Txile, India eta Errusiako jantzak Bilbon Portugaleteko eta Euskal Herriko XXXVI. Folklore Jaialdiaren barruan
2010-07-28 10:55 KultureaPortugaleteko Elai Alai Kultur Alkarteak antolatzen dauen Nazinoarteko XXXVI. Folklore Jaialdia Bilbora itzuliko da hainbat urteren ondoren, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailagaz alkarlanerako akordioa lortu ondoren.
Portugaleteko Elai Alai Kultur Alkarteak antolatzen dauen Nazinoarteko XXXVI. Folklore Jaialdia Bilbora itzuliko da hainbat urteren ondoren, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailagaz alkarlanerako akordioa lortu ondoren. Abandoibarrako Pasealekuan, Txiletik, Indiatik eta Buriatia eta Dagestan errepublika errusiarretatik etorritako lau taldek jantza tradizionalen ikuskizuna eskainiko dabe garagarrilaren 29an. Emonaldia 19:00etan hasiko da, Guggenheim Museoaren inguruan.
Portugaleteko eta Euskal Herriko Nazinoarteko XXXVI. Folklore Jaialdiaren programearen barruan dagoan ikuskizunean, honako talde honeek hartuko dabe parte: 'Antumapu' (Txile), 'Baikalskie Volni' (Buriatia), 'Lezginka' (Dagestan) eta 'Panghat' (India). Talde bakotxak, bere lurraldeko jantza folkloriko tradizionalen 15 minutu inguruko erakustaldia eskainiko dau, eta ikusleak konbidauko ditu, jantzan eginez parte hartzera.
Errusia siberiarraren hegoaldean dagoan Buriatiako uriburutik, Ulan-Udetik, datorren 'Baikalskie Volni' taldeak Baikal aintzireari zor deutso izena. 1961ean eratutako taldea Errusia osoko talderik ezagunenetakoa da. Egun, 40 kidek osotzen dabe, koreografo, jantzari eta musikarien artean. Taldearen errepertorioan Buriatiako jantza folklorikoko zenbait konposizino dagoz, taldeko Arte Zuzendariak, Lyudmila Ovchinnikovak, koreografiatuak.
'Antumapu' ballet folklorikoa, folkloreko elementuetan oinarrituz artelan bat sortzen eta proiektetan dauen unibersidade mailako arte taldea da. Hizkuntza maputxean 'Eguzkiaren lurra' esan nahi dauen 'Antumapu', 1971n sortu zan Txileko Unibersidadeko Nekazaritza eta Basogintza Zientzien Fakultadean. Taldearen arte sorkuntzeari esker, Txileko folklore balio esanguratsuenak berreskuratzen dituen 14 artelan eszenaratzeko aukerea emon dau. Taldearen ezaugarri nagusia, euren herrialdearen kultur nortasunagaz konpromisoa dauen gazteria osasuntsua da.
'Lezginka' izenak Kaukasoaren sinboloetako bat dan jantza tenperamentala eta hunkigarria adierazoten dau. Lezginka jantzan egitea, oinetako behatzen gainean, eta burua tente, harrotasunez, Kaukasoko jentearen espiritua adierazoteko, ohore handia da jantzariarentzat.
Azken buruan, 'Panghat' taldearen helburu nagusiak Indiako kultura herrikoia sustatzea –jantzak eta musikea batez be–, kontzientzia sortzea eta jentea, 1995etik egiten dituan jarduera horreek egiteko preparetea dira. 'Panghat' taldea hogeita bost jantza folkloriko baino gehiagotan dago espezializauta, eta jantza horreek menperatzeko jantza maisuakaz ibili izan dira, maisu bakotxaren jatorrizko lekuetan. Jantzaz gan, jantziak be zaintzen ditue, eta jantzi tradizional bakotxa kontu handiz diseinetan dau taldeak berak. Horregaz guztiagaz, munduko herrialde askotan ikusi ahal izan dan kolorez betetako ikuskizuna lortzen da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!