'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenak, gastronomiaren eta literaturearen inguruko topaketea jasoko dau
2010-09-20 14:58 KultureaIrailaren 21ean, 19:30etan da hitzordua Bilboko Bidebarrietako Liburutegian eta Hasier Etxeberria idazle, gastronomo eta kazetaria eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria izango dira protagonista.
'Eztabaidak Literatureagaz', jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturako zenbait iruditara hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, gastronomiaren eta literaturearen inguruko topaketea jasoko dau irailaren 21ean, Hasier Etxeberria idazle, gastronomo eta kazetariaren eta Andoni Luis Aduriz sukaldariaren eskutik.
Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Espezializautako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari izaten da eta oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Idoia Jauregi kazetaria izango da, Radio Euskadiko kultura.com saioaren aurkezleetako bat.
Urteko zazpigarren hitzorduak, literaturearen eta gastronomiaren arteko loturearen inguruko barriketaldia proposatzen deusku. Hasier Etxeberriak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957) eta Andoni Luis Adurizek (Donostia, 1971) sukaldaritzeak literaturan izan dauen eraginaren eta alderantzizkoaren inguruan egingo dabe berba, hau da, zenbait testuk gastronomian izan daben eraginaren inguruan. Era berean, idazlan batek, gastronomikotzat hartzeko, bete behar dituan ezaugarriak edo sukaldaritzako liburuak literaturatzat har daitekezan ala ez be aztertuko dabe.
Hasier Etxeberria Psikologian lizentziatua da. Urte batzuk euskera irakasle ibili ondoren, erredaktore moduan hasi zan lanean Euskal Telebistako informazino zerbitzuetan, eta etxe horretan bertan hainbat kultur saio gidatu eta koordinau ditu. Aitzindaria izan da gastronomiagaz lotutako programatan, Zopa Haundi eta Lapikoka saioen bitartez.
Euskeraz idatzi dituan narrazioen, gazteentzako literaturearen eta gastronomiako lanen artean azpimarratzekoak dira 'Mugetan' (1989) eta 'Arrainak ura baino' (1999) eleberriak, eta baita 'Karramarroaren aztarnak' (1997) kontakizun liburua be. 'Inesaren balada' liburua 2002ko Udaberri Sariko finalista izan zan, eta katalanera eta gaztelaniara itzuli da. ETB-n programa eta dokumental asko egin ditu, horreetako gehienak kultureagaz lotutakoak, eta zutabegile moduan be badabil hainbat mediotan. Jaso dituan sarien artean Irungo Hiria eleberri saria edo Gabriel Aresti ipuin saria azpimarra daitekez.
Etxeberriak, horrezaz gan, elikadureagaz eta gastronomiagaz zerikusia daben bi liburu be idatzi ditu: 'Sukaliztegi partikularra' (Orain, 1996) eta 'Erabateko sukaldea' (Ttarttalo, 1998), azken hori Luis Irizar sukaldariagaz eta Julian Bereziartua medikuagaz alkarlanean.
Andoni Luis Aduriz, barriz, euskal sukaldari handien belaunaldi barriko kide da. Donostiako Ostalaritza Ikastetxean ikasketak amaitu ondoren, Ramón Rotetagaz, Hilario Arbelaitzegaz, Jean Louis Neichelegaz, Juan Mari Arzakegaz, Fermín Arrambidegaz eta Pedro Subijanagazn lanean ibili zan, beste batzuen artean. 1993 eta 1994 urteetan, Ferrán Adriák zuzendutako El Bulli-ko kide izan zan eta 1996an Sukalde buru izan zan Martin Berasategigaz.
1998an ekin eutson bakarkako bideari Mugaritz jatetxean. Ordudanik aitatutako jatetxea zuzentzen dau, eta hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu. Andoni Luis Aduriz, Ferrán Adriàren ikasle eta jarraitzaile garbia da. Sukaldaritza freskoa, teknikoa eta imajinazinoz betea garatu dau eta bertan, beste gauza batzuen artean, lore eta basoko landare asko sartzen ditu, botanikeak sortarazo deutson pasinoaren ondorioz. Horrezaz gan, literaturearen eta arte plastikoen aurrean dauen interesa be gehitu behar jako.
Kontuak kontu, 2007ko urtarrilean 'Eztabaidak Literatureagaz' elimena martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Suso de Toro eta Joseba Zulaika.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua lehen mailako kazetariakaz, historialariakaz edo idazleakaz alkartzeko aukerea eskaintzea izan da, bertan, idazketearen munduagaz lotutako gaiak planteau ahal izateko, alkarrizketaren bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!