Xabi Solano: 'Esne Beltzaren sekretua estilo-aniztasuna da'

Saioa Torre Gereketa 2010-08-17 15:07   Barriketan
Esne Beltza taldeko kidea

Xabi Solano, Zigor Lampre, Sergio Ordoñez, Pello Gorrotxategi, Aitor Zabaleta, Iban Zugarramurdi, Jon Mari Beasain, Aritz Llonbide, Jon Elizalde eta Jon Garmendia. Ez, ez dira futbol-talde bateko jokalariak, Esne Beltza taldeko kideak baino. Oraintsu atara dabe 'Noa' izeneko lana eta, orain, herririk herri dabiz, musika alaia zabaltzen. Euskal publikoa jantzan eta kantetan jarri ostean, atzerrira joateko amesa daukie, trikiti-doinuak munduan zabaltzeko. Taldeko 'kapitainak', Solanok, berba batzuk eskaini deuskuz.


1.- Trikitilari legez hasi eta, orain, Esne Beltza taldeko kideakaz batera, jantzan egiteko eta ondo pasetako musikea eskaintzen dozu. Zelan definiduko zeunke Esne Beltzak egiten dauen musikea?

Musika multikulturala da, estilo desbardinak jorratzen doguz, oso desbardinak. Esne Beltza bederatzi musikarik osotzen dogu eta bederatzi musikariok oso estilo desbardinetatik gatoz. Aniztasun hori, ondoren, gure musika estiloan igarten da. Esne Beltzaren sekretua estilo-aniztasuna da, ez deutsagu estilo zehatz bati jarraitzen; halanda be, estilo desbardinak buztartzen dituan musikea egin arren, igarten da Esne Beltza dala.

Guk argi daukagu gustetan jakuna egin gura dogula eta gure kanten norabidea, azken batean, eurek bakarrik hartzen dabe. Taldekideok aurretik be talde askotan ibilitakoak gara eta alkarregaz oso ondo konpontzen gara musikeari jagokonean; ia berba egin barik be, badakigu norantz goazen eta beti ahalegintzen gara bide hori danon gustokoa izatea.


2.- Hiru disko atara dozuez (bi CD eta CD+DVD bat) eta, zure hitzen arabera, oso zaila da argitaratu barri dozuen lana ('Noa') definidutea. Honezkero, joan dira hilabete batzuk lan hori argitaratu zenduenetik. Topau dozu definizinorik?

Lehenengo diskoa oso freskoa zan baina, disko hau, nire ustez, lan ha baino intimisteagoa da, freskotasuna be izan arren. Gai serioagoak jorratzen doguz aurreko lanakaz konparauta eta musikalki be estilo desbardin ugariago dagoz. Aurreko diskoan, baltzen musikea hartu genduan ardatz, soul, hip-hop eta horrelakoak; oraingoa, latinoagoa da.


3.- 'Basque, global, rebel and roots'.
Berba horreek garrantzitsuak dira zuentzat. Zergaitik?

Berba horreek, berez, diskoetxeak jarri euskuzan eta guk onartu egin doguz baina, berez, berba horreek erabilten dira guk estilo asko buztartzen doguzalako eta berba bategaz definidutea oso gatxa dalako.

Definizioa, berez, berba bakarrak emon beharko leuke eta hori ezinezkoa da Esne Beltzan. Diskoari definizino bat emotea gatxa da baina, bat emotekotan, Esne Beltza dala esango neuke, besterik ez.


4.- Uda honetan, herririk herri zabize eta aurrerantzean
be kontzertu asko eskainiko dozuez. Zelakoa da jentearen erantzuna? Jantzan egiten dabe zuen musikeagaz?

Oso harrituta gagoz, kontzertu guztietan jente piloa egoten da, gugaz kantetan... Oso pozik gagoz harrereagaz, joten dogun bakotxean plazea bete-beterik egoten da eta eskertuta gagoz jentearen erantzunagaz.

Jantzearen kontua beste gauza bat da... Euskal Herriko publikoagaz, nabaria da, lekuaren eta orduaren arabera jantza gehiago ala gitxiago egiten da. Zenbat eta beranduago izan, orduan eta jantza gehiago egiten da eta lekuan argi asko badago, jantza gitxiago, jentea lotsatu egiten da, antza. Halanda be, guk, ezsenatokitik, segiduan jakiten dogu jentea gustora dagoan ala ez eta jenteak jantzan egitea ala ez ez deusku lar ardura, gustora dagozan bitartean.


5.- Atzerrian be izan zaree eta, aurrerantzean be, kanpora joateko esperantzea daukazue. Nora? Badaukazue kontzerturik edo birarik erabagita? Zelakoa da publikoa atzerrian?

Bai, eguen honetan, kasurako, Londresera goaz, kontzertu bi eskainiko doguz han. Urrian, barriz, Japoniara goaz, hamabi egunetarako. Gero, handik etorritakoan, Alemaniara goaz eta oraindino zehaztu bako bidaia batzuk egon badagoz. Euskal Herrian asko jo dogu eta joten gabiz eta gure amesa da aurrerantzean kanpotik ibiltea, kanpora begira jotea.

Atzerritar publikoari jagokonean, jenteak asko irakurten dau guri buruzko informazinoa Interneten eta atzerritar jarraitzaile asko daukaguz, jakinmina daukienak, Esne Beltza bezala eta, beste alde batetik, euskaldunak garalako eta trikitixa musika-tresna moduan ezagutu gura dabenak.


6.- Aurtengo Kilometroak jaialdirako kantea zeuek egin dozue, 'Hona bostekoa' izenekoa. Zer dino kanteak eta ze berezitasun nabarmendu zeinke?

Gu, taldekideok, beti egon gara ikastolen aldeko jaietan eta ikuspuntu horretan pentsauta egin genduan kantea. Gaztetan, holako jai batera zoazenean, ahaztu egiten jatzuz zirkuitua, ikastolea... Kanta honegaz gura izan doguna da jenteak zirkuitoa egitea, pozik eta umoretsu, oinez ibiltea, mobidutea.


7.- Behin zuen musika-estiloa zein dan jakinda, zer esan zeinke letrei buruz?

Batzuk oso alaiak dira, beste batzuk oso intimistak, arlo sozialean gure barruan dagozanak atara egin doguz, talde bakotxak disko bat ataraten dauenean bakotxaren barruko horreek ataratea eta erakustea.

Disko honen letretan, igarten da non bizi garen eta hori aldarrikatu dogu. Maitasunak be tartetxua dauka, maitasunaren alde biak ikusten dira, maitasuna eta maitasun eza.

Letrak asko zabal egin da dagoz, bizi dozun momentuaren arabera ulertzeko modukoak dira.


8.- Hainbat kolaboratzaile izaten dozuez zuen lanetan.
Zer eskaintzen deutse eurek Esne Beltzari? Bat edo bat nabarmendu zeinke?

Musika-estilo desbardin ugari lantzen doguzan legez, estilo bakotxeko kolaboratzaileek euren ikutua emoten deutsie kantei. Bestalde, hemen bai, baina kanpoan be zabaldu gura dogu gure lana eta, bide horretan, kolaboratzaileek asko laguntzen deuskue. Guk argi daukagu disko bat egiteko garaian, gure diskurtsoa euskeraz izan arren, diskurtso desbardin ugari sartuko doguzala. Kasurako, disko honetan kanta bi dagoz japonieraz eta, Japoniara joango garanean, jenteak kanta horreek ulertuko ditu. Hori asko da guretzat.


9.- Abenduaren 3an kontzertu berezia eskainiko dozue Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, kolaboratzailez inguratuta. Preparau dozue zeozer egun horretarako eta aurreratu zeinke zeozer publikoa erakarteko?

Durangoko kontzertu hori baino lehenago, abuztuaren 23an, Bilboko Kaskagorri txosnan kontzertu berezia eskainiko dogu kolaboratzaile batzukaz. Durangoko kontzertua iraila bueltan hasiko gara preparetan, uda-sasoi honetan kontzertu ugari daukaguzalako eta ez dogu astirik atara ezer preparetako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu