Pete Cenarrusa: 'bakea lortzeko, mahai baten inguruan jesarri eta berba egin beste biderik ez dago'

Dabi Piedra 2010-08-03 14:17   Barriketan
Bizkaitar Argia

Pete Cenarrusari Bizkaitar Argia izentapena emon deutso Bizkaiko Foru Aldundiak aurten, Ameriketan Euskal Herriaren alde egindako lan handiagaitik. Pete Cenarrusak (Carey, Idaho, 1917) bizkaitar jatorria dauka, gurasoak Munitibar eta Gernikakoak ziran, eta Euskal Herriko egoerea hurretik jarraitzen dau. Ameriketan euskal kulturea babestu eta sustatzen be ibili izan da. Politikan, barriz, Idahoko Estadu Idazkari izan zan 1967tik 2003ra, errepublikanoen aldetik. Idahon, baina, alderdi guztietako ordezkarien errespetua dauka. Bizkaitar Argia izentapena Boisen, Idahoko uriburuan, emon deutso Jose Luis Bilbao Bizkaiko Aldun Nagusiak, ekitaldi hunkigarri baten. Bizkaie!-gaz ekitaldiaren ostean batu da Cenarrusa eta luze eta zabal jardun da hainbat gairen ganean, etxean ikasitako euskera ederrean.


1.- Hasteko eta behin, zorionak izentapenagaitik
.

Eskerrik asko, asko estimetan dot hau guztia.


2.- Berton, Idahon, jaioa zara, zelan gogoratzen dozu zeure bizimodua umetan?

Ondo bizi ginan Idahon, aita eta amagaz eta etxean euskeraz egiten genduan, etxean jaso neban nik euskerea. Urte batzuk pasauta, aitagaz ingelesez egiten hasi nintzan baina amagaz beti euskeraz, ha zan naturala geuretzat, halan etorten zan eta beti euskeraz.


3.- Gero, gerran be ibili zinan, Estadu Batuetako armadeagaz, gaztetan
.

Bai, lau urte egin nituan Marineetan, ni abioiakaz-eta ibilten nintzan eta gero, lau urte pasauta, marineak itxi eta abioien ganean asko nekianez, irakasten hasi nintzan, abioien gauzak-eta. Gero, beste gauza batzuk be irakasten hasi nintzan, aitak lanerako lekua topau eustan eta kondadu osoan ibilten nintzan maisu. Egun baten, lagun batzuk etorri ziran eta esan eusten, 'nahi dogu zu politikan sartzea', eta baietz nik. Idahon 44 kondadu dagoz eta bakotxak ordezkari bi daukaz Idahoko parlamentuan. 1963an, parlamentuko buru izentau ninduen, botazinoa irabazita eta sei urtez egon nintzan kargu horretan, beti aukeratzen ninduen ni.


4.- Idahoko Estadu Idazkari be izan zinan ia 36 urtez, 1967tik 2003ra...

Gobernadoreak deitu eustan telefonoz, orduko Estadu Idazkariari bihotzekoak emon eutsala eta hil egin zala eta neu izateko haren ordezkoa. Nik esan neutsan familiagaz berba egingo nebala eta hurrengo egunean emon neutsan baiezkoa. Maiatzaren 1ean, 67an, kargua zin egin neban. Ia 36 urte egon nintzan karguan, 36 urte eta hiru hile gitxiago. Lau urtean behin kargua barriztetan neban.


5.- Zergaitik uste dozu beti irabazten zenduala hauteskundeetan?

Euskalduna nintzalako, Idahon euskaldun piloa dago eta ganera, euskaldunek esaten badabe berba bat, holan izango da, berbako jentea gara eta jenteari gustau jakon ni euskalduna izatea. Nik danak tratau dodaz ondo, demokratak eta errepublikanoak eta danek botua emoten eben neure alde.


6.- Urte askoan izan zara politikaria, zer emon deutsu jardun horrek?

Idahoko negozio guztiak ezagutu dodaz, jakiteko terrenoak-eta zelan gobernau eta negozietan be ikasi neban. Gero, lagun asko be egin dodaz. Euskaldunok horixe egiten dogu, jente ona gara eta ondo tratetan doguz besteak eta Idahon pozik dagoz geugaz.


7.- Politikaria alde batetik eta euskal nortasunaren defendatzale bestetik, zelan bizi dozu euskalduntasuna Idahon?

Euskeraz berba egiten jakin behar da, askok ez dakie, nik ingelesa orduko ikasi neban euskeraz, umetan. Hori gauza ona da, leku askotan euskeraz egiteko, lagunakaz. Euskaldunak onak dira Ameriketan, gehienak behinik behin.


8.- Orain ikastolea dago Boisen, euskal jantzak eta kantak be lantzen dira Ameriketan, zelan ikusten dozu hori?

Ez dot nahi euskerea galtzerik, ez da galdu behar, egin behar da ahalegina euskeraz ikasteko, eta umeek ikasi dagiela, horixe egin behar dogu hemen. Horretarako hasi dogu Cenarrusa Fundazinoa, behar horretan laguntzeko. Lekurik onena euskeraz ikasteko hemen Boisen dago, onena Euskal Herritik kanpo. Boisen, Renon baino hobeto ikas daiteke euskeraz. Renon liburuak eta holakoak daukiez, ikerketa lana egiten dabe, baina Boisen euskerea ikasi daiteke, ikastolea be badago.


9.- Euskal politikea segiduten dozu zuk; gatazkea konponduko dala uste dozu?

Holako baten konponduko da, konpondu behar da. Espainolek jakin behar dabe, gauzak aldatu leikezala, euskaldunek ez dabela zertan beti espainol izan. Euskalduna, euskalduna da eta behar dau bere gobernua. Francoren sasoiak gogorrak izan zirala gogoratu behar dogu, Hitler eta Mussoliniren laguna zan Franco eta hareek faxistak ziran, hori ezin da ahaztu, Gernika apurtu eben, nire amaren herria. Eta nik pentsau neban, 'lagundu egin behar deutset Euskal Herriko euskaldunei' eta uda baten Euskadi eta Espainiako historia ikasten ibili nintzan. Gerrea nork hasi eban-eta ikasi neban, Franco gaiztoa izan zala. Hantxe hasi zan gaurko problemea, ze Francoren hilketakaz eta euskaldunak gogor hartu zituanez, ba ETA modukoak sortu ziran orduan. Eta holan imini dira gauzak, batak txarto egin eta besteak be txarto. Holan ezin da bakerik egin.


10.- Zu zeu be ibili zara euskal auzia konpontzeko ahaleginean...

Guk hemen, Boiseko Kapitolioan, lege bat idatzi genduan eta onartu, Estadu Batuetako Kongresuari eroateko. Mahai baten inguruan jesarri, danak, eta berba egin behar dala, horixe eskatzen genduan. Lortu behar da berba egitea, bakea lortzeko eta gero, euskaldunei autodeterminazinoa emotea. Horixe ez jaken gustau espainolei, Washingtongo enbaxadorea mundu osoan ibili zan euskaldunen kontra txarto esaka. Baina nik uste dot, proposamena aurkeztu genduanean, munduko jente asko euskaldunen alde jarri zala. Espainolek ez dabe ezer emon nahi, eta euskaldunek dana ondo egiten dabe, kalterik egin barik inori. ETA daukie txarra, ETA barik, dana ondo euskaldunek. Parte biek egin behar dabe ahalegina, bakean izan, euskaldun eta espainolak. Boiseko alkatea be [David Bieter, euskalduna], han egon zan legea onartu genduanean. Alkarrizketea, bakea eta autodeterminazinoa behar dira.


11.- Bizkaitar Argia izentau zaitu Bizkaiko Foru Aldundiak, zelan hartu dozu saria?

Gauza ederra izan da, honek asko esan nahi dau, nik asko estimetan dot hau. Beste sari bat be hartu neban orain dala urte batzuk, Sabino Arana Fundazinoarena, 'Basque of the World' nintzala esan eben eta egia da, ni beti egongo naiz euskaldunen alde.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu