Tximinoi-pintxoak eta txakolina protagonista Lekeitioko IV. Tximinoi Jardunaldietan

Bizkaie! 2010-09-17 11:55   Jan edanak

Lekeitioko Udalak itsasoa, arrantza eta itsasoko bizimoduagaz dituan hartu-emon berezien omenaldi moduan antolatu ditu irailaren 17tik 26ra egingo diran jardunaldiak.

Aurreko urteetako arrakastearen ondoren, dagoeneko finkaturik dagozan ‘Tximinoiaren IV. Gastronomia Jardunaldiak' antolatu ditu Lekeitioko Udalak itsasoa, arrantza eta itsasoko bizimoduagaz dituan hartu-emon berezien omenaldi moduan. Jardunaldiak irailaren 17tik 26ra bitartean ospatuko dira eta aurtengo jardunaldietan, bigarren urtez ‘Bizkaiko Txakolina - Txakoli de Bizkaia’ Jatorrizko Deiturearen Batzorde Erregulatzailearen lankidetzea izango da. Honako hau da egitaraua:


- Irailak 17, barikua. Dastamen hezkuntzeari buruzko umeentzako tailerra

Umeek be tarte berezia izango dabe Lekeitioko ‘Tximinoioaren Gastronomia Jardunaldietan’, izan be, Dastamen Hezkuntzearen Tailerrak izango dira bi txandatan: 16:30etik 17:15era eta 17:30etik 18:15era. Sei eta hamaika urte bitarteko umeak Leioako Ostalaritza Eskolako Irakasleen eskutik hurreratuko dira suetera. Herriko Trinkete Etxea Aterpean egingo diran tailerretan, zer dan tximinoia, non bizi dan; zelan garbitu eta zertarako erabilten dan ikasiko dabe umeek. Ondoren, ume bakotxak bere tximinoia garbitu eta preparauko dau. Gero, danen artean rabak egin eta jango ditue. Tailerra dobakoa da, baina ezinbestekoa da Lekeitioko Turismo Bulegoan aldez aurretik izena emotea.


- Irailak 18, zapatua. Bisita gidatuak Sosoagako Dolarera

Ordutegia: 11:00, 11:45, 12:30, 13:15, 17:00, 17:45, 18:30 eta 19:15. Prezioa: 3 € helduak, 1,5 €, 3 eta 12 urte bitarteko umeak. Sarrera prezioaren barruan, kopa bat eta parte hartzen daben Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen zortzi upeltegietako txakolin kopa bana probetea dagoz. Ezinbestekoa da aldez aurretik Lekeitioko Turismo Bulegoan izena emotea.

Beste alde batetik, jardunaldiotan parte hartuko daben Lekeitioko tabernetan tximinoi-pintxoak izango dira.


- Irailak 19, domekea. Tximinoiaren eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen arteko ezkontzea

Lekeitoko jatetxe eta tabernek egindako tximinoizko 1.000 pintxo eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturea daben zortzi upeltegietako txakolinaren dastatze herrikoia. 12 etxetxo jarriko dira Independentzia Plazan, Udaletxearen aurrean. Hurreratzen diranek 5 € pagauta, bertan dagozan upeltegietako 6 kontsumizino hartzeko aukerea emongo deutson edalontzi pertsonalizatua izango dabe. Bestalde, pintxo bakotxerako 1 €ko tiketak salduko dira. Horrezaz gan, Arrain kontsumoa sustatzeko eta arrantzale irudiaren balioa handitzeko asmoz, ‘Itsasotik mahaira/ Del mar a la mesa’ umeentzako tailerra egongo da Euskadiko Arrantza Azokak-en karpan.

Parte hartuko daben upategiak: Gurrutxaga, S.L.; Axpe; Merrutxu; Berroja; Itsasmendi; Amunategi; Txakoli Pipas eta Erakatxoko Txakolina.

Era berean, irailaren 18tik 26ra, Lekeitioko jatetxeek tximinoia osogarri nagusi daukien platerak eskainiko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu