Euskal ordezkaritza zabala izango da Shanghaiko Euskal Astean

Bizkaie! 2010-09-23 13:53   Euskaldunak munduan

Ordezkaritza ofizialaz gan, Euskadiko bost chef eta bost diseinatzaile ospetsuk bikote sortzailea osotuko dabe Euskadiren 'abangoardia, modernidade eta sormen' irudia ezagutzera emoteko irailaren 25etik urriaren 1era Shanghaiko Nazinoarteko Erakusketan egingo dan Euskadiren Astean.

Irailaren 25etik urriaren 1era Euskadiren Astea izango da Shanghaiko Nazinoarteko Erakusketan. Patxi López lehendakaria eta Jaurlaritzako Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua bertaratuko dira ordezkaritza zabal bateko buru. Misino honek nazinoartean presentzia handiena daben sektoreetako bi batuko ditu: modea eta gastronomia, Expoan Euskadiren Asteari hasierea emongo deutson ekitaldi batean.

Euskadiko bost chef eta bost diseinatzaile ospetsuk bikote sortzailea osotuko dabe Euskadiren 'abangoardia, modernidade eta sormen' irudia ezagutzera emoteko. 'Helburua Euskadi gehien identifiketan daben baloreetako batzuk balioestea da, berbarako, kultura errotua, talde ahalegina eta sendotasuna', azpimarratu dau ekimenaren aurkezpenean Pilar Zorrilla Turismo sailburuordeak.

Shangaiko Expoan Euskadiren Astearen aurkezpenean sukaldari eta diseinatzaileetako batzuk be egon ziran, baita Guillermo Echenique Kanpo Hartu-emonetarako idazkari nagusia eta Zorrilla bera be. Moda eta gastronomiaz gan, Shanghain euskal tradizinoez gozetako aukerea be egongo da, berbarako, txalapartea eta jantzak. Jantzariak, hain zuzen, Estadu Batuetatik joango dira, Boiseko Oinkari taldekoak, hain zuzen be.

Patxi López lehendakariak eta Bernabé Unda Industria sailburua buru dauen ordezkaritza ofizialagaz batera, Asiako herrialdean interesak daukiezan 70 enpresatako 100 ordezkari baino gehiago joango dira, izan be, Guillermo Echenique Kanpo Hartu-emonetarako idazkari nagusiak azaldu eban legez, Euskadiren irudi kultural eta turistikoa sustatzeaz gan, misinoaren helburua herrialde asiarrean finkatuta dagozan euskal enpresen negozioak bultzatzea eta hara sartzeko interesak dituenei ateak edegitea da.

Enpresa horreez gan, Basque Culinary Centerek be bidaian parte hartuko dau. Presidente dauen Joxe Mari Aizegaren arabera, 'oso polita da sormenaren arloko bi lanbidek sormenaren euskal ikuspegia alkarregaz eskaintzea'.

Diseinatzaileen ordezkari legez, Mercedes de Miguelek adierazo dau bere diseinuen presentziaren helburua 'Euskadik bultzatzen dauen modernidade eta globalizazino espiritua eta munduan geure presentzia sustatzen laguntzea'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu