HABE-k kudeatutako 105 euskaltegitan 40.000 ikasle inguru izatea espero dau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak

Bizkaie! 2010-09-14 13:06   Euskerea berbagai
Danetara, 1.500 irakasle inguru dagoz 2010-2011 ikasturtean

Eugenio Mujikaren eretxiz, HABE-k eta euskaltegiek erronka garrantzitsuak ditue aurrera begira be: finantziazino sistemea hobetu, curriculuma osotu, azterketak kudeatu, ikas-materiala sortu, teknologia barriak irakaskuntzan txertatu, komunikabideakaz alkarlana areagotu, eta irakaskuntza prozesuaren gaineko ebaluazinoa egin, besteak beste.

Oraintsu, Gasteizko Europa Jauregian, ikasturte barriaren inaugurazinoaren aurretik egindako prentsaurrekoan emon zituan datuak Blanca Urgell Kultura sailburuak. Urgellegaz batera, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Eugenio Mujika HABEren zuzendari nagusia, Patxi Iturregi Udal euskaltegien ordezkaria eta Ion Zabala Euskaltegi pribatu homologatuen ordezkaria izan ziran.

Euskerearen normalizazinorako bidean Helduen Euskalduntzeak berebiziko garrantzia dauela azpimarratu eban Blanca Urgell Kultura sailburuak, eta horren barruan, euskaltegiek egiten daben lan itzela goraipatu eban. 'Hurrekotasuna, profesionaltasuna eta aukera aniztasuna'. Hiru berba horreekaz deskribidu eban sailburuak euskaltegien -publikoen nahiz pribatuen- eguneroko jarduna: 'euskereari bultzadea emoteko euskaltegiek egiten daben lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean zabilzen guztioi'.

Euskaltegiei ez eze HABE-ri be bere esker ona adierazo eutson Urgellek eta euskaltegietako ikasleak be gogoan izan zituan. 2009-2010 ikasturtean, 39.373 ikasle ibili zirala euskerea ikasten gogoratu eban; aurreko ikasturtean (2008-2009an) baino 416 ikasle gehiago.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak be argi dauka euskaltegi publikoak nahiz pribatuak ezinbesteko bitartekariak dirala euskerearen normalizazinorako: 'guk gure esku dagoan guztia egin dogu helduen euskalduntzeak arrakastea izan daian beharrezko baliabideak euskaltegien esku jarteko, eta aurrera begira be horretan jarraituko dogu'.

Jarraian, datorren ikasturterako HABE-k euskaltegiak diruz laguntzera bideratutako kopuruak izan zituan berbagai Auzmendik. 2010-2011 ikasturterako, Udal Euskaltegien kasuan 11.042.662 euroko diru-laguntzinoak emongo dira; Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, barriz, 21.550.505 eurokoak. 2009-2010 ikasturteagaz konparauta murrizketea egon da, egoera ekonomikoak holan behartuta. Halan da be, 2008-2009 ikasturteagaz konparauta, datuek positiboak izaten jarraitzen dabe: 'igaztik aurtengora diru-partidak bajatu egin badira be, orain bi urtetik igon egin dira. 2008-2009 ikasturteagaz alderatuta beraz, 2010-2011 ikasturtean Udal Euskaltegietara % 1,31 euro gehiago bideratuko dira eta Euskaltegi pribatuetara % 4,07 euro gehiago'.

HABE-ren zuzendari Eugenio Mujikak helduen euskalduntzearen gaineko balorazinoa egin eban eta haren esanetan, 'osasuntsu eta indarrean dago, eta beraz, beharrezkoa da euskerea berreskuratzea herritarren borondatea hori baita'. Horrezaz gan, Mujikak HABE-EUSKALTEGIAK binomioaren garrantziaz berba egin eban. Haren berbetan, HABE-ren lana eta euskaltegien jardun profesionala eredu bihurtu dira Europako hizkuntza askoren berreskuratze ahaleginetan dabilzan erakundeentzat. Edozelan be, Mujikaren eretxiz, HABE-k eta euskaltegiek erronka garrantzitsuak ditue aurrera begira be: finantziazino sistemea hobetu, curriculuma osotu, azterketak kudeatu, ikas-materiala sortu, teknologia barriak irakaskuntzan txertatu, komunikabideakaz alkarlana areagotu, eta irakaskuntza prozesuaren gaineko ebaluazinoa egin, besteak beste.

Prentsaren aurreko agerraldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi eta HABE-ren zuzendari Eugenio Mujika Euskadiko euskaltegietako 100 ordezkari ingurugaz alkartu ziran Helduen Euskalduntzearen 2010-2011 ikasturtea inauguretako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu