'Bar Basque' jatetxea inaugurauko dabe New Yorken
2010-09-30 15:47 Euskaldunak munduanBizkai eta Euskadiren turismorako erakusleiho bikaina izango dan Bar Basque jatetxea inaugurauko dabe urriaren 9an New Yorkeko Seigarren Etorbideko Evento Kimpton hotelean. Bertan izango dira, bi hilerik behin, Bizkaiko jatetxe ezagunenetako sukaldariak, gure gastronomia zabaltzeko helburuagaz.
Bizkai eta Euskadiren turismorako erakusleiho bikaina izango dan Bar Basque jatetxea inaugurauko dabe urriaren 9an New Yorkeko Seigarren Etorbideko Evento Kimpton hotelean. Bizkaiko Foru Aldundiko Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusi Gabino Martínez de Arenazak egin dau aurkezpena gaur Bilbon, Zortziko jatetxeko Daniel Garcia eta Aizian jatetxeko Jose Miguel Olazabalaga sukaldariakaz eta Bizkaiko hainbat jatetxetako sukaldariakaz batera.
'Bizkaiko gastronomia New Yorken eta Ameriketako Estadu Batuetan ezagutarazoteko aukera bikaina da programa hau', adierazo dau Martínez de Arenazak. Haren esanetan, merkadu horrek honezkero baditu Bilbo eta Bizkaiaren erreferentziak, 'batez be Guggenheim museoari esker', eta 'orain martxan jarten dan proiektu honi esker aukera parebakoa izango dau Bizkaiak turismoaren sektorean dituan aukerak ezagutzeko'.
Bar Basque Bizkaiaren sukaldaritzearen jatekoak eta produktuak munduko uriburu handietara eroaten dituan proiektu estrategikoa da. Ekimen hau 2012ra arteko indarraldia dauen hitzarmen batean gauzatzen da. Hari esker, Bizkaiko chef handiak -hamabi sukaldari bizkaitar onenetakoak eta euren laguntzaileak- bi hilebeterik behin New Yorkeko Bar Basquera joango dira, eta, 'Bizkaiko sukaldaritzearen astea' izeneko jardunaldien barruan, zuzenean erakutsiko deutse New Yorkeko gizarteari -eta jatetxeko sukaldari amerikarrei- beren sormeneko plater onenak, gero jatetxearen kartan nabarmenduta geratuko diranak. BFAk sukaldari bizkaitarren joan-etorrien gastuak ordainduko ditu.
Ekimen honen barruan egindako guztia eta Bizkaiko turismoaren inguruko informazinoa aldizkari batean batu eta hiru hilerik behin argitaratuko da. Aldizkaria Bizkaian egiten diran jarduera kulturalen, kirol arlokoen, sozialen eta gastronomikoen gidea izango da, eta Bar Basqueren bezeroei eta New Yorkeko kritikari gastronomikoei emongo jake.
Sabin Arana (Jolastoki), Aitor Basabe (Arbolagaña), Fernando Canales (Etxanobe), Aitor Elizegi (Gaminiz/BasCook), Daniel Garcia (Zortziko/Atea), Javier García (Boroa), David García (Tamesis), Alvaro Garrido (Mina 8), Txomin Gómez (Palacio Oriol), Josu Ibarra (Zuria), José Miguel Olazabalaga (Aizian), Iñigo Ordorika (Zallo Barri), Beñat Ormaetxea (Jauregibarria) eta Ricardo Pérez (Yandiola) dira proiektu barri honetan parte hartuko daben sukaldari bizkaitar handiak. Daniel Garcia hasiko da, datorren urriaren 9an bera arduratuko baita inaugurazino-ekitaldiko menuaz. Egun horretan, 150 bat lagun batuko dira eta, 'bakotxak bere platera ordainduko dau eta diru hori ongizate programaren batera zuzenduko da', jakinarazo dau Martinez de Arenazak.
'Gure platerak amerikarren gustura moldatzen ahalegindu gara, oinarrian bizkaitar sukaldaritzea egon arren'. Daniel Garciaren berbak dira horreek, programea zabalduko dauen sukaldariarenak. Inaugurazino egunerako, txakolin-kroketak, sardina-bokadiloa, karbina plantxan, pitxoia eta beste hainbat jateko preparauko ditu eta ez dauka bape dudarik amerikarrek gustura jango dabena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!