'Ikasi euskara, eskertuko dizute' leloa aukeratu dau Kontseiluak spot barrirako

Bizkaie! 2010-09-21 12:09   Euskerea berbagai

Euskerearen etorkizuna gure esku dago eta euskeraz bizi nahi dogula etenbarik adierazoz egingo deutsagu geure hizkuntzeari behar dauen lekua. Euskeraz edonon eta edonoiz egin ahal izateko ez dakitenek, ikasi beharra dabe, euskeraz bizi nahi dogunontzat traba izan ez daitezen, gaztelaniaz edo frantsesez egitera behartu ez gaiezan, hain zuzen.

Maiatzaren 15ean Kontseiluaren eskutik milaka euskaltzalek urten eben kalera Nafarroan euskaraz biziteko eskubidea dogula aldarrikatzera. Nafar Gobernuari indarrean dauen hizkuntza-politika aldatu eta hizkuntza-eskubideak eta ondorioz, giza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko dauen beste politika bat abian jarteko eskatzera urten genduan, euskereak Nafarroa osoan ofiziala izan behar dauela esatera, normalizazinorako estatus egokia ezinbestekoa dala esatera. Gobernuak bere aldetik, segiduten dau entzungor egiten, segiduten dau bere politika suntsitzaileagaz. Ez gaitu ezustean atrapau, espero genduan.

Urtenbidea, hizkuntza-politikearen aldaketea, hain zuzen, ez da etorriko UPNren Gobernuak gure deia entzun dauelako, giltza herritarrok dogu. Euskeraz bizi nahi dogula adierazoz eta ideia horregaz gau eta egun kontsekuente izanez, egiten deutsagu lekua hizkuntzeari gure egunerokotasunean, hor egiten da euskerearen alde, gure espazioetan, gure jenteagaz, gure hurreko ingurunean. Beraz, mezu hori bialdu nahi deutsagu nafar gizarteari: euskerearen etorkizuna gure esku dago eta euskeraz bizi nahi dogula etenbarik adierazoz egingo deutsagu geure hizkuntzeari behar dauen lekua. Euskeraz edonon eta edonoiz egin ahal izateko ez dakitenek, ikasi beharra dabe, euskeraz bizi nahi dogunontzat traba izan ez daitezen, gaztelaniaz edo frantsesez egitera behartu ez gaiezan, hain zuzen.

Maiatzean alkarregaz, indarrak batuz ekingo geuntsala adierazo genduan eta maiatzaren 15eko manifestazinoak jarraipena izango ebala iragarri. Hemen gagoz, barriro be, bat eginda eskubideen aldeko defentsan. Ideia bera, baina bide desbardinakaz.

Euskerearen normalizazinoaren bidean helduon zeregina oso garrantzitsua dala uste dogu. Gu gara belaunaldi barrietarako eredua, geu gara gure jokabideagaz gauzak modu batez edo bestez izan daitezen eragiten dabenak. Gure jardunak ez bakarrik gure belaunaldia, datozen belaunaldiak be modelatzeko gaitasuna dauka. Horregaitik guztiagaitik da garrantzitsua helduek euskerea ikastea. Euskaltegiek ehunka irakasle preparau ditue euskerea kalidadez eta eraginkortasunez erakusteko, euskalduna izatea oso helburu lorgarria dala frogatzeko. Orain, euskaltegia jagoku, orain euskaltegien garaia da. Hizkuntza-eskubideen bermea gure erabagien barrukoa be badalako dei egin nahi deutsegu herritarrei euskaltegietara joateko eta euskerea ahalik eta arinen ikasteko.

Zeregin horregaz, manifestazinoaren iragarte lanetan egin bezela, oraingoan be, spot bat preparau dogu jentea animetako. Jakinarazo nahi deutsegu euskerea ikastea ez dala ona guretzat bakarrik, euskerea ikasten badogu jente askok eskertuko deusku, batez be gure hurrekoek. Ikasi euskerea zuregaitik, zure ingurukoengaitik. Bidaia kolektibo baten partaide sentidutea baino gauza handiagorik ez dago.

Bestalde, ezin dogu aukerea pasetan itxi beste gai bat aitatu barik. Izan be, euskerea ikastea eta oro har, euskerearen normalizazinoa lan kolektiboa da, eta hor danok dogu zeregin bat. Esangura horretan, ikasten dabilzanei laguntzeko prest dagozan herritarrak aitatu nahi geunkez hemen. Mintzalagunek egiten daben ekarpena txalogarria iruditzen jaku eta euskaldunak animau nahi geunkez ikasten dabilzanei laguntzeko, prozesuaren izaera kolektiboa danon artean elikatuz.

Bat eginda gagoz, bat eginda segiduko dogu harik eta hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko dauen hizkuntza-politika barria indarrean jarri arte.

'Ikasi euskara, eskertuko dizute' leloa aukeratu dau Kontseiluak spot barrirako. Eduki bera euskeraz eta gaztelaniaz emoten dau, gainera. Hona hemen spot-a, ikusi nahi dauenarentzat:

Euskeraz
Gaztelaniaz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu