'Eztabaidak Literatureagaz' gazteei eta helduei zuzendutako literaturearen arteko mugea berbagai hartuta

Bizkaie! 2010-10-04 11:29   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, gazteei eta helduei zuzendutako literaturearen arteko mugea aztertzeko ekitaldia jasoko dau martitzenean, urriaren 5ean, Seve Calleja idazlearen eta Inazio Mujika idazle eta editorearen eskutik.

'Eztabaidak Literaturarekin', jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, gazteei eta helduei zuzendutako literaturearen arteko mugea aztertzeko ekitaldia jasoko dau martitzenean, urriaren 5ean, Seve Calleja idazlearen eta Inazio Mujika idazle eta editorearen eskutik. Hitzorduan zenbait testu irakurriko dira, euskeraz eta gaztelaniaz egingo dan alkarrizketeagaz tartekatuta.

Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lana egiten dau eta oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, María Eugenia Salaverri kazetaria, idazlea, gidoilaria eta abesti egilea izango da.

Urteko zortzigarren hitzorduan, gazteei eta helduei zuzendutako literaturearen arteko mugeari buruzko berbaldia proposatzen deuskue eta, beraz, Seve Calleja eta Inazio Mujika, gazteei eta helduei zuzendutako literaturen arteko mugea non dagoan azaltzen ahaleginduko dira; era berean, bien artean benetako mugarik dagoan ala ez be aztertuko dabe. Izan be, aldaketearen edadea zein dan definidutea gatxa dan arren, ohikoa da helduek be kontsumidutea gazteei zuzendutako literaturea.

Seve Calleja (Zamora, 1953) Euskal Herrian bizi da umetatik, eta Hizkuntza eta Literatura irakasle da Bilboko Miguel de Unamuno institutuan. Literaturearen inguruan emon zituan lehenengo pausuak poesian eta helduentzako ipuinen arloan emon zituan. Ez ditu inoiz alde batera itxi helduentzako lanak, izan be, lan horrreekaz zenbait sari lortu ditu, eleberriari emoten jakon ‘Pío Baroja’ sariaren akzesita edo ipuinen ‘Gabriel Aresti’ saria, besteak beste. Halan da be, gaur egun bere benetako debozinoa gazteei zuzendutako liburuak dira. Hori da irakurle eta kritikari edo ikerlari eta irakasle moduan denpora gehien kentzen deutson literaturearen alorra. Gazteei zuzendutako literatureari buruzko azterlanak eta artikuluak egin eta ikastaroak eta berbaldiak emoten ditu.

Euskal Filologian lizentziautako Inazio Mujika (Donostia, 1963) Alberdania argitaletxeko editorea da argitaletxea 1993an sortu zanetik. Bere umezaroan Tolosako Urkizu auzoan ezagututako nekazaritza giroak sortu eutson literatueraren unibersoa, eta giro hori 'Azukrea belazeetan' ipuin liburuan islatzen ahalegindu zan. Hori da, duda barik, idazle honen libururik ezagunena eta txalotuena.

María Eugenia Salaverri kazetaria, idazlea, zine gidoilaria eta abesti konposatzailea da. 'Retrato de un pájaro' poesia liburua eta 'Un tango para tres hermanas' kontakizun liburua argitaratu ditu. Zinema arloan, 'Calor… y celos' eta 'Marujas Asesinas' filmen gidoilari izan da. Bere kontakizunak hainbat antologiatan agertu dira, Narradores Vascos, Últimos narradores (Espainiako azken narrazino laburren antologia) Rainy Days (Espainiako emakume idazle garaikideen kontakizunak) eta W Espennest izenekoetan, besteak beste.

2007ko urtarrilean 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimena martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Suso de Toro eta Joseba Zulaika.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua lehen mailako kazetariakaz, historialariakaz edo idazleakaz alkartzeko aukerea eskaintzea izan da, bertan, idazketearen munduagaz lotutako gaiak planteatu ahal izateko, alkarrizketearen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu