Garazi Kamio: 'Durangoko azokako idazleak ikustean inbidia sentiduten dauen idazle amateurra izan naz'
2010-09-10 12:24 BarriketanXIII. Igartza Sariaren irabazlea
Garazi Kamio Anduaga andoaindarrak irabazi dau Igartza Sariaren XIII. deialdia, 'Gerizpeko panpinak' izeneko ipuin-bildumaren proiektuagaz. Ipuin psikologikotzat sailka daitekez, pertsonaien krisi-une eta arrakaletan sakontzen dabenak, eta aitagarria da ironia mehe baten erabilerea be. Urtebete dauka orain Kamiok proiektua ondu eta biribiltzeko, eta 2012ko urte hasieran kaleratuko da liburua.
1.- Aurkeztu egizu zeure burua.
Andoainen jaio nintzan orain dala ia 31 urte , 1979ko irailaren 21ean. Kazetaria naz ofizioz eta afizinoz. Eta literatureak eskaintzen deustan ekarpena kazetari zentzuan be bajatort: Sautrela saioko erredaktorea naz hile hasieratik. Bestalde, Irakasle Eskolako ikaslea be banaz. Unibersidaderako itzulereak ikuspuntu desbardin bat ekarri deust eta baita garrantzi handia hartu daben lagunak be.
2.- Sautrelan lan egiteaz gan, zein izan da literatureagaz izan dozun loturea, orain arte?
Beti izan naz literaturazalea. Liburuak erostea plazer handitzat dot, eta baita horreek irakurteko denporea eta momentu intimoak izatea be. Halanda be, ez naz literatura lehiaketetara aurkezteko adoretsua izan. Sari txikiak jaso ditut (Amasa Villabonako amodiozko gutunen lehiaketea, berbarako), baina ez dot lanak erakusteko beharrik izan. Durangoko azokako idazleak ikustean inbidia sentidute dauen idazle amateurra izan naz. Orain, ateak parez pare edegi jataz.
3.- Orain sentidu dozu zeure lana plazan erakusteko edo zeure burua probetako beharra, ala lehenagotik zenunkan gogoa?
Beharra, beharbada, beti egon da hor. Baina azken urte honetan zirt edo zart egitea erabagi dot. Akaso langabezian egon izanaren ondorio bat be izan dala esango neuke. Idazteko eta ideia barriak sortzeko denporea izan dot, proiektu bat irudikatzearena… Beharbada literaturearen amildegitik salto egiteko momentu aproposa izan da.
4.- Azaldu egizu zer dan, gitxi gorabehera, zeure proiektu hau.
Behin esan eta idatzi neban bizitzan zehar ikasten dogun antzerki obrea antzeztera ataratzen garala kalera. Baina, sarri, antzezlan hori ahaztu egiten jaku: urteetan zehar ikasi doguzan printzipioak, klixe moralak, eginbeharrak… ezerezean gelditzen dira. Orduan jatorkuz bildurrak eta zalantzak. Ipuin desbardinetan kontau gura dodaz, nonoiz izan doguzan ideien aldaketak eta horreek dakarrezan ondorioak. Azken batean, edozeini subertetako moduko egoerak dira eta hori be islatu gura izan dot: eguneroko kontuak, zuri eta niri jazo ahal jakuzanak.
5.- Fintasun psikologikoa eta ironiaren erabilera azpimarratu ditu epaimahaiak, besteak beste, zure lana baloratzean.
Proiektua irakurri eban lagun batek nire lana absurdoaren eta kafkiarraren arteko zeozer zala esan eustan. Arduratu egiten nau besteen ikuspuntua zein dan jakiteak eta enpatia puntu bat lortzeak. Ironia bizitzan beharrezkoa dan elementua da, bai kalean eta baita ordenagailu aurrean ipuinak idazten doguzanean be. Pailazoek be barreen lagunei buruz berba egiten dabe. Eta barreen lagunak lortzeko, ironiak be laguntzen dauela esango neuke.
6.- Ipuingintzan eta oro har literaturan, badozu erreferentziazko egilerik, bertako zein kanpokorik?
Uda atipikoa izan dot irakurgaiei jagokenez. Lagun baten doktorego tesia irakurri dot, euskerara itzuli diran alegiei buruzkoa. Bestalde, Castillo Suarezen lanakaz joan naz hondartzara eta oporretara.
Kirmen Uriberen idazlanen jarraitzailea izan naz beti eta ipuingintzan, Eider Rodriguez eta Uxue Alberdi ditut gustuko, besteren artean. Urtean zehar Irlandako poesia klasikoa irakurri dot eta baita Joyce-ren Ulises lana be.
7.- Igartza bekea irabazi dozu; zer da zuretzat: erantzukizuna, akulua...? Badozu balorazinorik beka honetaz eta bere emoitzaz?
Igartzak beti izan dau izena eta ospea. Zelan ez, horrek atzetik dakarren erantzukizuna handia da. Beharbada lagunek emon deustiezan bultzakaden azken akulua dala be esango neuke. Balorazinoa guztiz positiboa da, betidanik egin gura izan dodana, idaztea, Euskal Herrira zabaltzeko aukerea izango dodalako. Igartza sariak horretarako aukerea emon deust eta orain irakurleei zor deutset lan eta esfortzu guztia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!