Gipuzkoako Aldundiak eta Nevadako Unibersidadeak 'Pat-Eloisa Bieter' bekea sortu dabe
2010-08-30 12:02 Euskaldunak munduan1970eko hamarkadan AEBetan euskal kulturea sustatzen eta ikasle estadubatuarrentzat euskal ikasketak antolatzen aitzindari izan ziran senar-emazteak omendu nahi izan ditue bekeari izen hori jarriz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nevadako Unibersidadeak (AEB) euskal kulturearen zabalkundea sustatzea helburu dauen 'Pat-Eloisa Bieter' bekea sortu dabe. Bekearen ekarpena 15.000 eurokoa izango da eta jarraipena izateko asmoz eratu da.
Foru erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu dau Boisen (Idaho, AEB) Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroagaz, 'Pat Eloisa-Bieter' bekea sortzeko. 1970eko hamarkadan AEBetan euskal kulturea sustatzen eta ikasle estadubatuarrentzat euskal ikasketak antolatzen aitzindari izan ziran senar-emazteak omendu nahi izan ditue bekeari izen hori jarriz.
Lankidetza hitzarmenaren izenpetze ekitaldia Boiseko udaletxean egin da, Dave Bieter alkatea buru zala. Bieter ekimenari izena emoten deutsen senar-emazteen semea da.
Era berean, ekitaldian izan dira Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Kanpo Ekintzen diputadua, Joseba Zulaika Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariondokoa eta Carmelo Urza Euskal Ikasketen Partzuergoko zuzendaria.
Galdosek esan dauenez, hitzarmenaren helburua 'euskal eta gipuzkoar kulturearen ondarea zabaltzea da, lurraldeko ikertzaile batek burutuko dauen doktore-beka bat sortuz ikerlanak eta argitalpenak egiteagaz batera'.
Bestalde, Zulaikak eta Urzak bekeari izena emoten deutsen senar-emazteen irudia iruzkindu dabe. 'Euskal ikasketek AEBetan bizi daben egoerearen zati handi bat eurek orain lau hamarkada inguru egin eben lanari zor jako', azaldu dabe.
Azkenik, Dave Bieterrek gogoratu dau lehen pausuak egoera gatx eta gogorrean emon zirala eta oraindino eten ez dan ibilbide bati ekin eutsiela ikasle gitxi batzukaz. Holan, Boiseko alkateak azpimarratu dau orain ehunka dirala programa honeetan parte hartzen daben ikasleak.
Honezkero, bekearen lehenengo hartzailea be adierazo dabe: Imanol Murua Uria kazetari zarauztarra, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!