Euskerearen eta Europa iparraldeko samierearen arteko loturea ikertu dabe
2010-08-03 12:34 Euskerea berbagaiLinda Wiechetek ikerlari alemana Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gipuzkoako campusean dago EHUko Informatika Fakultadeko IXA ikerketa-taldeagaz lan egiteko. Lankidetzearen helburu nagusia euskerea eta Norvegiako, Finlandiako, Suediako eta Errusiako iparraldean berba egiten dan samierearen aditzei buruzko informazinoa lantzen daben programak sortzea da.
Linda Wiechetek ikerlari alemana Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gipuzkoako campusean dago EHUko Informatika Fakultadeko IXA ikerketa-taldeagaz lan egiteko. Lankidetzearen helburu nagusia euskerea eta Norvegiako, Finlandiako, Suediako eta Errusiako iparraldean berba egiten dan samierearen aditzei buruzko informazinoa lantzen daben programak sortzea da, bi hizkuntzetako itzulpen automatikoa eta azterketa sintaktikoa laguntzeko.
'Euskerea eta samierea hizkuntza gitxituak eta ez-indoeuroparrak dira, eta antzeko arazo sintaktikoak ditue. Euskerarako preparautako hizkuntza-programen zati batzuk samierearen hizkuntza-arazoak konpontzeko erabil daitekez', azaldu dau Linda Wiechetek ikerlariak.
IXA taldeak euskerarako preparetan dituan programa informatikoak ezagutzeko aukerea izan ostean, ikerlari alemanak honakoa dino: 'inspirazinoa emongo deuste samiereari buruz egiten nagoan lanagaz jarraitzeko'.
IXA taldeak eta Linda Wiechetek ikerlariak aditzen funtzionamentua aztertu dabe azken hilebeteotan, eta ordenagailuari anbiguotasunak ebazten laguntzen deutson gramatika laburra preparau dabe (berbek esanahi bat edo funtzino bat baino gehiago dabenean, gramatika horrek aukera zuzena aukeratzen 'laguntzen' deutso ordenagailuari).
'Sortu dogun gramatikeak anbiguotasunak ebazten ditu; berbarako, 'katuak' hitza absolutiboan (Nor kasua: katuak ederrak dira) edo ergatiboan (Nork kasua: katuak jan du) dagoanean sortzen daneko anbiguotasuna ebazten dau. Horrelako kasuetan, ordenagailuak lanak izaten ditu zer kasutan dagoan bereizteko. Gure gramatikeak arazo hori, esparru askotan, konpontzen dau', azaldu dau.
Ikerlari alemanaren ustez, hizkuntza-injinerutzea ezinbestekoa da 'hizkuntza gitxituek bizirik iraun dagien', eta garrantzitsua da nazinoarteko ikerketa-taldeek alkarregaz lan egitea. 'Egin dogun lanari buruzko zenbait artikulu argitaratuko ditut EHUko Informatika Fakultadeko IXA taldeagaz batera, eta alkarregaz izango gara hizkuntza gitxituen ganeko biltzarretan, Saltmil (http://ixa2.si.ehu.es/saltmil/) eta antzeko tailerrak aurkezten', ganeratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!