Soziolinguistikearen oinarrizko teoriek eta ikerketek Euskal Herrian izan daben garapena aztertu dabe liburu batean

Bizkaie! 2010-10-14 17:16   Euskerea berbagai

Zortzi idazlek euskerazko lehen Soziolinguistika Eskuliburua idatzi dabe, Soziolinguistika Klusterraren ekimenez. Liburuak soziolinguistikearen oinarrizko teoriak eta ikerketak batu ditu, bai eta Euskal Herrian teoria eta ikerketa horreek izan daben garapena be.

Zortzi idazlek euskerazko lehen Soziolinguistika Eskuliburua idatzi dabe, Soziolinguistika Klusterraren ekimenez. Liburuak soziolinguistikearen oinarrizko teoriak eta ikerketak batu ditu, bai eta Euskal Herrian teoria eta ikerketa horreek izan daben garapena be.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak gaur aurkeztu dabe eskuliburua Gasteizen, eta hizkuntza-plangintzan lanean dabilzan profesional eta arduradunentzako erreferentziako liburua izango dala azpimarratu dabe.

Nazinoarteko bibliografia zabala izan dabe oinarri liburuaren egileek, eta soziolinguistikearen alorreko ehun bat kontzeptu jaso ditue glosategian, besteak beste, corpusaren plangintzea, egozentrismo glotikoa, eleaniztasuna, elebitasuna vs. diglosia, erregistroa, estatusaren plangintzea, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia, hizkuntza-darwinismoa, hizkuntza-politikea edo hizkuntzearen arnasguneak.

Arkaitz Zarraga, Jean-Baptiste Coyos, Jone Miren Hernandez, Lionel Joly, Imanol Larrea, Loren V. Martinez, Belen Uranga eta Paul Bilbaok idatzi dabe eskuliburua, baina beste 30 bat adituk be parte hartu dabe liburuaren edukien diseinuan. Soziolinguistika Klusterreko Oihana Lujanbiok koordinau dau lantaldea eta aholkularitzea emon dabenen artean dagoz Iñaki Martinez de Luna (EHU), Mikel Zalbide (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), Koldo Zuazo (EHU), Julen Arexolaleiba (Mondragon Unibersidadea) eta Paula Kasares (NUP).

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean adierazo dauenez, Soziolinguistika Klusterrak bideratu dauen lanari esker, eskura dakaguz, soziolinguistika diziplinearen terminologia, oinarriak eta kontzeptu nagusia.

'Esku artean daukagun emoitzeak euskal soziolinguistikearen esparruan mugarri izateko aukera guztiak dituala kontuan hartuz, gertakari honen aurrean pozarren sentiduteko aukerea erabili nahi dogu aurrerantzean gitxienez kalidade bereko azterlanak bultzatzeko gure asmoa berresteko', esan dau Auzmendik.

Soziolinguistika Klusterreko presidente Iker Martinez de Lagosen esanetan, klusterraren eta berau osotzen daben bazkide guztien ames eta erronka nagusietako bat betetera dator gaur aurkezturiko argitalpena. Bere hitzetan, euskerearen normalizazinoan lanean dabilen edozeinentzako tresna baliogarria da, 'hizkuntzearen egoerearen diagnosi aberatsagoa egiteko oinarri eta euskerea indartzeko politikak eta egitasmoak modu eraginkorragoan diseinetako lagungarri'.

Bestalde, Ivan Igartua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendariak iragarri dau 2011n Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Mapa Soziolinguistikoa barritu egingo dauela Eusko Jaurlaritzeak. Era berean, Soziolinguistika Klusterrak be Euskal Herriko Kaleetako Hizkuntza Erabilerearen Neurketea barrituko dau.

Igartuak gogoratu dau EAEko Mapa Soziolinguistikoa bost urtean behin egiten dala, eta orain hasiko dirala prestakuntza-lanak egiten. Holan, datu batzeak egingo dira Euskal Herri osoan, eta horren ondoren egingo dira ponderazinoak eta preparauko da argitalpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu