Urriaren 9 eta 10ean ospatuko dabe Urepelen Xalbador Eguna

Bizkaie! 2010-09-27 15:15   Bertsolaritzea

Urtero egiten dan moduan, ospakizunak gai nagusi bat izango dau ardatz, eta, aurten Xalbadorregaz batera, Urruñako Xanpun bertsolaria omentzea erabagi dabe Deiadarra alkarteak eta Euskaltzaindiak.

Urriaren 9an eta 10ean ospatuko dabe Urepelen Xalbador bertsolariaren oroimenez urtero Deiadarra alkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen daben eguna.

'Xalbadorren atxakia hartu eta euskerearen eguna egitea da ekimenaren helburua', goraipatu eben atzo Itxaro Bethart eta Jose Mari Iriondo Deiadarra alkarteko kideek. Urtero egiten dan moduan, ospakizunak gai nagusi bat izango dau ardatz, eta, aurten Xalbadorregaz batera, Urruñako Xanpun bertsolaria omentzea erabagi dabe.

Urriaren 9an hasiko da eguna, 'Ilunabar Literarioa' ekitaldiagaz. Horren ondoren, iluntzeko bederatzietan, lagunarteko afaria izango da. Xendarineko ahizpak, Ander eta Imanol, eta Zabalen Anaiak arduratuko dira gaua girotzeaz. 'Gau horretan karaokea egingo dogu kanta herrikoi eta barriagoakaz', aurreratu eban Itxaro Bethartek.

Xalbador Eguneko ekitaldi nagusiak, barriz, domekan izango dira. Urteroko egitarauari jarraituz, goizean bertsolari urepeldarraren etxolara joateko mendi ibilaldia egingo dabe. Goizean Emile Larrek eskainitako mezea be izango da, eta Xalbadorren hilobira bisitea egingo dabe.

Bazkari herrikoiaren aurretik, herri kirolak eta Osintxuko Musiraka taldea ikusteko aukerea izango da. Bazkarian, Jean-Louis Laka bertsolariagaz batera, bertso saioa egingo dabe Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.ak, Sebastian Lizasok eta Uxue Alberdik, Joxemari Iriondo gai-jartzailearen aginduetara. 'Bazkarian, bideoa erakutsiko dogu', argitu eban Bethartek. Eguna amaitzeko erromeria izango da.

Igaz, bazkarian 300 bat lagun alkartu ziran. Datorren urtean Xalbador hil zaneko 35. urteurrena ospatuko danez, zeozer handiagoa egiteko amesa daukiela iragarri eben antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu