Karlos Linazasoro: 'Literaturea, gauza guztien ganetik, jolasa da'
2010-10-04 11:30 BarriketanFilologoa ikasketaz, Tolosako liburutegiko arduraduna ogibidez, Karlos Linazasoro idazle oparo, bitxia eta nekaezina da. Danetarik jorratzen dau: umeentzako ipuinak, poesia, narrazinoa, aforismoak, haikuak... Ez deutso bildur esperimenteteari eta eduki bakotxari estilo mueta bat topetan deutso. Askotan, minari buruz idazten dau, poza lortzeko modu bat izan daitekelakoan eta horren erakusle da bere azken narrazino liburua: 'Gizakiaren minak' (Erein). 'Esan gabe doaz' (Utrisquie Vasconiae), 'Hamazazpikotan' (Elkar) eta 'Ipuin erotikoak' (Alberdania, 2001) dira, besteak beste, azken urteetan argitaratu dituan beste liburu batzuk.
1.- Beti esperimentetan dabilen idazlea ei zara. 'Ohiko' literaturaz abroziduta? Zer topetan dozu?
Ohiko literaturea gaur egiten dan nobelea bada, orduan bai: abroziduta nago idazten dan literaturaz. Nik beste zeozer topetan dot, sekula topetan ez dan hori: misterioa, harmonia, atararazotea… Nik ahal dakit!
2.- 'Gizakiaren minak' lanak, zure azken narrazino liburuak, gizakiaren mindura dau kontagai, izenburuak adierazoten dauen legez. Errazagoa da, pozari baino, minari buruz idaztea?
Poza ez da idatzi behar, poza bizi egin behar da. Minari buruz idaztea poza lortzeko modu bat izan leiteke, edo min hori arintzeko modu bat behintzat. Zoriona betegina da, ez dau beste inoren eskurik behar.
3.- Liburu horretan Rimbaud, Verlaine eta beste pertsonai errealak agertzen dira. Zergaitik nahastau egia eta fikzinoa?
Egia eta fikzinoa nahastau egiten diralako bai egian eta bai fikzinoan. Beti. Eta literaturea, gauza guztien ganetik, jolasa dalako. Ezagutzen dan jolasik serioena.
4.- Piramidea ipuinean infernua deskribiduten dozu. Zein izan da zure amesa narrazino hori idazterakoan?
Piramidea ez da infernua, gu bizi garan tokia baino. Ipuin hori asmazino hutsa da, baina errealidade izateko be uste dot ez leukela askorik behar...
5.- Ipuin horrek Orwell ekarten dau gogora. Egile hori, baita Kafka eta Borges be, agertzen dira zure literaturearen eraginak aitatzen diranean. Zuretzat erreferentzialak dira?
Orwell baino gehiago, Kafka. Eta Kafkagaz batera, Borges, Beckett, Cortázar eta beste hainbat poeta. Horreek dira nire nire maisuak, nire erreferenteak eta nire bidelagunak. Orain, zoitxarrez, danak hil behar ditu.
6.- Azken narrazino horreek nahiko triste eta ilunak dira. Gerra, bortizkeria... Aurreko ipuinetan egoan umorea honetan ez agertzea leporatu deutsu baten batek. Umoreak ez eukan lekurik hemen?
Hemen ez egoan umorearentzat lekurik, ez. Uste dot giroak ez ebala umorerik eskatzen. Ipuin ilunak dira, gogorrak, tristeak. Hurrengo liburua umoretsua izango da, eta orduan liburu triste bat eskatuko deustie. Irakurleagaz asmetea ba ete dago?
7.- Zure obran heriotzea behin eta barriro agertzen da. Zuk zeuk inoiz autortu dozu zure obsesinoen artean dagoala heriotzea. Nondik jatorku obsesino hori?
Nik uste dot gizakiaren ardurarik nagusiena heriotzea dala. Zergaitik? Hilkorrak garelako, jakina. Hilezkorrak bagina, ez ginateke bape arduratuta egongo heriotzea dala eta. Eta arduratik obsesinora, oso bide laburra dago.
8.- Estilo gardena erabilten dozu, apainbakoa. Estilo nabariak irakurketa eragozten dauela pentsetan daben horreetakoa zara?
Ipuin honeetan oso estilo xumea erabilten ahalegindu naz, egia da. Uste dot fondoaren eta formaren artean oreka bat behar dauela egon, holako barruko logika bat. Beste liburu batzuetan, barriz, estilo markauagoa erabilten dot, beti be oreka hori kontuan izanik.
9.- Narrazino laburrak gurago dozuz. Zer dala eta?
Nik uste dot izaera kontua dala, barru-barrura ailegetako beharrizana, esentziara. Esan daigun ez jatala denporea alperrik galtzea gustetan...
10.- Amaiera edegiak be gustuko dozuz. Bat edo batek dino hori lana amaitu barik ixtea dala...
Irakurleari lana emotearen aldekoa naz. Amai dagiala berak ipuina, egin dagiala ahalegin intelektual bat. Literatureak iradoki egin behar dau, galderak egin, irakurlea inarrosi... Ganerakoa, irakurlearen eskuetan gelditzen da.
11.- Tarteka, aforismo sorta bat argitaratzen dozu. Zerk eroaten zaitu genero hori jorratzera?
Lehen esan dodan moduan, hor be esentziaren bilaketa bat dago. Miniaturak atsegin dodaz, destilazinoa, gauza ttikien lilurea.
12.- Aforismo batzuetan zure buruari barre egiten deutsazu, 'autoironia' zure esanetan. Umorea aterpe bat da?
Umorea bizitzari aurre egiteko aterpe bat da, bai. Babesleku bat, ezkutu bat, jarrera bat. Umoreak bakotxa bere lekuan jarten dau, traszendentzia kentzen deutse gauzei, dana erlatibizetan dau... baina hain da gatxa umoretsu bizitea!
13.- Genero guztien artean, poesia dala gehien beteten zaituena esan dozu inoiz. Zergaitik?
Poesia literaturearen zutabe nagusia dala uste dot, funtsa, erdigunea. Generorik beteena eta baita gatxena be. Ezerk ez dau berak beste ahalegin eskatzen, baina ezerk ez dau berak beste emoten be. Poesiak, azken batean, lotura gehiago dau bizitzeagaz literatureagaz baino, biografiagaz fizkzinoagaz baino.
14.- Liburutegiko arduraduna zara ogibidez. Zein leku okupetan dau egun literatureak zure bizitzan? Literatura ogibide bihurtzeko amesik edo tentazinorik ez dozu?
Literatura nire bizitza osoa da. Nik ez dot ulertzen nire bizitza literaturarik barik. Baina ez dago, zorionez ala zoritxarrez, literaturatik biziteko modurik. Nik behintzat ez dot lortu, eta uste dot honezkero berandu dala horretarako.
15.- Ze muetatako irakurketak nahiago dozuz azken bolada honetan?
Poesia, ipuinak, aforismoak, saio laburrak. Ipun liburu bat gomendauko dot: Samanta Schweblin-en 'Pájaros en la boca', Lúmen-en. Eta poema liburu bat: Ramón Crespo-ren 'Palabras que Acepta el Fuego', Los versos de Cordelia-n. Euskerazkoen artean, Iban Zalduaren 'Antologia' eta Eider Rodriguezen 'Katu jendea' azpimarratuko neukez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!