako maitasun kantu klasikoen bildumea.
3.- Laster hiru urte beteko dozuz Gaztearen ardureagaz. Telebista mundutik zatozela jakinik, ze pausu emon dozu, ze ekarpen egin deutsazu irratiari?
Telebistan ohituta gagozanak, onerako eta txarrerako, audientzien menpean bizi izan gara eta jakina audientziak ez leuke gure irrati eta telebista publikoan azken jomugea izan behar baina oso aintzat hartzekoa da ze zuk egiten dozun produktua jentearentzako da, ezaugarri jakin batzuk dituan jentearentzako. Ze entzule daukazun, zeinengana heldu nahi dozun, klabe batzuk emoten deutsuz audientziak eta alde horretatik, telebistan emondako urteetan ikasitakoak irratiaren mundura ekarten saiatzen naz.
4.- Irrati musikalen artean, 100.000 entzule ingurugaz puntaren puntan dago Gaztea, baita gaztelaniaz dabilzan batzuen gainetik. Zer eskaintzen dau Gazteak apartekorik?
Gure erronkea da aldi berean lokalak eta globalak izatea eta hori ez da erraza. Irratia, webgunea eta ETB3 daukaguz orain eta Gaztea dibersifikau egin da eta horrek gauza on asko emon deuskuz, aukera barriak sortu jakuz eta gazteen artean erreferente gara kalidadeari eutsiz eta gure musika industriagaz lotutako guztia mimo bereziagaz landuz.
5.- Telebistako musika saioek orain urte batzuetakoakaz konparauta indarra galdu dabela pentsetan dozu?
Ni ibili nazen munduetan, ETB1 eta ETB2n, egia da audientzia datu eskasak dirala holakoetan eta beharbada gehiegitxu esango dot, zer egin beharko litzatekeen eta zer ez horren harian, baina musikearen industria krisian dagoan honetan, deskargak, diskoak ez dirala erosten, kontzertuetara joateko jokerea apaldu egin dala eta beste kopla batzuk tarteko, inoiz baino musika gehiago entzuten da egun. Hor badago demanda bat telebistan eta kontzertuak ikusteko... Dirua eukiko bageunke bere garaian pelota eta arraun erretransmisinoakaz pasau zan legez, musikeagaz egitea be interesgarria izango litzateke. Nik uste dot telebistako kontzertuek badaukiela indarra gaur egun be baina asmau beharko litzateke alde teknikoan zelan hobetu produktuak eta jentearengana zelan heldu.
6.- 20 urte, 20 kantu, Loving' Gaztea bildumea plazaratu dozue. Zein izan da disko hau atarateko arrazoia?
Zer izan garen ahaztu barik zer izan nahi dogun erakustea zan asmoa eta, esangura horretan, diskoak bikain islatzen dau irratiaren espiritua. Gure entzuleak 14 urtetik 35era bitartean dabiz, gehienak 20 urteren bueltan eta asmoa zan euskal musikagintzan erreferente izan diran batzuk ezagutarazotea. Atara kontuak, egun 20 urte dituan gaztea Hertzainak taldearen Aitormena kantuagaz batera jaio zan eta, beraz, beste erreferente batzuk ditu. Eten hori apurtzeko, Aitormena kantuaren bertsinoa We Are Standard taldeari agindu geuntsan, gustoko taldea dogulako eta gaur egun egiten dan musikearen ordezkari izan daitekezalakoan. Getxotarren bertsinoa guretzat erregalua izan da, kantua barritu egin dabe eta erraz sartzen diran horreetakoa da. Ganera, jatorrizko Aitormena kantuagaz hasi zan Gaztearen emisinoa eta kantu berezia da guretzako.
Edozelan be, ikuspegi gozo eta gazia tarteko, amodiozko kantuen bildumea da eta atxakia horregaz errepaso bat egin gura genduan zer izan dan urte honeetan euskal musikearen panoramea.
7.- Aitormena kantuaren bertsinoa ez eze, beste 19 batu dozuez...
Bai. Guztiei meritua autortuz, batzuk oso deigarriak dira, berbarako Barricada taldearen Mañana sera igual kantuaren euskerazko bertsinoa, Menton de Fogarthy taldeak egin dauen Itoizen Hegal egiten kantuaren bertsinoa, Dj Makalaren Esne Beltzagaz egindako remixa. Ganerakoak, ia ez dodan inor ahaztuten, jatorrizko kantuen grabazinoak dira: Betagarri, Gatibu, Kauta, Sei Urte, Ken Zazpi, Gose, Berri Txarrak, Kerobia, Deabruak Teilatuetan, Sugan, Lauroba, Seiren, Gari, The Uski's eta Su Ta Gar.
Ahal izan ezkero, gehiago be sartuko genduzan baina uste dot lehenengo kanturik azkenekora ibilbide polita egiten dauela diskoak. Globalizazinoaren garaiotan geureari aparteko bultzadatxua emon gura geuntsan eta hor dago gure ekarpena.
8.- Zeintzuk dira datozen urteotarako Gaztearen erronkak?
Erronka nagusia bizirautea da. Gu irrati txiki eta sinplea gara irrati handien artean eta horrek bestelako indarra emoten deusku. Irrati formula izan arren, plus bat daukagu, nortasun berezia, euskeraz egiten dogu eta musika arloan, bertokoari eta hain komertziala ez danari be garrantzia emoten deutsegu eta hor dago gure berezitasuna. Lehen esan deutsudan legez, irratia ez eze, webgunea eta telebista be hor dagoz, marka bat gara, Gaztea taldea, 20 urte pasau eta osasuntsu dagoana eta, beraz, marka hori indartzen segiduko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!