Euskaltzaindiak 'Euskera' agerkari ofiziala barriztau dau

Bizkaie! 2010-10-18 10:51   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak Euskera agerkari ofiziala barriztau dau, eta forman ez eze, edukietan be zenbait aldaketa egin dau Akademiak. Aldaketa horreen asmo nagusiak dira, batetik, Euskera agerkariaren kalidadea bermatzea, eta bestetik, komunidade zientifikoan erreferentziazko argitalpena izatea.

Euskaltzaindiak Euskera agerkari ofiziala barriztau dau, eta forman ez eze, edukietan be zenbait aldaketa egin dau Akademiak. Aldaketa horreen asmo nagusiak dira, batetik, Euskera agerkariaren kalidadea bermatzea, eta bestetik, komunidade zientifikoan erreferentziazko argitalpena izatea.

Akademiako iturriek jakinarazo dabenez, hori dala-eta, aldizkari zientifikoek azken aldian daroen homologazino prozesu orokorraren baruan, Euskera-gaz be ahalegin berezia egin dau Euskaltzaindiak: CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) erakundeak ezarri dituan kalidade ereduen arabera ebaluau ahal izateko, beharrezkoak diran Latindex erispideak bete dira, eta izen bereko Katalogoan integrau da.

Gaur, astelehena, hilak 28, egin dau agerkari barriztuaren aurkezpen ofiziala Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Gainera, etapa barri honen hiru liburuki aurkeztuko dira: 2009, 54, 1, Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa batzen dauena, eta 2009, 54, 2-1 eta 2009, 54, 2-2; izan be, ikerketa-lanak jasoten dituan bigarren zenbaki honek bi zati ditu, eta bi liburukitan argitaratzen dira.


Hiru zenbaki urtero

Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da eta 1919tik argitaratzen da, nahiz eta aldi horretan zehar bi eten izan dituan: 1938tik 1952ra, batetik, eta 1954tik 1955ra bitartean, bestetik. Historikoki, Akademiaren lanak eta agiriak jaso ditu eta, orobat, hainbat egileren artikulu zientifikoak eta txosten akademikoak.

Kontuak kontu, agerkariaren izaera instituzionalari eutsiko jako hemendik aurrera, eta horregaz batera ikerketa-artikuluei, orain arte baino leku zabalagoa eta zehatzagoa emongo jake.

Holan bada, Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horreetatik bik -lehenengoak eta hirugarrenak- Akademiaren jarduerak eta bizitza akademikoa -hizkuntza-arauak eta xedapenak- jasoko ditue. Bigarrenak, barriz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasoko ditu. Bigarren zenbaki honen artikulu guztietan sarrera eta onartze-datak zehaztuko dira, bai eta laburpena argitaratuko be, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Egileak euskaltzainak edota arloan arloko adituak izango dira.

Hona hemen Euskera agerkarian jorra daitekezan zenbait gai: Euskal Filologia, Hizkuntzalaritza Orokorra, Gramatika, Dialektologia, Lexikografia / Lexikologia, Literatura, Toponimia / Onomastika, Fonetika eta Fonologia, Semantika eta Pragmatika, Hizkuntzaren Historia, Hizkuntzaren Normatibizazinoa, Hizkuntzaren Normalizazinoa, Soziolinguistikea, Teknologia barriak eta Hizkuntzea, Iurilinguistika eta Hizkuntza-zuzenbidea, Itzulpengintzea, Zientzia-arlo desbardinetako euskera teknikoak... Orobat, aintzat hartuko dira beste hainbat esparrutako diziplinak, euskereagaz zerikusirik daben neurrian. Liburu-aitamenak be argitaratuko dira.


Gaur hiru liburuki aurkeztu ditue:

- 2009, 54, 1. Lehengo zenbakia izanik, Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa batzen dau. Ondokoak dira gai nagusiak: Joseba Lakarraren sarrera-hitzaldia, Euskaltzaindiaren 90. urteurrena ospatzeko Arabako Foru Aldundian eta Hazparnen (Lapurdi) egin ziran ekitaldiak, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatua, Durangon egin zan 'Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana' izeneko ikastaroa eta Uztapide bertsolariaren omenez Zestoan egindako mahai-ingurua. Ikerketa bi, batzar-agiriak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenei buruzko informazinoa be jaso da.
- 2009, 54, 2-1 eta 2009, 54, 2-2. Izan be, ikerketa-lanak jasoten dituan bigarren zenbaki honek bi zati ditu, eta bi liburukitan argitaratzen dira. Lehenengoaren gai nagusia Ikasteredu elebidunak eta euskerearen azterketan (iker)molde barriak izango da, bigarren zatiarena, ostera, Gerra Zibila eta euskal literaturea.

Ikasteredu elebidunak eta euskararen azterketan (iker)molde berriak lanaren arduradunak Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña izan dira. Eurek adierazp dabenez, liburu honen helburua euskereari buruz eta haren ikas/irakas prozesuaren inguruan egiten dan ikerkuntzea jasotea da, euskerearen irakaskuntzan aurrerapausu kualitatiboa eragiteko.

Gerra zibila eta euskal literatura lana, barriz, Ana Toledok koordinau dau. Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu zala 70 urte beteten zirala eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak jardunaldiak antolatu zituan EHUko 2009ko Uda Ikastaroen barruan, jazoera harek euskal literaturan izan dauen oihartzuna aztertzeko asmoagaz. Han aurkeztu ziran hitzaldiak batzen dira hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu