Ikastolen Alkarteak eta Euskaltzaindiak 'Ikastola mugimendua. Dabilen herria' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2010-09-24 16:39   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren Jagon sailburu eta Nafarroako ordezkari Andres Iñigoren esanetan, 'lan interesgarria dogu esku artean, euskerearen sustatze- eta babeste-zereginetan urte luzez ume eta gazteen heziketan ardatz izan dan ikastolaren nondik norakoak azaltzen deuskuzana'.

Gaur, irailaren 24an, 'Ikastola mugimendua. Dabilen herria' liburua aurkeztu dabe Ikastolen Alkarteak eta Euskaltzaindiak, Atarrabian, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen dauen Paz de Ziganda ikastolan. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 10. zenbakia da. Aurkezpena Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Jagon sailburu eta Nafarroako ordezkariak eta Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko presidenteak egin dabe.

Andres Iñigok esan bezela, 'Akademiaren lana gizarteratu eta euskerearen normalizazinoa bideratzerakoan, berebiziko garrantzia izan eben eta badabe ikastolek'. Euskaltzaindiaren eta Ikastolen Alkartearen arteko lankidetzaz egin dau berba Iñigok eta bi erakundeok 2004an sinatu eben hitzarmena aitatu dau: 'Hitzarmen horren markoan ale barri bategaz gatoz oraingoan, Jagon bildumaren 10. liburukia egiten dauen 'Ikastola mugimendua. Dabilen herria' lanagaz. Bertan ikastolek euskal gizartean azkeneko belaunaldietan izan daben ibilbidearen eta eraginaren barri emoteaz gan, egungo proiektuan oinarritzen dan egitasmoa be azaltzen jaku'. Andres Iñigoren esanetan, 'lan interesgarria dogu esku artean, euskerearen sustatze- eta babeste-zereginetan urte luzez ume eta gazteen heziketan ardatz izan dan ikastolaren nondik norakoak azaltzen deuskuzana'.

Liburuan ikastolen izaera kolektiboa kontau nahi da, ikastolen eta gizartearen arteko alkarrekintzagaz batera. Lan honek ikastolen historia sozialagaz zerikusia daben datuak, jazoerak, lekukotzak eta aburu kontrajarriak batzen ditu, besteak beste.

Ikastola mobimentuak 50 urte bete ditu. Holan gogorarazo dau Koldo Tellitu Elkarteko presidenteak: 'Euskal hezkuntzaren lehen eskola-ekintza antolatuak 50 urteko ibilbidea egin dau. XX. mendearen lehen erdiko ahaleginen ostean, Azkuek, Muñoak, Euzko Ikastola Batzak eta Elbira Zipitriak eragindako saioen ondotik, gaur egun eta euskal lurralde guztietan ezagutzen dan ikastola mobimentua abian jarri zan 1960an'.

Horreek holan, liburu honen abiapuntua azaldu dau Tellituk: 'Oso ugariak ez izan arren, ikastola mobimentuaren hasierako urte horreei buruzko azter lanak egin dira. Ikastolen izaerari buruzko zenbait arlori buruz be ikertu eta idatzitako lanak badira. Baina, ikastolen historia sozialari buruzko ekarpena falta zan. Beraz, Ikastolen Alkarteak ekin eutson hutsune hori beteteari, eta holako lana egin eikean enpresa bati enkargua egin eutson 2009an'. Enpresa hori Ereiten da eta eskerrak emon deutsoz presidenteak: 'Ezin baino hobeto bete dau enkargua'.

Liburuaren edukiari jagokonez, bai ikastolak oso azaletik ezagutzen dituan irakurleak, baita adituak be, ikastola mobimentuaren ikuspegi osoa topauko dabela esan dau Tellituk: 'Orain arte jakinak ziran datu askogaz batera behin be jaso barik egozan jazoera, adierazpen, lekukotza zuzen eta ikuspegi desbardinak begi aurrean izango ditu. Ez dogu ezer ezkutatu nahi izan. Polemikarako aukerea emon leiken aspekturik be bada. Ikerketan sakontzeko be bai. Ikastola mobimentuaren barruko eta kanpoko ibilbidearen barri emoten saiatu gara, euskal herritarren ibilbidearekin batera egindako jarduna agertzen ahalegindu gara'.

Baina, gaineratu dau, bada besterik be. 'Ikastola bakotxa eta ikastolak, hau da, ikastola mobimentua, barrikuntza sozialaren eredu da. Aurretik diseinurik barik jardutea, ezerezetik abiaturik alegia; ingurune hurbileko gizarte-sareagaz batera eta baliabide eskasakaz, autogestinoaz; eta zeozer barria egiteko gogoak emoten dauen indarragaz aritzea izan zan ikastola mobimentuaren hasierako pausuen ezaugarri nagusia'.

Amaitzeko, 'Ikastolak adibide dira gizarte-barrikuntzan, adibide paradigmatikoa', esan dau. Hona emon dituan bost arrazoiak:

1. Gizartean eta herritar jentearen artetik sortu diralako.
2. Hezkuntzan, eskola-bizitzan eta gizartean ordura arte ez egoan esanahi barri asmatua eransten deutsielako euskereari.
3. Egitura politikoak eta sozialak beteten ez zituan gizarte-eskaera baten erantzun herritarra diralako.
4. Hezkuntza-jardueran, gizarte-ekintzaren zioak, egitasmoak eta balioak planteetean eta gauzatzen dituelako.
5. Eta, batez be, guztiz barritzailea dan neurrian, publiko eta pribatuaren arteko bereizketearen aurrean hirugarren formula osotzen dabelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu