Ameriketako euskal kultureari arnasea emon deutso Boiseko Jaialdiak
2010-08-03 12:07 Euskaldunak munduanBost urtean behin ospatzen da Jaialdia Boisen, garagarrilarren amaiera aldera eta Euskal Herritik kanpora ez dago horrenbeste jente erakarten dauen beste euskal jairik, 50.000 bisitari inguru antolatzaileen kalkulu baikorrenen arabera.
Bost urtean behin, euskal kulturearen erdigunea Euskal Herritik Ameriketako Mendebalde Urrunera aldatzen da, Boiseko Euskal Jaialdiari esker eta, aurten be, milaka lagun hurreratu dira Idahoko uriburura, bost kontinenteetatik hurreratu be. Bost urtean behin ospatzen da Jaialdia Boisen, garagarrilarren amaiera aldera eta Euskal Herritik kanpora ez dago horrenbeste jente erakarten dauen beste euskal jairik, 50.000 bisitari inguru antolatzaileen kalkulu baikorrenen arabera.
Egunotan, Boiseko Basque Block dalako gunean, alkarregaz ibili dira Bizkaitik Idahora joandako artzainen oinordekoak, Kaliforniako pilotariak, Nevadako jantzariak, Tokioko Euskal Etxeko kideak zein Euskal Herritik oporretan joandako familia osoak, amerikar senide urrun zein hurreko bat bisitetako atxakian asko. Agintariak be ikusi doguz Boisen, bai bertakoak (esaterako, uriko alkatea, David Bieter, euskal berbalduna da, bizkaitar jatorrikoa) eta baita Atlantikoa zeharkatu dabenak be, tartean Patxi Lopez Lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Diputadu Nagusia eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibersidadeko erretorea.
Boiseko Euskal Jaia 1987an antolatu eben lehenengoz eta 1990etik, bost urtean behingo hitzordua da euskal diasporearentzat. Aurten, modu ofizialean, garagarrilaren 31n eta abuztuaren 1ean izan da Jaialdia, baina egia esan, ekitaldiek aste osoa iraun dabe. Batez be, Boiseko erdiguneko Basque Block inguruan batu da euskal jentea, Gernika eta Leku Ona jatetxeak eta Euskal Museoa dagozan gunean. Uriaren kanpoaldeko Fairgrounds zelaietan be, herri kirol erakustaldiak, jantzak eta txosnak egon dira.
Boiseko Oinkari jantza taldea eta Biotzetik abesbatza izan dira aurtengo izarrak eta aizkolarien erakustaldia AC/DCren musikeagaz lagunduta ikustea, Ameriketan baino gertatzen ez diran gauzen artean sailkatu beharko dogu. Festara izeneko ekitaldian, Iratxe Ibarra eta Xabi Payaren bertso erakustaldiak txalo zaparrada galanta lortu eban, publiko ingelesdun elebakarra be bertsoen mundura hurreratzen jakin ebelako seinale.
Idaho da Ameriketako euskalduntasunaren harribitxia, Estadu Batuetako azkanengo erroldan, Idahon, 6.000 pertsonak autortu eben etniaz euskaldunak dirala. Euskal Herritik kanpoko Euskal Museo bakarra eta ikastolea dagoz Boisen eta hango unibertsidade publikoan, euskal ikasketen programea dago eta baita euskeraz ikasteko aukerea be. Kalifornian, euskaldunak 20.000tik gora ziran azkanengo erroldan, baina Idahon komunidadea batuago dago, biztanle gitxiago egokeran. Idahoko euskaldunak amerikar petoak dira eguneroko bizimoduan, baina euskal tradizinoak beste inon baino hobeto gorde ditue eta ehunka lagun dabilz, ume, gazte eta zahar, jantza taldeetan eta abesbatzetan. Euskal jatorririk bako amerikarrak be batzen jakez sarri, Boisen euskal kulturea uriaren ondare nagusietakoa da eta. Idahon edozeinek daki nor diran euskaldunak eta estimu handitan daukiez.
Idahoko euskaldun gehienek Bizkaian daukie jatorria, batik bat Lea Artibai eta Busturialdean. XXI. mendean sartuta gagoz eta euskerea zabal-zabal dabil Idahon, baita bigarren zein hirugarren belaunaldiko kide askoren artean be. Lidia Aboitizek Lekeitio eta Ipazterreko arbasoak daukaz baina Idahon jaio zan orain 90 urte. Seme-alabei ez eze, lobei be euskeraz erakutsi deutse eta Amuma ezizenagaz ezagutzen dabe guztiek. Lucy Garatea Boiseko lekeitiarrak, barriz, aurten 105 urte bete ditu eta Ameriketan jaiotako Rosalina alabeak be geure hizkuntzea darabil. Lobek barriz, ingelesa baino ez eben ikasi, baina orain, berreskuratu egin dabe euskerea, Euskal Herrian barnetegietan ibilita.
Ameriketako euskal diasporearentzat, galdu ezineko hitzordua da Boiseko Jaialdia, lagun zaharrak topau eta norberaren euskalduntasunaren suari hauspoa emoteko. Basque Block-ean, Luis Etxaniz topau dogu, Wyoming-en bizi dan durangarra. 1969an, Estadu Batuetara artzain joan zan, ardien ganean ia ezer jakin barik eta injinerutzan sartu zan gero. Gaur egun, ez dau Jaialdira hutsik egiten. Neguan Wyoming-etik Texasera joaten da, 'badakizu, Wyomingen hotza eta haizea baino ez dago neguan eta Texasen golf-ean eta arrantzan ibilten naz ederto asko', aitatu deusku Etxanizek.
Baina Boiseko uriak berak be, eskertzen dau, jakina, holako ekitaldi bat. Bero itogarria dago eta inguruetako eski estazinoetako edurra urtuta, Boise uri huts bihurtzen da udan. Jaialdiak, baina, erdiguneko kaleak bizibarritu ditu eta tabernak bete, garagarrilaren amaieran. Gero, atzera beroa eta isiltasuna.
Boiseko Euskal Jaiak urte luzez iraungo dauela emoten dau, aurtengo arrakastea ikusita. Aulestian jaio eta 60ko hamarkadatik Ameriketan bizi dan Enrique Goitiandiak, behintzat, argi dauka: 'Beti etorten naz ni Jaialdira eta aurtengoa lako jentetzarik ez dot sekula ikusi, hau itzela da'. Euskal Museoko behargina dan Goizalde gernikarra, lau urte zituanetik bizi da Boisen eta ederto laburbildu dau, Idahon euskal kulturea eta hizkuntzeari eusteko lanean, Jaialdiak daukan garrantzia: 'Bertoko euskaldunontzat, Jaialdia zerua lakoa da', esan deusku Goizaldek, zalantza egin barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!