Iñaki Aurrekoetxea: 'gure erronkea da bertsolariak egindako merituak ondo baloretea'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2010-10-07 12:22   Barriketan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako epaileaBizkaiko Bertsolari Txapelketako epailea

Iñaki Aurrekoetxea Bilbon jaio zan 1970eko martiaren 18an. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea ofizioz. Gaztetatik egon da bertsoari lotuta: bertsolari, gai-jartzaile eta epaile beharrak be egin ditu. Bizkaie!, Bizkaia Irratia, Euskadi Irratia eta Berrian be kolaborau izan dau, besteak beste. Izan be, Bizkaie!-n, 'Bertsotan' atala berak egiten eban ni hasi aurretik.

Bertsozale Elkartean transmisino-saileko arduraduna izandakoa da eta Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteetako zuzendaritza-kide be bai. Bertso-sorta ederrak egindakoa da eta sariak be irabazi izan ditu. Sorta horreetako batzuk Mikel Urdangarinen abesti bihurtu dira.

Guk beragaz egon gura izan dogu Bizkaiko Bertsolari Txapelketako domekako, urriaren 10eko lehenengo kanporaketa saioa (Mungiako Olade aretoan, 17:30ean. Bertsolariak: Oihana Bartra, Xabier Enbeita, Julen Erezuma, Itsaso Paia, Ander Elortegi eta Julen Sololuze. Gai-emoilea: Maite Berriozabal) baino lehenago eta epailearen beharren inguruko erantzun argigarriak emon deuskuz. Eskerrik asko, Iñaki, eta ea gustetan jatzuen:


1.- Zenbat lagun zagoze epaile-taldean? Nongoak? Beteranoak eta hasibarriak be badagoz?

Neuk beste badakizu honetaz, baina gustura erantzungo deutsut, Gorka. Ointxe momentuan bederatzi kidek osotzen dogu, zeu barne, Bizkaiko Txapelketarako epaile-taldea. Taldea zabaltzeari ekin geuntsan 2008ko txapelketearen aurretik, eta tarte honetan beste hiru-lau persona be etorri izan dira trebatze-saioetara. Eskualde gehienetako partaideak gagoz, Enkarterriko ordezkaritzea baino ez dogu falta. Taldea nahiko gaztea da, batez be 2006an barritu zanetik. Txapelketa batzuk pilatu dituen epaileak dira batzuk, beteranoak zentzu horretan; 2008an pare bat estreinau ziran; eta aurtengoan epaile barri bat hasi da. Giro ona dago taldean, eta jente barria erraz dabil sartzen dinamika horretan.


2.- Bertsolari batek Txapelketea preparetan dauen moduan, zeuek be preparetan dozue?

Zelan ez! Txapelketea kontu serioa da, epaileari be ardura handia eskatzen deutso. Hasteko, epai-erispideak ondo ezagutu behar dira. Aitatu dot trebatze-saioak be egiten doguzala. Aurten bost edo sei egin doguz. Aurreko txapelketetako saioak entzun, puntuau eta ostean, alkarregaz komentetan doguz, patxadaz, txapelketan bertan egoten ez dan denporea hartuta. Erispideak bateratzeko ahaleginean, idatzita ez dagozan hainbeste konturen ganean ibilten gara, nork bere sentsazino edo eretxiei argudioak iminita, eta besteenakaz hausnarketea eginaz. Kontuizu erispideak bateratzea esan dodala eta ez puntuazinoak bateratzea. Hori ez da helburua, azkenean bertso bakotxari emondako epaian subjektibotasun maila bat be badagoalako, bat-bateko testuak epaile bakotxagan izan dauen eraginak baldintzatutakoa. Kontu objektiboen ganeko erispideak bai, horrek adostu eta zehazten doguz; baina, gero, epaile batek -geuk be bat-batean egiten dogu geure lana- arreta gehiago jarriko dau hizkuntza kontuetan eta beste batek, argudioen joskeran edo errimearen aberastasunean. Bakotxak puntuazino bat emongo dau: orokorra. Preparazinoaren helburua izaten da puntuazino horretan alde objektiboa bateratua egotea, batetik, eta alde subjektiboa justifikauta egotea, bestetik, partzialtasunak ebitetako.


3.- Bertso batek zer behar dau 8,5 izateko?

10eko bertsoak ez daukan zehetasun zigorgarriren batzuk (errima pobretxua, koherentzia falta txiki bat, trabatutako ahoskera bat…), edo baleko bertsoak baino meritu batzuk gehiago: aurrekoaren arrazoiari azken arrazoiagaz erantzutea, erregistroa egoki erabiltea, errima aberatsa (soinuan, kategoria gramatikalean zein lexikoan), edo umore kolpe geniala, beste barik.


4.- Inoz ipini deutsazu bertsoren bati hamarreko puntuazinoa?

Ez dot uste. Txapelketan, sikeran, ez. 9 puntu emon izan dot, baita 8 be sarritan. Ez da erraza holango bertsoak botatea, baina behin entzunda, oso erraza da puntuazino altua emotea. Beste kontu bat da askotan zigortu beharrekoan iminten dogula arreta handiena, eta egindako merituak baloretako nagitasun handiagoa erakusten dogula. Baina ez epaileok bakarrik. Gure erronkea bada meritu horreek ondo ikusi eta baloretea.


5.- Kritikak jasoten dozuez? Esker oneko beharra da epailearena?

Bai. Arbitroak gara eta danon gustua ez dogu sekula egingo. Ganera, zenbat eta jente gehiagogana heldu txapelketea, orduan eta kritikatuagoa izango da gure lana. Tartean gustu txarrekoak be izaten dira, gitxi baina zaratatsuak diranak, baina orain arte behintzat heldutasun handiz tratau izan doguz epaile-taldean. Ez dot uste esker oneko beharra danik geurea, jente gehiago eukiko genduan ate-joka, bestela; baina ez dot esango esker txarrekoa danik, gustura egiten dogun beharra dalako, eta, nik dakidala, inork ez daukagulako masokista konplejurik.


6.- Egia da orain 30 urte ona zan bertsoa gaur egun be ona dala. Ha ta guzti be, urteak aurrera joan ahala, bertso-erispideak aldatu egin dira?

Bai, aldatu dira. Kontuizu oin 30 urte epaileak alboko gelaren batera apartau eta alkarregaz eztabaidatu ostean be emoten ebela epaia! Subjektibotasunak eukan pisu handiena -bakarra ez esatearren-, eta jente 'intelektualak' eukan bakarrik ardura hori. Ordutik hona asko demokratizau da epailetza. Objektibotasunean sakondu dan neurrian (bertsotan ikasteko materiala, bertso-eskolak…), erispideak idazten joan gara, eta txapelketatik txapelketara gehitu izan dira, orraztu, eguneratu, gaur daukagun eredura heldu arte. Txapelketa Nagusiko erispideak 2005ekoak dira neurri handi baten, eta herrialdekoetarako be horreek dira oinarri. Bizkaiko Txapelketarako eranskin bat adostu genduan 2008an, batez be, bizkaierearen erabilera arautzeko beharrari erantzuteko, eta aurten ez dogu aldaketarik egin.


7.- Etxeko euskerea / bizkaera estandarra / batua... zein elejiduko zeunke Bizkaiko Txapelketarako?

Hirurak izan leitekez aukera zuzenak, bakotxa bere testuinguruan. Bertsolari batek, normalean, saio osoa egingo dau batuan edo bizkaieraz, baina ez derrigor. Bertsoaldi bakotxean biak ez nahastea da guk -eta entzuleak be, esango neuke- eskatzen deutsaguna, egindako aukeran koherentziari eustea. Koherentzia hori saio osora eroatea kontu praktikoa baino ez da, bertsolariak bata ala bestea landu izan dauelako. Ahozko hizkuntzaz ari garenez, bizkaiera estandarrari norbere kolorea emotea normala da, eta idatzian onartuko ez genduzan gauza asko onartzen doguz, zelan ez. Egiten dan aukeran koherentzia eta gitxieneko zuzentasuna eskatzen da, eta euskera egokia eta jatorra baloretan dira. Lokalismoakaz gatxagoa da bertsoaldi koherentea osotzea, eta aholkua izaten da, efekturen batek justifikatuta ez bada, beherako jauzi hori ez emotea.


8.- Hasi ez bada be, zelan ikusten dozu honezkero ganean daukagun Txapelketea?

Eskualdeetako Txapelketak egin ziran udabarrian, eta Bizkaiko Txapelketea girotzeko balio izan dabe. Arpegi barriak ikusiko doguz eta hori beti da pizgarri. Txapelduna be barria izango da eta hori motibagarria izango da bertsolarientzat, eta kalterako ez guretzat.


Galdera laburrak:

- Jateko bat: amaren baba-gorri platerkadea.
- Bazkalosteko kafea (Iñakik M. Urdangarini egindako bertso-sortaren izenburua): beti hoztuten jat.
- Bidaiatzeko leku bat: ezagutzen ez dodan edozein.
- Biziteko leku bat: Gernika.
- Bertso bat: hunkitu nauen azkena, Elortzak azken agurrean botatakoa, Gernikan bertan, 2009ko Txapelketa Nagusiko finalaurrean.
- Liburu bat: esku artean daukadana, 'Sua nahi, Mr. Churchill?' (K. Izagirre).
- Abesti bat: 'Zaharra zara Bilbo' (Gari), Jon Maiak idatzia.
- Hobby bat: bertsolaritzea.
- Bizikleta bat: azkeneko Vueltan erabili eben edozeinegaz konformetan naz; neureagaz baino gehiago ibiliko ete naz!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu