EHUk 'Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra' eskainiko dau
2010-09-17 11:53 Jan edanakGraduondoko ikasketa ofizial honeek balioa izango dabe Europan, eta ANECA (Kalidadearen eta Akreditazinoaren Agentzia Nazionala) dalakoaren onespena daukie.
Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Farmazia Fakultadea 'Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra' eskaintzen hasiko da 2010-2011 ikasturtetik aurrera. Graduondoko ikasketa ofizial honeek balioa izango dabe Europan, eta ANECA (Kalidadearen eta Akreditazinoaren Agentzia Nazionala) dalakoaren onespena daukie.
EHUko iturriek adierazo dabenez, 'Enologia Berritzailea' masterra alkarlanaren emoitzea da. Ekimenean lankide dira Euskal Herriko Unibersidadea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta mahastizaintza eta ardaogintzearen sektoreko hainbat arlotako adituak.
Master hau jakintza-arlo anitzekoa da. Helburua ez da bakarrik zentzumenen bidezko ardaoaren analisiaren profesionalak preparetea, baita merkaduen ezagutzan eta nazinoarteko merkataritza estrategietan adituak izango diran profesionalak sortzea be.
Bide horretatik, 'Enologia Berritzaileko Unibertsitate Masterra' egiten daben profesionalek preparauta urtengo dabe produktuen gama bat sustatzeko maila guztietan merkaduaren eskakizunen arabera, eta produktua modu barritzailean kudeatzeko, mahastiei eta praktika enologikoei onura guztiak atara eta barrikuntzea bultzatzeko, alde teknikoan, zein prozeduretan eta salmentan, holan kudeatutako ardaoen arrakastea bermatzeko.
Sektore hau guztiz dinamikoa da eta etenbako garapen-prozesuan dago. Izan be, mahastizaintza eta ardaogintza teknika barriei esker eta merkaduratze eta marketin estrategia barrien bidez, ardaoak sortzen dagoz orain arte produktore izan ez diran herrialdeetan, eta horrek kolokan jarri dau zenbait lurraldek historian izan daben produktore estatusa.
Gaiak eta irakasleak
Graduondoko ikasketa honeetan ikasleak loturea izango dabe sektoreagaz. Lau asteko praktikak egingo ditue upategi batean (6 ECTS kreditu), eta ikastaldia amaitzean ikasle bakotxak 375 bat ordu emon beharko ditu 'Master amaierako lana' egiten (15 kreditu).
Masterrean arlo asko landuko dirala programan bertan ikusten da. Adibidez, honelako irakasgaiak batzen ditu: 'Ardaoaren Nazinoarteko Merkataritzea', 'Zentzumenei Lotutako Eraginak Enologian' eta 'Analisi eta Kontrol Enologikoa'.
Era berean, irakasleak be jatorri desbardinetakoak izango dira: EHUko, Madrileko Unibersidade Politeknikoko edo Bourgogneko Unibersidadeko ikertzaileen ondoan, Azti-Tecnalia eta Neiker Tecnaliako ikertzaileak be egongo dira, baita izen handiko upategietako profesionalak be, ikasleei merkaduaren joerak azaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!