'Ikastola mugimendua. Dabilen herria'
2010-10-01 15:08 Euskerea berbagaiEuskerearen eta euskerazko irakaskuntzea, euskalkiak eta euskara batuaren auzia, laikotasuna, Frantzian eta Espainian azken berrehun urtetan indarrean egon dan hezkuntza sistemearen aldamenean eredu propio bat hazurmamitzeko borondatea, proiektuak, eztabaidak, zatiketa mingarriak, eretxi kontrajarriak, testuinguru politikoaren eragina, nahiak eta ezinak agiri dira liburuan.
Ikastola mobimentuaren azken berrogeita hamar urteotako ibilbide oparoa jorratzen dauen liburua 'Ikastola mugimendua. Dabilen herria' kaleratu barri dabe Euskaltzaindiak eta Ikastolen Alkarteak Jagon bildumearen barruan.
Liburu honetan, pasa dan mendeko lehen erdialdeko esperientziak bainoago -horreei buruz zenbait zertzelada be eskaintzen dira-, Frankoren diktadurapean abiarazotako ikastola mobimentuaren hasierako pausuak, nahiak, ezinak, ilusinoak, eztabaidak eta batez be bilakaerea jasoten dira, besteren artean, ibilbide horretan bidelagun subertatu diran hainbaten testigantzak harilkatuz eta haritzat hartuz.
Herri-borondatearen isla
Euskerearen eta euskerazko irakaskuntzea, euskalkiak eta euskara batuaren auzia, laikotasuna, Frantzian eta Espainian azken berrehun urtetan indarrean egon dan hezkuntza sistemearen aldamenean eredu propio bat hazurmamitzeko borondatea, proiektuak, eztabaidak, zatiketa mingarriak, eretxi kontrajarriak, testuinguru politikoaren eragina, nahiak eta ezinak, ustez utopikoak diran helburuetara hurreratzeko hainbat herritarren borondate sendoa islatzen dau liburuaren edukiak. Izan be, ikastolak gure herrian azken hamarkadetako jazoera askoren isla be badira, kontraesanakaz eta zenbaitetan noranzko garbirik barik jardun arren, intuizino eta borondate handiagaz pausuak emoten dagoan herriaren ispilu, hain zuzen.
Gainbehera etozan hizkuntzeari eta haregaz batera datorren kultureari kosta ahala kosta eustea eta garatzea zan sasoi batean intentzinoa, horretarako material propioa sortuz eta zabalduz. Baina, Ikastola mundura edegita egon dan eta dagoan hezkuntza-eredua be bada. Horregaitik, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan be aitzindariak subertau dira ikastolak, gaztelania edo frantses-hizkuntzak, gureak be diran hizkuntzak ezelan be deskuidatzen ez dituen aldi berean. Edozelan be, euskerazko eta euskerearen irakaskuntza, eleaniztasuna, teknologia barrien erabilerea, beste eskola-sare batzuetara be zabaltzen dagoalarik, gero eta gatxago egingo jako etorkizunean Ikastola mobimentuari elementu bereizgarriak bilatzea, ikastolek gizarte-barrikuntzarako egiten daben ekarpenean sakontzetik ezpada.
Izan be, proiektu zehatzez harago, ikastolak gizarte-barrikuntzearen adibide dira; batetik, gizartetik, herritarren gogo-bihotzetik sortutakoak diralako. Herritarren sostenguan eta arnasan daukie ikastolek bizigairik indartsuena; bestetik, euskereari eta euskal kultureari bestelako izaerea emoten deutsielako, gure izatearen ardatz bihurtuz; hirugarrenik, euren barruan egitura politikoek eta sozialek beteten ez daben gizarte-eskariari emoten jakon herritarren erantzun antolatua batzen dalako; laugarrenik, gizarte-ekintzagaz helburuak, egitasmoak eta balioak buztartzen dituelako, lagun hurkoaren bizkar erantzukizun hori itxi barik; azkenik, auto-eraketan eta autogestinoan ardatz hartzen dituen moldea barrubatzen dabelako. Horreek holan dirala, ikastolek publiko edo pribatu lako eztabaiden aurrean Europan gero eta zabalduago dagoan hirugarren bidea, edo espazioa osotzen dabe hezkuntzearen alorrean.
Ikastolak askotarikoen arteko esfortzuaren emoitza dira, nire uste apalean. Desbardintasun guztien gainetik, zein azpitik, herrigintzearen alorrean, hezkuntzearen eremuan batez be, herri honek erronka eta desio komunei emoten deutsen erantzun kolektiboaren isla dira. Barru-aniztasun horrek, inorena ez, ezpada danona izateak emoten deutse ikastolei zilegitasuna eta indarra, hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!