Monumentua bioaniztasunari

Zigor Aldama 2010-07-28 16:02   Bidaide

Ulez betetako kubo bat besterik ez da baina Shanghaiko Expo Unibersaleko Erresuma Batuko pabilioia ikusgarrienetakoa eta deigarrienetakoa da. Hazien Katedrala bertan dago.

Ulez betetako kubo bat besterik ez da baina Shanghaiko Expo Unibersaleko Erresuma Batuko pabilioia ikusgarrienetakoa eta deigarrienetakoa da. Erraz uler daiteke zergaitik: bost hektarea inguru dira eta hor zehar ehun eraikin baino gehiago dagoz, danak be gai beraren bueltan aldaera txikiakaz; esangura horretan, monotonia aspergarria kasu ikusgarri jakin batzuetan baino ez da apurtzen, berbarako Espainiako pabilioian.

Dana dala, britainiarren eremua alde estetikotik harago doa eta bete-betean sartzen da edukien arloan, gehienek ‘Better City, Better Life’ Expoko lemea baztertu eta lotsa handirik barik herrialdearen sustapen turistikoa egiten daben arren. Begibistan dago aurtengo txinatar hitzordu honek gehiago erreparetan deutsola alde ekonomikoari alde urbanistikoari baino. Edozelan be, badagoz salbuespenak. Horreetako bat, duda barik, Hazien Katedrala da. Txinan aisialdiaren sektorean aldizkari entzutetsuena dan City Weekend izenekoak Expo maitatzeko arrazoien artean, lehenengo postuan kokatu dau. Nire eretxiz, balorazino zuzena da. Espazio txikia izan arren, kanpoaldea sano deigarria da, originaltasun handikoa. Erretxinazko 60.000 ule inguru dira, kubo osoa estaltzen dabenak eta eguraldiaren arabera, eguzkiaren indarraren zein lainoen eta argiaren indar eta bizitasunaren arabera, kolorez aldatzen dira. Hori bai, edonondik begiratuta be, Union Jack irudikatzen da fatxada nagusian. Bitxikeria legez, aitatu ule edo filamentu horreek argi iturri dira egunez pabilioiaren barrualdea argiztatzeko eta, holan, publikoarentzako zabalik dagoan areto bakarra da misterio kutsu handia dauena.

Sartzeko zain ilaran emon behar dozuzan hiru bat orduak zeozelan nahikoa azkar pasetan jatzuz kanpoaldetik ikusgai dozun ikuskizunari esker. Sarreran bedar artifizialeko parke txikia dago eta kanpotik barrura arteko bidea atsegina da. Barruan zagozanean, aho zabalik geratzeaz gan, lehenengo interesguneagaz topo egiten dozu: herrialdeko urien mapa erraldoia. Bitxikeria da aitatu urietako berdeguneak baino ez dirala agiri mapan. Holan, sano deigarria da asfaltoaren oihana lakoa dan Shanghai uriaren adibidea. Alderantziz, erakusten diran ganerako uriak (Belfast, Cardiff, Edimburgo y Londres) industria ibilbide luze eta emonkorrekoak izan arren, orban berde ugarigaz ikusten dira, eraikinak adierazoteko puntu zuri askogaz batera. Horixe da, izan be, urigintza jasangarriaren lehenengo araua: berdeguneak eta aire garbia.

Ule itxurako bola erraldoiaren alboetako batean dagoz kokatuta mapok eta modu errazean pabilioiko punturik interesgarrienera zuzen eroaten gaitue: Hazien Katedralera, hain zuzen be. Hor argi ikusten da ule edo filamentu bakotxaren barrualdean hazi bat dagoala, danak desbardinak. Barrualdea ikusgarria da eta zeozelan planetearen bioaniztasunaren aldeko aldarria islatu nahi dau. Datu legez baino ez bada be, Kunming-en dagoan eta Erresuma Batuko Millenium Seed Bank programan parte hartzen dauen Txinako Institutu Botanikotik ekarritako 60.000 hazi inguru dagoz.

Hori da dana, baina ez da gitxi. Areto ikusgarria eta gure landarediaren zati handia plastiko barruan gordeta. Beste pabilioi batzuetako efektu bereziak eta 4D proiekzinoak ez dozuez hemen topauko. Halan da be, publikoaren kritikei erreparauta, adituenakaz konparauta oso bestelakoak dira, gehienak onak. Beste behin, Expo Unibersala ikuskizun hutsa dala argi geratu da eta ez, ostera, gure planetea etorkizun hobe eta jasangarriagorantz eroateko topagunea. Erresuma Batuko pabilioian, barriz, horixe da asmoa, mundu hobea lortu geinkela erakutsi eta ikusleak sentsibilizetea.

Benetan, arlo interesgarriak jorratu ditue ‘Living City’ izeneko atalean; hor bihar-etzi laborategietan sortutako landarak ikus daitekez, medikuntzarako zein aldaketa klimatikoaren kontrako burrukan erabiliko diranak. Bisitari gehienek ez dabe atal horretan geldialdirik egiten, segurutik ez dakitelako plastikoz egindako landara arraro horreek zer diran be. Mezua jente gitxik ulertzen dau baina interesgarria otu jat zuoi helarazotea. Eta zer hobarik bisiteagaz amaitzeko eguzkitan pabilioiaren parkean etzun eta deskantsua hartzea baino, parkea sintetikoa izan arren...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

andrade 2010-07-28 19:10 Erantzuna | #1

Eutsiozu kalidadeari, Zigor!

Izaskun 2010-08-01 12:10 Erantzuna | #2

Kaixo Txinatik.
Gu be bertan izan gara eta benetan ikusgarria da Erresuma Batuko pabilioia.
Bilbokoaz esan neike, ipinten daben 9 minutuko bideoa zuzen adierazten dauala Bizkaia eta Bilboko garapena. Eta gainera bideoaren musika ameriketako produkzino handien antza handia dauko.
Abuztuan Fitok emongo ei dau kontzertua hemen Shangain eta Bilbon be ikusi ahal izango da, Arenalean ipiniko dabelako pantaila erraldoiren bat.
Irailaren azkenetara, barriz, euskal astea izango dabe Espainiako pabilioian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu