Bilboko merkatariei zuzendutako euskera ikastaroetan izena emoteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2010-09-23 15:37   Euskerea berbagai

Ikastaroak urrian hasiko dira uriko bost euskaltegietan. Matrikulea irailaren 30era arte egin daiteke ikastaroak emongo diran euskaltegietan.

Bilboko Udaleko Euskera Sailak, HABEgaz (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) alkarlanean, bigarren urtez martxan jarri dituan merkataritza arlorako euskera ikastaroetan izena emon leikie honezkero Bilboko merkatariek eta dendetan lan egiten daben lagunek. Ikastaroak urrian hasiko dira uriko bost euskaltegietan. Matrikulea irailaren 30era arte egin daiteke ikastaroak emongo diran euskaltegietan.

Ikastaroak Biribilko proiektuaren barruan dagoz. Proiektu hau Euskera Sailak, Lan Ekintza udal soziedadeagaz eta Bilbao Dendak alkarteagaz alkarlanean martxan jarri dau bi helburugaz: euskerearen erabilerea normalizetako prozesua uriko merkataritzan bultzatzea eta eskaintzearen eta eskariaren arteko merkataritza komunikazinoan euskerearen presentzia areagotzea. Siadeco enpresea arduratu da proiektuaren diseinuaz eta garapen teknikoaz.


Ikastaroak

• Merkataritza arloko euskerearen oinarrizko ikastaroa. Euskerarik ez dakiten edo oso gitxi dakiten establezimenduetako merkatari edota enplegatuei zuzenduta dago. Ikastaroen helburua da ahozko oinarrizko komunikazinoa lantzea eta merkataritzako egoera arruntetarako hizkuntza-oinarriak emotea. Ikastaroak 87 orduko iraupena izango dau, asteko hiru eskola-orduetan banatuta (ordu eta erdiko bi eskola astero).


• Merkataritza arloko euskerea hobetzeko ikastaroa. Euskeraz oinarrizko ezagutza daben Bilboko establezimenduetako merkatari edota enplegatuei zuzenduta dago. Ikastaroaren helburua da merkataritza arloko ahozko eta idatzizko euskera maila hobetzea. Ikastaroak 100 orduko iraupena izango dau, asteko hiru eskola-orduetan banatuta (ordu eta erdiko bi eskola astero).


Eskolak HABEk homologautako uriko bost euskaltegietan emongo dira: Bilbo Zaharra, Posta Kalea, 8. (Tfnoa: 94-4158292); Indautxu AEK. Urkixo Zumarkalea, 88 (Tfnoa: 94-4413474); Juan Mateo Zabala, Gordoniz Kalea, 22 (Tfnoa: 94-4221388); Matxintxu AEK, Ramón y Cajal Etorbidea, 8 (Tfnoa: 94-4752233); eta Lizardi AEK, Txakur Kalea, 1 (Tfnoa: 94-4168200).

Ikasleek ikastaroaren kostu osoaren % 20 ordaindu behar izango dabe eta Bilboko Udalak eta HABE erakundeak % 80 finantzauko dabe.


Biribilko 2009-2010 ikastaroen balantzea

Danetara, 165 izan ziran 2009-2010 ikasturtean Biribilko ikastaroetan parte hartu eben merkatariak. Horreetatik 128 euskera komertzialeko oinarrizko ikastaroan matrikulau ziran (% 78) eta 37 euskera komertziala hobetzeko ikastaroan (% 22).

Ikasle nahiz irakasleek adierazotako satisfakzino maila orokorra oso altua izan da (batez beste 8,6 eta 8,1 puntu hurranez-hurran, 0tik 10erako eskalan). Ikastaroen antolaketeagaz eta kudeaketeagaz loturiko alderdi desbardinetan be islatzen da asebetetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu