Arantza Ibarra: 'gehien arduratzen nauena umeen erantzuna da'

Karolina Almagia 2010-09-20 11:56   Barriketan
'Zigortzaileak' filmaren zuzendaria

Arantza Ibarra ondarrutarrak publizidade eta diseinu arloan lan egiten dau, baina gustuko ditu ipuinak idaztea, abestiak sortzea eta filmak egitea. Igaz lortu eban bere amesetako bat betetea, berak asmautako istorio bat pelikula bihurtzean. 'Zigortzaileak' deitzen da Ibarra and.aren filma eta igaz errodau eben Ezkerraldeko hainbat tokitan, euskera hutsean. Oraindino ez dau zine areto komertzialetan estreinatzeko data zehatzik, baina Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiak erakutsiko dau, premier moduan 'Eraman itzazu gurasoak zinera' izeneko sailean. Lehenengo erakustaldi publiko hori, hilaren 25ean, 17:00etan izango da, Principal antzokian.

'Zigortzaileak' pelikulak hainbat ikasleren abenturak dakarz; ikastetxeko ume menperatzaile batzuen tratu txarrak sufriduteaz gogaituta, horreei eskarmentua emoteko talde sekretu bat sortu daben ikasleen abenturak, hain zuzen be. Bada, super heroien filmak oinarri hartuta, pelikula honek bullying-aren gaia jorratzen dau, betibe umorea eta entretenimendua tarteko dirala. Filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten dauen neska batek eta mutil gazte talde batek beteten ditue. 'Zigortzaileak'-en protagonistak Amaia Aberasturi, Nikola Zalduegi, Andoni Delavigne, Estibaliz Sarasola, Martin Gandiaga, Pello Madariaga eta Asier Vegas umeak dira. Horreekaz batera, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Alfonso Torregrosa eta Rafael Amargo jantzaria agertzen dira, nagusien paperetan.


1.- 'Zigortzaileak' Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian erakutsiko da jentaurrean lehenengo aldiz. Zelako sentimenduak pilatzen jatzuz hitzordu horren aurrean?

Estreinaldirako daukadazan sentimenduak asko eta desbardinak dira, baina batez be urduri nago. Hori bai, nerbio politak dira.


2.- Kritikarien bildur?

Bildurra beti egoten da edozein pertsonagaz zeozer egiten dozunean, baina gehien arduratzen nauena umeen erantzuna da. Izan be, eurentzat egin dot filma eta niretzako oso garrantzitsua da umeen gustukoa izatea.


3.- Barria zara zine munduan. Zer izan da politena prozesu luze honetan? Eta zer izan da gogorrena?

Benetan gogorra izan da, eta ez bakarrik alde fisikoari erreparauta. Pelikulea prozesu askotatik pasetan da eta zu, zuzendaria zaren neurrian, prozesu guztietan egon behar zara eta momentu guztietan erabagi garrantzitsuak hartu behar dozuz. Hori da gogorrena. Baina gauza politak be badira, eta nik pilo bat disfrutau dot. Adibidez aktoreakaz lan egitea, ikustea zelan nire buruan egozan pertsonaia guztiak bizia hartzen eben aktoreen bidez. Ganera, abestiak sortzen eta idazten be asko gozau dot.


4.- Zelan definiduko zeunke 'Zigortzaileak' pelikulea?

'Zigortzaileak' definiduteko komedia eta drama lako hitz kontrajarriak erabili beharko neukez. Alde batetik, dramea da, eskolan umeen artean emoten diran erasoak erakusten diralako, eta beste alde batetik, komedia da, umeen fantasietan sartzen garelako.


5.- Oso gitxitan egiten dira umeentzako pelikulak, marrazki bizidunenak ez badira. Zergaitik aukeratu zenduan genero hori?

Orain dala 17 urtetik nabil ipuinak eta gidoiak idazten, bai marrazki bizidunenak, bai bestelakoak be. Gustora nabil eta ibili izan naz urteetan, baina kontua da ze istorio hau benetan interesau jakon produktore bat topau nebala eta, azkenean, proiektua gauzatu egin zan.


6.- Bullyng-a oso arazo larria da. Zelan jorratzen dau arazo hori pelikula honek?

Bai, eskolan emoten dira erasoak, eta hori gai gogorra da. Gidoia idatzi nebanean, buelta asko emon neutsozan eta hezitzaile askogaz berba egin neban. Pelikulan neskatxu baten buruan sartzen gara eta nahikotxu bigunduta dago gaia. Nire asmoa ez da nagusien gustuko dan bullyng-ari buruzko pelikula sakon bat egitea, umeentzako filma egitea baino. Eskolako erasoak umeek eurek egiten ditue eta konturatu behar dira zer egiten daben. Horregaitik, pelikulea momentu dibertigarriak pasetako eginda dago. Umeek ez dabe nahi irakaspen edo lezinorik, olgeta, jolasa eta denpora-pasa baino.


7.- Akoreak aukeratzeko prozesua sano luzea izan zan; gatxa izan zan zure irudimenan zeunzkan pertsonaien arpegiak topetea?

Bai, prozesu luzea izan zan, danetara, 1250 pertsona ikusi genduzan, baina asko gehiago aurkeztu arren kanpoan geratu ziran, gure aurrikuspenak nabarmen gainditu ziran. Denpora asko emon genduan casting-aren kontu horregaz eta hasieran gatxa izan zan nire buruan nituan pertsonaiak topetea, baina azkenean danak agertzen joan ziran.


8.- Zelakoa izan zan errodajearen esperientzia? Umeakaz lan egitea gogorra ei da...

Umeakaz lan egiten ohituta nago. Ikastoletan ibilten naz nire liburuen gaineko kontaketa eta marrazketa saioak egiten. Asko gustetan jat eurekaz lan egitea. Egia da, batzutan jolas bat izango balitz moduan planteau behar dozuzala gauzak eta trikimailu desbardinak erabili behar dozuzala, baina azkenean merezidu dau. Oso aberasgarria begitantzne jat umeakaz lan egitea. Eta asko gozau neban errodajean, nahiz eta neketsua izan: udan, beroa, ordu pilo bat...


9.- Umeen ondoan, arpegi ezagunak agertzen dira: Carlos Sobera, Ane Igartiburu... Zer kontau zeinke eurei buruz?

Oso profesionalak dira. Umeek oso ondo pasau eben Carlos Soberagaz. Honek oso ondo ulertu eban gidoiaren ikuspuntua. Anne Igartiburu lehenengotik neukan buruan eta primeran egin eban bere pertsonaia. Oso langilea da. Rafael Amargo oso dibertigarria da eta Xabier Elorriaga, aktore bikaina da. Gurutze Beitiak berezko grazia dauka eta Loli Astoreka langile trebea da, aktore handia eta danetarako balio dauen itzeleko emakumea.


10.- Zeintzuk dira zure hurrengo egitasmoak?

Aurten, bi ipuin daukadaz atarateko argitaletxe desbardinakaz (Erein eta Descleé). Gidoi musikal bat be hor daukat eta hara eta hona nabil baina oraindino ez dot inor topau proiektua gauzatu ahal izateko. Horrezaz gan, abesti batzuk sortzen nabil, telebistarako gidoi bat idazten eta 'Zigortzaileak' liburu formatoan atarateko testua idazten eta marrazkiak egiten. Nahikoa lanpetuta nago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu