Unai Perez de San Roman: 'drogei buruzko mito asko dagoz'
2010-08-24 14:16 BarriketanUda sasoian, jai-giroa da nagusi eta jakina da parranda-guneetan drogen kontsumoak, legezkoak zein legez kanpokoak izan, nabarmen egiten dauela gora. Ailaket!! erakundeak drogen inguruko informazinoa zabaltzea dau helburu eta, tartean, gazteek kontsumidutera doazen drogen analisi-zerbitzua eskaintzen dau. Taldeko ordezkari Unai Perez de San Romanek argitu deuskuz alkartearen bestelako zereginak.
1.- Zer da Ailaket?
Ai Laket!! irabazi-asmorik bako alkartea da, drogak kontsumiduten dituenek eta baita kontsumitzaile izandakoek osotzen dabena. Kontsumo arduratsuaren eta erabilereak eragindako arriskuen autogestinoaren ikuspuntutik, sustantzia psikoaktiboakaz biziten ikastearen aldeko apustua egiten dogu.
2.- Nortzuk osotzen dozue lan-taldea?
Ai Laket!!-en, orain, lau pertsona gagoz lan-taldean, alkartean 40 lagun inguru egon arren. Arlo desbardinetako profesionalek parte hartzen dabe gure alkartean: giza hezitzaileak, kimikariak, diseinatzaileak, irakasleak... Alkartean parte hartzen dogun guztiok formazino-ikastaroa egin behar izan dogu sartzerakoan; ganera formazino horregaz jarraitzeko, beste talde eta erakundeek eskaintzen dituen ikastaroak egiteko aukerea be emoten dogu. Kontuan izan behar dogu laguntzaileek borondatez egiten dabela lan, orokorrean.
3.- Zein da zuen zeregina?
Gure zeregina arriskuak murriztean oinarritzen da. Kontsumitzaile ez diran pertsonei informazinoa emon gura deutsegu, eta bateren batek substantziaren bat kontsumidu gura badau, kontsumo hori ahalik eta arrisku gitxienekoa izateko baliabideak emoten doguz.
4.- Zeintzuk dira, alkarte moduan, bideratzen dozuezan ekimenak?
Aurten lau proiektu daukaguz martxan: Testing, Lonja Laket!!, 'Punto Fijo' eta urte guzti honeetan proiektu desbardinetan egindako lan guztiaren txostena. Ganera, gure alkarteak ekimen desbardinak antolatzen ditu urtean zehar, adibidez aurten zine-forum bat izan dogu, edo kartelen lehiaketa bat. Beste ekintza batzuk material informatibo desbardinen argitalpena edota berbaldiak izan dira.
Ai laket!!-en batzorde desbardinak ditugu martxan, alde desbardinak jorratzeko, genero, ikerkuntza edo komunikazino batzordeak, esaterako. Batzorde horreetan, kolaboratzaile desbardinek parte hartzen dabe helburu zehatzak aurrera eroateko, baina baita alkartzeko eta eztabaidak eragiteko be.
Alkartean, liburutegi txiki bat be badaukagu drogei buruzko arlo desbardinak jorratzen dituen material eta liburuakaz, eta hilero egiten dogu gure alkartekideentzako txosten bat, sortzen dan informazinoa zabaltzeko. Ganera, urtero antolatzen dogu jai bat gure 'jarraitzaile' guztiakaz alkartzeko!
5.- Zeintzuk dira antolatzen dozuezan ekimen horreen eta, oro har, alkartearen helburuak?
Gure alkartearen helburuak hiru dira. Lehenengoa, kontsumo arduratsuaren ereduak emotea; bigarrena, arrisku murrizketea eta laket edo plazerren gestinoa kontsumo horreetan; hirugarren helburu orokorrago bat be badaukagu, legez kanpoko drogen erabiltzaileen eskubideak zaintzea eta legalizazinoaren inguruko eztabaida soziala bultzatzea.
6.- Hiru programa instituzionaletan parte hartzen dozue. Zeintzuk dira? Azaldu egiguzuz bakotxaren berezitasunak, labur.
Ai Laket!! alkartea independentea dan arren, gure proiektu batzuk garatu ahal izateko instituzino desbardinakaz lan egiten dogu. Igaz, berbarako, 30 udaletxe baino gehaigogaz, Foru Aldundiakaz, Eusko Jaurlaritzagaz edota Euskal Herriko Unibersidadeagaz lan egin genduan. Aitatutako erakundeen eta gure boluntarioen laguntzinoari esker, hiru programa nagusi aitatu behar ditugu.
Testing proiektuagaz, herrietako jaietan lan egiten dogu. Programa honegaz 2002. urtetik daroagu eta bertan 26.000 lagun inguruk parte hartu dabe eta 6.066 analisi egin dira. Gure proiektu ezagunena da, furgoneta bat daukagu preparauta bertan analisiak egin ahal izateko, eta kanpokaldean material informatiboa eta beste material batzuk (alkoholimetroak, preserbatiboak, turuloak,..) banatzen ditugu.
Lonja laket!! proiektua igaz jarri genduan martxan, eta 15 lonjatan egon ginan. Gazteen artean azken urteetan gero eta gehiago ikusten da lonja edo lokal bat alkotzea bertan alkartzeko. Guretzako leku oso aproposa da informazinoa emoteko, denpora gehiago daukagulako eta konfiantza osoz berba egin geinkelako eurekaz. Aurten barriro hasi gara lonjak topetan proiektu honetan parte hartzeko, beraz, hemendik luzatzen deutsegu konbita gugaz kontaktuan jarteko interesa daben gazte guztiei.
Azkenik 'Punto Fijo' proiektua dago. Gasteizen dogun bulegoa barikuro, 19:00etatik 22:00etara, informazinoa, materialak eta analisiak eskaintzeko hurreratzen diranentzat izaten dogu zabalik. Proiektu honek gure kolaboratzailei esker irauten dau, beraz, eskerrak emon behar jakez. Astero honelako zerbitzu bat izatea, guretzat, oso garrantzitsua da, urte guztian zehar jarraian honelako eskaintzea izateko aukerea emoten deuskulako.
7.- Testing programeari esker, kontsumiduko dituen drogen berezitasunak ezagutzeko aukerea daukie erabiltzaileek. Zeintzuk dira egun gehien kontsumiduten diran droga ilegalak?
Hiru proeiktuakaz, adin tarte, momentu (kontsumidu baino lehenago edo kontsumo-momentuetan), edota pertsona-mueta desbardinakaz lan egiten dogu, holan droga-kontsumo desbardinak topetan doguz. Halanda be, orokorrean ikusita, gehien kontsumiduten dan droga ilegala kanabisa da, nahiz eta droga legalen (tabakoa eta alkohola) kontsumoa baino askoz txikigoa izan.
8.- Kontsumitzaileak kontziente dira kontsumiduten dabenaz?
Askotan zalantzak argitzera datoz, substantzia ilegalak osasun-kontrol barik ailegetan jakez eta, beraz, ezin dabe jakin benetan zer diran sunstantzia horreek. Halanda be, honelako programek lortu dabena da kontsumitzaileei informazino zuzena emon ahal izatea, eta erabiltzaileak pozik dagoz.
Gure inguruan drogei buruzko mito asko dagoz, eta kontsumitzen danaren efektuak, hasierakoak zein epe luzerakoak, jakitea oso garrantzitsua dala uste dogu, holan gure erabagiak daukiezan eraginak eta ondorioak be zeintzuk diran jakingo dogu.
9.- Zein da erabiltzaileen erreakzinoa benetan zer kontsumiduten dagozan jakiten dabenean -Testing programeari esker-?
Arlo horretan, desbarditasun nabariak dagoz honelako zerbitzuak lehenengoz erabilten dituenen edo erabiltzaile arrunten artean. Lehenengo aldian, droga desbardinetan egindako analisien arabera ohikoak diran emoitzak zabaltzen doguzanean, harridurea da erreakzino ohikoena, bai purutasun datuakaitik (izan daiteke pentsautakoa baino eskasagoa baina askotan pentsatutakoa baino handiagoa), bai erabilten diran gehitutako sustantzia desbardinakaitik.
Askotan, erabiltzaileak barriro etorten dira, eta orduan eurek hartu behar daben sustantziaren konposizino zehatza nahi dabe jakin. Lehenengo aldi horretako harridurea jakinmin bihurtzen da.
10.- Drogen normalizazinotzat, Ailaket! alkarteak, drogen inguruan gertatzen dan estigmatizazinoa murrizten joatea eta horreen antolamentu-ereduan aldaketea izatea moduan ulertzen dau. Zer gura dozue esan horregaz?
Gizarteak legez kanpoko drogen kontsumitzaileak gaixoen moduan edota gaizkile moduan ikusten ditu. Gure jarrerea bestelakoa da, guk uste dogu pertsona helduak garela eta bakotxak erabagi behar dauela. Gure amesa erabagi hori hartzeko informazino zehatza, praktikoa eta sinisgarria emotea da, eta, holan, kontsumiduterakoan ahalik eta arduratsuen jokatzea. Drogen inguruan tabu gehiegi dagoz oraindino eta horretaz berba egiteak eta informazinoa zabaltzeak kontsumitzailei buruzko aurreretxi asko aldatuko leukezala uste dogu.
11.- Zein da zuen jarrerea droga ilegalen aurrean?
Droga ilegaletan ezjakintasuna handiagoa da legaletan baino, bai informazino aldetik eta, batez be, euren konposizino aldetik. Honek bi ondorio dakarz: askotan, jenteak droga legalek arriskurik ez daukiela uste dau eta, kontsumoa normaltzat hartzen danez, kalteen ondorioak ez dira kontuan hartzen. Ganera, ilegalak izateak guretzako arrisku gehiago ekarten ditu, besteak beste, osasun-kontrola edo informazio faltea.
Gure jarrerea droga ilegalak izateagaitik egun dagoan penalizazinoa kentzea (isunen bidez ez dogu uste konponbiderik dagoanik) da eta droga guztien legezkotasunaren eztabaida sakon bat zabaltzea.
12.- Zenbaterainoko eragina dauka Internetek drogen erabiltzaileen artean?
Internetek, egun, informazinoa topetako balio dau eta, alde horretatik, gure alkarteak be webgunea dauka: www.ailaket.com. Ganera, laster barriztau egingo dogu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena eskaini ahal izateko. Beste gauza batzuen artean, egindako analisi guztien emoitzak argitaratzen doguz, kontsumitzaileek ikusteko benetako emoitzak zeintzuk diran. Interneten informazino asko topau daiteke, baita drogei buruzko informazioa be, baina askotan ez da bape zehatza izaten, beraz, argi izan behar dogu nondik ataraten dogun informazino hori.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!