Joseba Tapia: 'gerra gaizto bat zelan sortu zan ulertzeko balio dabe Zavalaren bertsoek'
2010-09-27 13:08 Barriketan'Eta tira eta tunba' izeneko diskoa kaleratu barri dau sasoi bateko Tapia eta Leturia taldeko lehenengo kideak, Joseba Tapiak, gerra karlistetako bertso musikatuak batzen dituana. Diskoaren barri emon deusku honako alkarrizketan.
1.- Nondik dator Antonio Zavala zanak Auspoa bilduman argitaratutako bi liburukitan jasotako bertsoak musikatzeko ideia?
Gure ofizioak horretan jarten gaitu; disko bat, disko eder bat sortzeko intentzinoa, ustea, atrebentzia izaten dogu eta horretarako lan egin behar izaten da derrigorrean. Gero, irakurri, entzun, ideia bat antolatu, hitz ederrak topau, bertso, kopla onak aukeratu. Gero, musikeagaz badatoz hareek errekuperau edo bestela doinu egokia sortzen saiatu. Bertso eta kanta ederrez betea izaten dot mahai ganea, baina gero musikea jartea ez da lan erraza izaten. Antonio Zavalaren bilduma hau oso erakargarria egin jatan hasieratik bertatik. Edertasun izugarria topetan neban bertso hareetan. Berbakera zahar bezain hurrekoa egiten jatan. Garai bateko hiztegia, berbak, irainak, konparazinoak, metaforaz beteta egozan bertso hareek. Alkarren kontra ebilzan bi bando, biak euskeraz eta biak serio. Bi aldeetan euskaldunak egozan. Ez eutsen alkarri euskalduntasuna ukatzen. Bertso honeetan informazino zehatza eta ziurra etorren euskaldunon jazoera gogor eta niretzat ezezagun hari buruz.
2.- Zein da diskoaren izenburuaren jatorria?
Hemeretzigarren mendean jazo zan egoera odoltsu harek guganaino ekarri deuskuz seinale ugari. Hainbat kale izen, monumentu… Herri askotan gordeten ditue sasoi hareetako bertso sortaren bat. Herriak kantau izan ditu ia oraintsu arte garai haretako zenbait kanta. Berbarako: Azpeitiko neskatxak arrazoiarekin ez dute dantzatu nahi txapel gorriekin, ai ai ai mutilak txapel gorriekin. Beharbada lelo ezagunena ondorengo kantearena da: eta tira eta tunba eta tira beltzari. Aldaera desbardinetan kantau izan dau herriak; belarrimotzari edo guardia zibilari. Izenburu asko neukazan diskoari jarteko baina azkenean hauxe hobetsi neban.
3.- Zergaitik iruditzen jatzu 'harrigarria' gerra karlistetako bertsoek egungo euskal kantagintzan presentzia handiagorik ez izatea?
Oso bertso ederrak diralako alde batetik. Eta bestetik gure folklorearen eta herri musikearen ondare handia diralako. Gerra garaiko honeek ebitau, ezkutau, isildu beharko balira legez. Kontu zahar honeek barritzeak bildurra sortuko baleu legez. Niri interesa biztuten deuste. Sasoi haretako euskal herria ulertzeko ezinbestekoak iruditzen jataz. Informazino handia dago bertso honeetan. Egin behar ez zan gerra gaizto bat zelan sortu zan ulertzeko balio dau. Gizarte haren kontradikzinoak agirian ikus daitekez; tradizinoa defendidu gura ebenak eta gizarte ha modernizau beharra sentiduten ebenak. Eta gero euskaldunak zelan engainau zituen argi ikus leiteke. Eurena defendiduteko gauza ziran euskaldun hareek odolberotu egin zituen euren mundua, euren foruak galduko zirala sinistarazo eutsielako. Testuinguru haretan kokatzen gaitue kantuok eta bertan bagengoz legez sentiarazoten. Kantatea besterik ez dago horretarako.
4.- Zein da jasotako bertsoen berezitasuna? Hizkuntzea, metrikea, gaiak...
Hizkuntza aldetik oso ederrak iruditzen jataz. Aberatsak dira estrofa aldetik: zortziko nagusi, txiki, kopla zaharrak, lau errimako bostekoak, zazpi errimako zortzikoak, zortziko txiki erdiak edo laukoak errepika erantsita, bederatziko txikiak, jantza koplen ildoan eginikoak, kopla dekoratiboen baliabideak erabilten ditue, herri kanta zaharragoen moldaketak, dialogo txertatuak bertsoetan, pertsonai desbardinak bertso bakarrean. Ironia, konparazinoak, metaforak, irainak, Karlos VII irainduena, metaforarik barik be gauzak garbi eta azpikeriarik barik esanak, agindu bildurgarriak, deskripzino zehatz eta ederrak, egoerak berba laburretan adierazoteko ahalmena…
5.- Jasotako bertso batzuk jatorrizko doinuan dagoz. Beste asko, ostera, ez. Zertan oinarritu zara batzuei musikea zeuk jarteko edo moldatzeko eta beste batzuk jatorrizko bertsinoan ixteko?
Antonio Zavalaren bilduma eta Baleztenarenean kantak bere musikeagaz etozan. Beren orijinaletan kantetea zan nire intentzinoa hasieran, baina gero doinuak transkribiduterakoan akatsez beteta egozala konturatu nintzan; batzuetan ahapaldiaren luzerea eta doinuarenak ez ziran berberak, bestetan doinuek ez eben zentzurik, txarto idatzita egozan… Sei doinu mantenidu ditut liburuan etozan legez. Besteei neuk jartea erabagi neban. Horretarako, lehengo bertsokera zaharrean oinarritu beharra neukan, kopla zaharren usainean. Eta tira eta tunbaren leloaren melodia ezagutzen neban baina estrofeana inork ez eban gogoratzen. Galdezka ibili nintzan baina ez neban argibiderik topetan. Azkenean koplak errepetiduten zirala konturatu nintzan eta holan jaubetu doinu bera eukiela lelo desbardinagaz.
6.- Zelan konpondu zara sasoi haretako musika-tresnen doinua eguneratzen? Zelakoa da trikitiaren presentzia diskoan?
Trikitixeagaz sortu ditut melodia barriak eta trikitixeagaz bakarrik be kantetako modukoak dira kanta guztiak. Neuk holan kantetan dodaz edonon. Gero, holan, soinu hutsean sotilegi, tristeegi atzemoten nituan diskorako. Gerra honek distantzia eta umore handia eukanez pentsau neban beste jantzi bat jarri behar neutsola soinean. Garai haretan herri guztietan egongo ziran musika bandak, gerra baten inguruko kontakizuna izanda banda militarrena be izan eitekean. Txaranga usain batek be ez eutson kalterik egingo. Pentsau neban haize tresnak erabiltea. Eta niretzat ezezaguna zan mundu batean sartu nintzan. Orain arte ez bezela moldaketen mundua ezagutu neban hurretik eta nire lehen pausuak emoten hasi nintzan. Hasieran akats askogaz baina astiro-astiro hobetzen joian nire idazkerea. Horretan asko lagundu deustie lagun izan ditudan musikariek.
7.- Diskoaren grabazinoan hainbat kolaboratzailez inguratu zara. Nortzuk izan dira eta zer eskaini deutse zure lanari?
Bi banda osotu ditut diskorako; alde batetik karlisten bandea eta bestetik liberalena. Lehenengoan tronpeteagaz Iban Urizar, saxoagaz Ibon Irixoa, tronboiagaz Asier Ituarte eta tubeagaz Ramontxo Vega. Liberaletan; tronpeta eta tubeagaz Filipe Aldako, saxoagaz Alain Martineau, bonbardinoagaz Mintxo Garaikoetxea eta Klarineteagaz Inaxio Tolosa. Banda bikoan jazbanagaz Jokin Irungarai eta ni neu trikitixeagaz. Sorpresa handia hartzen neban paperean idatzi notak gero banda guztiak joten ebanean. Beste dimentsino bat hartzen eben. Etenik barik ideiak etozan eta probau gura izaten neban momentuan. Uste dot zoratu be egin dodazala musikari gizajoak. Akatsak egiten nituan moldaketatan eta musikari horreek laguntzen eustien akats horreek zuzentzen edo beste aukera batzuk proponiduten.
8.- Honezkero, egin dozu diskoaren zuzeneko aurkezpena, Errenteriako Niessen aretoan. Zelan sentidu zara taula ganean kanta barriakaz? Zelakoa izan da publikoaren erantzuna?
Publikoa pozik egon dala iruditu jat. Umorez eta kantari sentidu ditut. Hori da nire sentsazinoa. Gero eurei galdetu behar… Guk, eszenatoki ganean tentsino apur bat be bageunkan. Rodajerik barik, errepertorio barria geunkan eta xehetasun eta matizazino mordoa jo behar. Guztia zuzen eta akatsik barik. Ederra da, halanda be, zuzenean kantetea haize talde horreekaz. Holako botere bat, holako indar bat sentiduten neban. Gero bertso honeek metalagaz bi alderdiak lortzen dira: alaitasuna eta tristura izugarria.
9.- Aurrerantzean be, hainbat kontzertu eskainiko dozuz. Aitatu egiguzuz datak eta lekuak.
Bai, hasita gagoz honezkero zuzenekoakaz. Datozenak ondokoak dira:
Gernika
Urriak 1, barikua, 20:30etan
Lizeo Antzokian
Elgeta
Urriak 3, domekea, 19:00etan
Espaloia Kafe Antzokian
Hernani
Urriak 8, barikua, 20:00etan
Biteri Kultur Etxea
Iruñea Bertsoaroa 2010
Urriak 21, eguena, 20:00etan
Gurutze Plazako Institutua
Donostia
Urriak 29, barikua, 21:00etan
Lugaritz Kultur Etxean
Bartzelona Euskal Herria Sona Jaialdia
Zemendiak 6, zapatua, 22:00etan
CAT
Durango Aurkezpen kantatua
Abenduak 6, astelehena, 18:00etan
Azokan. Ahotsenean
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!