Goizuetan bada gizon bat...

Karolina Almagia 2010-09-15 15:21   Kulturea
Patziku Perurenak Laboaren kantako protagonisten historia ikertu dau

Mikel Laboari esker, Berdabioren bertsoak oso ezagunak dira belanauldi bat baino gehiagorentzat. Baina, nor zan Trabuko hori? Zer pasau zan benetan? Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) bere herrian jazotako historia ikertu eta arakatu dau.

'Goizuetan bada gizon bat/deitzen zaio Trabuko. Itzak ederrak biotza faltso/sekula etzaio faltako: egin dituen dilijentziak/berari zaizko damuko'. Mikel Laboari esker, Berdabioren bertsoak oso ezagunak dira belanauldi bat baino gehiagorentzat. Baina, nor zan Trabuko hori? Zer pasau zan benetan? Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) bere herrian jazotako historia ikertu eta arakatu dau. Eta horren inguruan jakin dauen guztia Goizuetan bada gizon bat (Alberdania) liburuan kontau dau.

Hogeiren bat urte 'edo gehixeago' emon dau Patziku Perurenak Trabukoren historia ikertzen eta liburua idazten. 'Baina tarteka bazterrean itxita be euki dot. Gure pasinoa bazterrean ixtea gatxa izaten da. Drogazaleen antzekoak gara. Gure opioa, barriz, ikasmina izaten da. Egia jakin nahi alper-alperrekoa'. Eta, nahiz eta liburua kaleratuta egon, oraindino ez dau amorerik emon: 'Gauza asko dago oraindino gai morboso honen atzean argitzeko' adierazo dau.

Perurenak azaltzen dauen legez, Goizuetan Trabuko izengoitiz ezaguna zan meatzaria Joan Fermin Aginaga Mariezkurrena izan zan. Ama Ezkurrekoa eukan eta aita Lekunberrikoa. 'Ezkondu, barriz, Mª Josefa Recartegaz egin zan 1728an Goizuetan, eta bost seme-alaba izan zituen; horreetako bat, Josepha Ignazia, 1745ean jaio zan, eta Juan Bernardo Amitesarobe donostiarra izan eban atautxi, hain juxtu, Elamako burdinolan administradore zana. Baina, Elaman nor hil eban Trabukok ez dot argitzerik izan'.

Patziku Perurenak egin dauen ikerketearen arabera, hiru jazoera zinezko korapilatzen dira Mikel Laboak kantetan dituan bertsoetan: 'Alde batetik, Berdabio eta konpainiak Lesakako eleizan egindako lapurretea. Eleizea barriztetan ebilzala aprobetxatuz kandelabroak eta abar ostu zituen, gero urtu eta zilarragaz euren mantingalak egiteko. Bigarren jazoerea diru faltsuarena da. 'Dieciochenoa' berez Valentzian egindako txanpona zan, baina Nafarroako mugaldean ertzak moxten eutsiezan, zilarra kendu eta Frantziara saltzeko; edo kobrezko txanponak limau eta azal azaletik zilarrezko bainua emon, balio faltsua zortzikoituz. Iruzurgileetako bat Gratian Etxeberria hazpandarra zan. 1717an sortu eban Banko Etxeberria euskaldun frantses batek Galiziako Betanzosen; lehenengo bankua Espainian, Banco de España bera baino lehen sortua. Eta badirudi dieciocheno honen irizurragaz zerikusi zuzena izan ebala. Kontua da, Berdabion iruzur honetan ebilzanak salatu egin zituala Trabukok, eta gero kartzelan sartzean, Berdabiok azaldu Trabukoren aspaldiko pekatua bertsotan: 'ongi ongi oroitu hadi zer egin huen Elaman/ Gizona hilda bizkarren hartu errotapera eraman'. Hiru jazoera baltz horreek gurutzatzen dira Laboak hauspetik atara euskun kanta hunkigarrian.

Eta hori guzia argitu guran, Patziku Perurenak hogei bat urte pasau ditu artxiboetan sartuta. 'Ni hasi nintzanetik hona, pausu haundiak emon dira, batik bat udal artxiboetan: ordenau, inbentaroak egin, eta edozeinek aztertzeko arau demokratikoak ipini. Lehen lau jauntxuren giltzapean egoan dana. Baina, oraindino be, ardura falta iitzela dago honetan, eta zer ikasi handia. Izan be, alderdirik beharrezkoena falta baita: artxibo horreen guztien hustuketa sistematikoa, Euskal Herri osoa saretuko leukeana, herriz herriko datutegi baterako diziplina sortuz. Hori egin artean, Euskal Herriaz lotsaz eta ahopeka berba egin beharko geunke. Ez daukagulako hori beste historia xehe idatzirik. Udal eta Eleiz artxiboetan daukagu azken 500 urteko gure historia xehea. Eta oraindik ukutu barik dago kasik. Pentsau!...'

Eta artxiboetako altxor horreek ahozko kontuekaz osotuz, 400dik gora orrialdeko liburua argitaratu dau, datuz eta zehaztasunez betea. 'Nik neure esperientzia kontau dot, ahalik eta fidelen. Leitzen dauenak esan daiala balio izan dauen, ez dauen… Eta nobelatu nahi dauenari be, edo filmau, lana egintxea itxi deutsat, garai jakin batean girotutako jazoera ilun gogoangarri askogaz: amodio grinak, zeloak, traizinoak, lapurretak, hilketak…'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Mikel 2010-09-15 20:03 Erantzuna | #1

Patziku Perurenaren liburuak beti dira gomendagarriak, eta harrigarria da nola lotzen dauen ahozko tradizinoa eta artxiboko informazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu