Txakolin upategiak arte-erakustoki

Bizkaie! 2010-08-17 02:00   Jan edanak
UBE eskultorearen erakusketea Itxasmendin (Gernika) izango da irailaren 17tik 18ra

Ktart proiektua tarteko dala, txakolin-upategiak eskultureari buruzko erakusketa-areto bihurtzen dira. Proiektu horren bitartez, eskulturearen sorkuntzearen eta txakolin produkzinoaren arteko fusinoa egin nahi da, holan, mota askotako ikusleentzako kontzeptu erakargarria sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak zemendira arte eutsiko deutso Ktart proiektuari. Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen Kontseilu Arautzailearen egoitzan aurkeztu ondoren, zenbait txakolin-upategitatik pasau da. Ekintza ibiltaria da, txakolin-upategiak eskultureari buruzko erakusketa-areto bihurtzen dituana. Proiektu horren bitartez, eskulturearen sorkuntzearen eta txakolin produkzinoaren arteko fusinoa egin nahi da, holan, mota askotako ikusleentzako kontzeptu erakargarria sortuz.

Abuztuaren 30era arte Bakioko Doniene Gorrondonan izango da, gero, Itxasmendin (Gernika) irailaren 17tik 18ra, eta Berrojan (Muxikan) urriaren 29tik zemendiaren 30era.

Proiektuaren helburua honako hau da: upategietara joaten diran bisitariak, artea interesa dabenak eta bien arteko fusinoak erakarten dituanak Bizkaiko txakolinaren upategi batzuetan antolatutako ekintzetara hurreratu ahal izatea.

Ktart-ek txakolina desira-objektu dotore eta bikain bihurtzen dau eta, era berean, artea eta eskulturea pertsonak lurra, zura, altzairua eta abarrekaz egiten dauen lanaren adibide bihurtzen dira. Txakolinagaz pasetan dan legez, ondo egindako lana lortu nahi dabe, harria, zura eta altzairua erabiliz.

Proiektuak arte bien arteko sinergia sortzeko aukerea emoten dau, biak be, eskuz eta kontuz egindakoak baitira. Ktart proiektuari esker upategiek bisita gehiago izango ditue, eta ikusleak artez aseko ditue. Gainera, txakolina probetea sustatuko dau, eta bezero-multzoa handitu egingo da.


Eskultorea

UBE (Gernika-Lumo, 1961) artista autodidakta da, eta ikasketak AEBetan, Mexikon eta Bilbon eginez trebatu zan. Modu indibidualean egin ditu erakusketak Ameriketako Estadu Batuetako zenbait uritan, besteak beste, Brigport eta Nueva Yorken, baita Mexiko, Austria, Espainia eta Bizkaiko hainbat udalerritan be.


Upategiak

- Doniene Gorrondona

Tradizinozko baserria izan zana upategi moderno bihurtu da. Upeltegiaren eraikina 1852koa da, eta, dokumentuetan agiri danez, garai haretan txakolina egiten zan bertan. Edozelan be, 70eko hamarkadan hasi ziran txakolina modu profesionalean egin eta merkaturatzen. Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturearen upeltegirik zaharrenetakoa da.


- Itxasmendi upeltegia

1995ean hasita Muskizen zazpi urteko jarduerea egin ondoren, Gernikara lekualdatu zan 2002an, bere mahats-landaketak gero eta zabalagoak baitziran. Gaur egun teknologiarik modernoena dauka ardao zuriak produziduteko.


- Oxinbaltza upeltegia

Upeltegia XIX. mendeko baserri batean dago, Oiz mendiaren hegoaldeko magalean. Mahastiaren produkzino-gaitasuna mugatua da (250.000 litro), eta horrek kalitate bikaina ematen dio mahatsari.


- Berroja upeltegia

Familia-enpresa honen ibilbidea 1995ean hasi zan. Txakolina produziduteko 14 hektareako gaitasuna dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu